Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Mendebaldeko Saharako Herriarekin senidetutako Hirien Konferentzia tokiko instituzioetatik elkartasuna indartzeko ebazpen batekin ixten da

Data: 2021(e)ko Abenduak 09

Mendebaldeko Saharako Herriak 46 urte daramatza baldintza onartezinetan bizitzen Tindufeko eta Aljeriako errefuxiatuen kanpamenduetan eta Marokok Mendebaldeko Saharan okupatutako lurraldeetan. Horrela hasten da abenduaren 2an Gasteizen egindako Hiri Senidetuen Konferentzian Mendebaldeko Saharako eta Euskadiko tokiko agintarien arteko harremanak berritzeko egindako ebazpena. Gaur egun, 115 euskal instituzio publiko baino gehiago daude Sahararekin senidetuta, eta kopurua handiagoa da lankidetza-proiektuen bidez Mendebaldeko Saharako Herriari laguntzen diotenak kontuan hartuta.

Arabako Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegik, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Lankidetzako ministro Fatma El Medhik eta Euskal Fondoko presidente Ernesto Sainz Lancharesek inauguratu zuten bilera. Ondoren, Espainiarako Fronte Polisarioko ordezkari Abdulah Arabik eta Mendebaldeko Saharako Euskadiko ordezkari M. Limam Mohamedek Mendebaldeko Saharako gatazkaren egungo egoeraz hitz egin zuten.

Nazioarteko zuzenbideari eta Mendebaldeko Saharako giza eskubideen urraketari buruzko hitzaldi batekin parte hartu zuen Hegoak, Irantzu Mendia Azkue zuzendariaren eskutik. Mendiak azaldu zuenez, "Mendebaldeko Saharako Herriaren aurkako krimenak Marokoko Gobernuak inpunitate osoz egiten dituen eskala handiko praktika sistematikoak eta planifikatuak dira".

Hitzaldi horren ondoren, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Lankidetzako ministro Fatma El Medhik errefuxiatuen kanpamenduen egoera, giza laguntzaren defizita eta Mendebaldeko Saharako dairen eta wilayen beharrak aztertu zituen. Ebazpena irakurri ondoren, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek bilera itxi zuen.

Konferentziaren ebazpenaren helburuak

Mendebaldeko Saharako Herriarekin Senidetutako Hirien Konferentziaren helburu nagusietako bat da Mendebaldeko Saharako Estatua tokiko esparrutik garatzen eta finkatzen laguntzeko konpromisoa, errefuxiatuen kanpamenduetan eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren lurralde askatuetan dituen egiturak hobetuz.

Ildo horretan, ebazpenak dei egiten du lankidetza humanitarioa, garapen-proiektuak, zerbitzu publikoak, enpleguaren sorrera, Mendebaldeko Saharako instituzioen funtzionamendua, eta emakumeen eta gazteen protagonismoa indartzeko.

Lotutako albisteak