Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Cauca Iparraldeko emakumeen ahalduntzerako eta autonomia ekonomikorako prestakuntza eta esperientzien trukea Euskadin

Data: 2022(e)ko Azaroak 08

Santander de Quilichaon diplomatura bat egin ondoren, Caucako (Kolonbia) hamar emakume bi astez egon dira Euskadin, prestakuntza teknikoarekin jarraitzeko eta esperientziak trukatzeko euskal emakume ekoizleen erakundeekin eta kooperatibekin. Erakunde indigenetakoak, nekazariak, afrokolonbiarrak eta FARC-EPko borrokalari ohien kooperatibetakoak dira. Ekimen sozioproduktibo solidarioak eta feministak dituzte eskuartean eta elikadura-subiranotasunaren alde egiten dute.

Kolonbiako prestakuntza Caucako Unibertsitateko eta tokiko erakunde bazkideetako irakasleekin, Corporacion Ensayos para la Promoción de la Cultura Política GKE feministarekin, eta Caliko Javeriana Unibertsitateko Kulturarteko Ikasketen Institutuarekin (IEI) eman zen.

Euskadin, Hegoa Institutuarekin (UPV/EHU) eta Lankirekin (Mondragon Unibertsitatea) eman zen prestakuntza. Hainbat elkarrizketa eta elkar ezagutze presentzial egin ziren ekoizpen proposamenetan aurrera egiteko: Bilbon, Sustraiak Catering eta Errotik elkarteekin; Azpeitian, Emakumeen Txokoa, Elikagune Denda, eta Urkome enpresarekin; Elorrioko eta Garaiko baserritarrekin, elikagaiak ekoitzi, eraldatu eta merkaturatzen dituztenekin; Errigoitin, Bizkaigane Elkartea abeltzaintza-kooperatibarekin; Zeberion, Maskilu Kontserberarekin; Artean, jatetxe, negutegi eta beste ekimen batzuekin, besteak beste Basoa proiektuarekin (giza eskubideak eta errefuxiatuei harrera); Areatzan, landa-ekoizleekin; eta Arrazolan, Amillena kooperatibarekin eta Etxaldeko Emakumeekin.

EHNErekin eta REASekin ere egin ziren topaketak, eta Gasteizen proiektua babesten duen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin, Kolonbian dituen ekimenak azaltzeko eta Caucako emakumeen erakundeen ekimenak ezagutzeko.

Proiektu horrek (PRO2021K2/007) Caucan jarraitzen du, emakumeei eta haien erakundeei laguntza teknikoa emanez, beren proposamen sozioproduktiboen bideragarritasuna indartu, haien arteko lankidetza sendotu, eta tokiko zein nazioarteko erakundeetan onartuko diren proiektuak aurkezteko. Lehen aipatutako Diplomaturan graduatutako 35 emakumeetatik beste talde bat Euskal Herrira etorriko da 2023an, ahalduntzeko gaitasunak eta autonomia ekonomikoa indartzen jarraitzeko.



Cauca 02

Sustraiak Cauca
Bilbo.

Visita mujeres Cauca - 2022
Maskilu Kontserbak, Zeberio, Bizkaia.



Elika Gunea, Azpeitia.


Artea. Arratia, Bizkaia.