es / eu

Bertha Otilia Oliva Guifarro (Honduras)

Heriotzatik bizirik atera naiz, bizitzari zerbitzatzeko1

Argazkia: Bertha Oliva

Honako batzorde eta erakundeen sortzaileetako bat da: Hondurasko Atxilotu Desagerrarazien Senitartekoen Batzordea COFADEH (1982), Adierazpen Librearen aldeko Batzordea C-LIBRE (2001); Herri Blokea (1994) eta Herri Erresistentziako Fronte Nazionala FNRP (2009); eta lanerako eta aliantzak egiteko honako espazio hauetako kidea ere bai:  Zigorgabetasunaren kontrako Koalizioa CCI, 2010. urteaz geroztik; Kontinuismoaren aurkako Konbergentzia, CCC, 2017az geroztik, eta Preso Politikoen Askapenaren aldeko Batzordea, 2018az geroztik. Gaur egun, COFADEHren Zuzendaritza Batzordearen Koordinatzaile Nagusia da.

Misio batekin iraun dut bizirik: nire seme Tomas Alberto erditzea, Tomas Nativiren borrokari jarraitzea –Adanen borroka izan zena eta Bertha Marcelarena dena–, eta Honduraserako egia, justizia eta memoria historikoa ahalbidetzea.

Nire sustraiak, landako olibak, nire doluak

Bertha Otilia Oliva Guifarro naiz, 1956ko martxoaren 7an jaio nintzen, Hondurasen, Olancho departamentuko, San Esteban udalerrian, Toro Muertoko herrixkan.  Txorien iskanbilaren erdian, etxeko animaliez inguratuta beti, eta nekazaritzak eta behin eta zaldien zaintzak lurreztatutako emakume eta gizonen arteko giroan. Zortzi ahizpa eta zortzi nebako familia ugari batean jaio nintzen; Jose Transito Oliva (hilda dago) eta Agripina Guifarro Paz dira gure gurasoak. Izaki paregabe horietatik bost emakume eta lau gizon bizi gara egun. Haurtzaro lasaia izan nuela esan dezaket, mendi eta larrez inguraturiko lautada hartan, jolas tradizionaletan jolasean, irudimenezko izakiei buruzko ipuinak kontatzen, ibaiko uretan murgiltzen, zaldi gainean eta behiak gidatzen. Lehen hezkuntza San Estebanen egin nuen; gero Juticalpara joan nintzen, departamentu burura, eta han kultura orokorreko ziklo komuneko bi urte egin nituen, gainerakoa Tegucigalpan amaitu nuen, Hondurasko Errepublikako hiriburuan. Haurtzaro eta nerabezaroan, gure gurasoengandik jaso genituen gure bizitza gidatu duten funtsezko giza balioak: hitzarekiko errespetua, egia esatea, ezberdintasunak onartzea, justizia babestea, gurea ez dena ez hartzea, eta formazioa gure bizitzen erdigunean jartzea. Besteekiko eta gure buruarekiko zintzotasuna, leialtasuna, eskuzabaltasuna, elkartasuna, errukia eta maitasuna agertu behar genituen, eskolaren eta familiaren balioak gure bizitzetan eragina zutela erakusteko.  Hori guztia baliatuta konbentzitu nituen gurasoak Tegucigalpan jarraitzeko eta Merkataritza eta Kontularitza Publikoa ikasteko aukera emateko; kontabilitate-peritua izan nahi nuen. Horrela, sakrifizio asko eginda, Tegucigalpako El Hogar kolonian etxe txiki bat erosi zuten gurasoek, eta nire ahizpa nagusiak, Yolandak administratzen zuen. Hala ere, hiriburura joateko erabaki hark gaur egunera arte nire existentzia ezaugarritu duten hainbat gertaera kateatu zituen: landa-eremutik hirira joateak dakarren aurrez aurreko talka, ezagutu nituen tristura, bakardadea, lana, maitasun klandestinoa, kontzientzia politiko eta soziala, maite nuen gizona galdu izanaren dolua. Etengabeko bilaketa.

Kontzientzia berritik ekintzara

Merkataritza-peritu izatea lortu nuenean (ikasketak Vicente Caceres Eskola Nagusian hasi nituen, eta Luis Andres Zuñiga eskolan amaitu), berehala beste amets bat sortu zitzaidan, kazetari izatea. Hortaz, ikasketari ekin nion Hondurasko Unibertsitate Nazional Autonomoan (UNAH), eta aldi berean, Landa Garapenerako Hondurasko Institutuan (IHDER) egiten nuen lan. Baina ezin izan nituen unibertsitateko ikasketak amaitu. 1974an Tomas Nativi ezagutu nuen. Hasieran auzokide abegikorra zen, zereginetan laguntzen zidan; gero politika nazionalaren eta geopolitika globalaren azterketa-metodoa partekatzen hasi zen, eta, azkenean, haren irakaspenek nire kontzientzia eztanda eragin zuten, eta aktibismo militantera bideratu ninduten. Tomas Hondurasko Alderdi Komunistako (PCH) militantea zen, baina inoiz ez zidan erakunde hartako kide izateko deitu. 1980an, PCH utzi eta beste erakunde politiko/militar bat sortu zuen beste batzuekin batera, Herriko Batasun Iraultzailea (URP). Hango gizon eta emakumeak bidean ezagutu nituen. Ni hasia nintzen Tomasen pentsamenduaren eta jokabidearen bilakaera ulertzen, baina ez nekien PCH gisako erakunde baten barne eztabaidaren ondorioak zenbaterainokoak izan zitezkeen, ez nintzelako inongo ezkerreko talde edo erakunde politikotako militante. Haustura gertatu zenean, Tomas estrategiaren irakasle bihurtu zen, eta ni bigarren hezkuntzako ikasle-mugimenduarekin eta UNAHn benetan konprometitzen hasi nintzen, inongo alderditan militatu gabe ordea. Hamarkada hura funtsezkoa izan zen nire bizitzan, gertaeren logika politikoa lotzen ikasi nuen, eta horri esker, kontzientzia handiagoa hartu nuen. Era berean, nire familian bertan klandestino sentitzen hasi nintzen; ez baitzetozen nire erabakiekin bat, jakina.

Ezkontza, tortura, haurdunaldia eta Tomasen desagertze behartua

1980ko abenduan, Tomasek bilera diskretu batera gonbidatu ninduen La Concordia parkean. Parkea, Choluteca ibaiaren ertzean dago, hiriaren ipar-ekialdean, eta han, herrialdeari, bizitzari eta guri buruz hitz egin genuen. Nire eskuak bereen artean heldu zituen gero, eta horrela hasi zen gure maitasun harreman sutsu eta klandestinoa. Elkarrekin eramango gintuen horrek Honduras Estatu Batuen okupazio militarretik eta tokiko elite politikoen “neo kolonizaziotik” askatzeko ametsa lortzera. Ez nuen pentsatu ere egingo halako gauza eder batek horren labur iraun zezakeenik. Urte hartako abenduaren 23an, nik kide batzuk iparretik hegora eta beste batzuk hegotik iparrera eramatea koordinatzen nuen bitartean, baieztapeneko lehenengo deia egin zidan goizen 10:00etan, adostua genuen bezala; baina deia azalpenik gabe eten egin zen, eta eguerdiko 12:00etan ez zen adostutako bigarren deirik izan. Inteligentzia militarrak atxilotu egin zuen. Tomasen arreba eta beste kide batzuekin ekin genion bilatzeari goizaldean, eta abenduaren 24 egun osoa. Baina ez nuen inoiz pentsatu Estatuak berak oposizioko herritar baten aurka eragindako gaiztakeriaren neurri ikaragarri hura ezagutuko nuenik; gizon hura, gizaki on, bidezko, bizitzarekin etikoki koherentea, bere herriarekiko leiala eta gizakiaren ikuskeran sakona baitzen.  Gertaera bortitz haiek guztiz urratu arte kolpatu ninduen errealitate baten aurrean jarri ninduten; hainbeste zauritu ninduten, ezen ez bainaiz oraindik osatu. Asko kostatu zitzaidan ulertzea zer nolako indarra zuten matxinada-abagune orokor hartan, Estatu Batuek Erdialdeko Amerikaren kontrako inbasio-estrategiaren barruan Hondurasko Indar Armatuek zuten paper “entregistari” buruz Tomasek egiten zituen kritikek. Abenduaren 25ean ez zen geratzen zalantza izpirik. Kristauen Gabonen erdian, Tomasen gorputza, konorterik gabe, amildegi batera bota zuten Olanchoranzko errepidearen bazterrean, 5. kilometroaren inguruan, Tegucigalpatik kanpo. Tomas torturatu zutenek hiltzat jo zuten, baina hura suspertu egin zen ordu batzuk geroago, eta ilunpean, arrastaka, errepideraino igo zen, eta laguntza eskatu zuen eskua jasota eta abailduta, baina inor ez zen geratzen. Azkenean, taxi-gidari batek ezagutu, eta lagundu egin zion. Tomasek emandako helbide bateraino eraman zuen. Ni egun hartako goizaldean bertan iritsi nintzen leku hartara Tomas zaintzeko, eta ikusi nuenean, Estatuak bizitzari dion mespretxuak sumindu egin ninduen. Tomas ez zegoen ezagutzerik: masail alboko hezurrak kolpeka handituak, gorputz osoa erreduraz betea, ezkerreko hiru saihets-hezur eta eskuineko bi hautsita, esku bat ere bai, gibela intoxikatuta… hitz egin ezinik. Une hartatik aurrera Tomas zaintzen eman nuen denbora, bere susperraldia jagoten, lehen sorospenei buruzko ezer jakin gabe. Premiak eraginda, injektatzen ikasi nuen, zauriak josten, eta zaurietan substantzia aseptikoak erabiltzen.

Nire konpromisoa azkar ari zen hazten, eta borrokalari harengatiko nire miresmena ere bai. Une hartan, URPk klandestinitatea onartzeko agindu zidan. Ezin nuen ezezagun bakar batekin ere harremanik izan. Nik onartu egin nuen, eta beste zeregin batzuk ere onartu nituen pizten ari zen prozesu iraultzaile haren mesedetan. Hala ere, geroago, prozesu hartako buruzagiak saldu egin zituzten, erakundean sartu ziren erregimen militarreko agente traidoreek. Estatu Batuetako militarrek eraldatutako piztiek suntsituriko Tomasen gorputzaren ondoan, beste modu batera maitatzen hasi nintzen, modu oso batean, ni espiritu menderaezin baten aurrean nengoelako, benetako gizon baten aurrean. Maitasun sakonak, miresmenak eta errespetuak beraren borroken partaide bihurtu ninduen, eta horrela hasi zen beste prozesu bat, neu ere ezarritako ordenarekiko, familiarekiko eta boterearen egitura kriminalekiko paraleloan kokatu ninduena.

Nire pentsamendu eta zirraren heltze-prozesu haren erdian, ezkontzea erabaki genuen. Ez zen helburu bat ez amets bat, formaltasun bat baizik. URPko kideek antolatu zuten ezkontza zibil klandestinoa herrialdearen hegoaldeko komunitate batean. Hara eraman ninduen Felix Martinez kideak, Hondurasko Unibertsitate Nazional Autonomoko Langileen Sindikatuaren presidenteak. Han zeuden Tomasen bederatzi lagun minak; nire lagun ere bihurtu zirenak. Denek pentsatu genuen ezkonberriek ohiko eztei-gaua izateko eskubidea izango genuela, eta pastela zatitzera gindoazenean, bi lagun etorri ziren korrika, segurtasun arrazoiak zirela eta, Tomas beste leku batera eraman behar genuela jakinaraztera. Gazte maitemindu honen poza zapuztu egin zen, ordurako nire senarra zenaren jazarpenaren ondorioz. Etxera itzuli nintzen, ezkutuko norako berri hartara onik iritsi zelako jakinarazpena jasotzeko irrikaz. Eta elkarrekin bizitzen jarri ginen, maitasuna eta zeregin politikoak nahasiz. Ezberdintasunei eusten eta haiek sakontzen tematzen zen egitura politikoaren gainetik, Honduras bidezkoa eraikitzeko konpromisoarekin; aurrean torturatzeko, iraintzeko eta gorrotatzeko eta irrati, telebista eta egunkarien bidez gu suntsitzeko gai zen izuaren makina militarra geneukala jakitun. Egun eta aste hartan maite genituen –denek maite ditugun– gauzei uko egin genien: aire zabalean ibiltzea, zinemara edo leku atseginetara afaltzera joatea, edo atseden lekuetara oporretan joatea. Diziplina zen lehenengoa, arriskua oso handia zen eta. Baina ez nau damutzen bide hori hartu izanak. Ordurako, lehen esan dudan bezala, IHDERekin egiten nuen lan, eta horri esker, Hondurasko nekazarien arazoekin harremana nuen, sargaien eta herri-elkartasunaren premia handia baitzuten. Aurrez aurre kolpatzen ninduen egoera zen; izan ere, lurraren zaintza ondare eta haren jabetza kapital bihurtu zituen familia zen nirea. Baina ulertzen nuen klase-borrokaren bidez lagundu egin behar nuela egokitu zitzaidan gizartea aldatzen.

1981eko ekainean haurdun geratu nintzen, eta orduan aurre egin behar izan nien nire familiaren balio tradizionalei, maitatzen eta errespetatzen bainuen. Baina, egoera hartan, nire erabakietatik bereizi behar nuen. Oraindik ez zuten nire bizimodu berriaren berri: ezkondua, iraultzailea, haurdun, herri-borrokarekin konprometitua. Baina, hala ere, jakin egin zuten, eta nik neuk berretsi nien. Familiaren etxea segurtasun-arrazoiengatik utzi nuen, eta klandestinitatera jo nuen, ez tematu nintzelako, baizik eta arriskuak gutxitzeko eta utopia berriak lortzeko. Baina ekainaren 11n nire gurasoen etxean geunden, El Hogar kolonian. Egun hartan egia esan genien, eta egun hartan, gerta zitekeen txarrena gertatu zen. Talde nagusiaren konfiantza lortua zuen emakume traidore batek UPRren zuzendaritza deitu zuen etxe hartan, gauez, bilera sekretu bat egiteko. Tomas eta Fidel Martinez etorri ziren. Eta han gertatu ziren gogoan ditudan unerik latzenak, mingarriak, eta nire bizitza betiko markatu zutenak.

Duela urte gutxi, gai horri buruzko elkarrizketa2 egin zidan La Tribuna egunkariak, eta horrela erantzun nituen egindako galderak:

“Ezkondu ondoren, nire bizitza betiko aldatu zen…

Tomas Nativirekin? Bai. Klandestinitatean ezkondu ginen. Guraso eta neba-arrebek ez zekiten ezer.

Hain arriskutsua al zen, bada, senar berria nor zen agertzea? Arriskuagatik izan zen, hain zuzen.

Zergatik erreparatu zenion berari, arriskutsua zela jakinda? Niretzat ez zelako arriskutsua. Justiziarako bidea irakastea ez da arriskua.

Non ezagutu zenuen? El Hogarren bizi ginen. Tomas Hondurasen semea zen, eta beste garai batean, herrialde honetako heroi garaikidea izango zen, borroka sozialari emandako guztiagatik.

Noiz jabetu ziren zure gurasoak? Oso gogorra izan zen, Tomas desagerrarazi zuten egun berean jakin baitzuten; 1981eko ekainaren 11n, Ikaslearen Egunean, hain zuzen.

Seme-alabarik ba al zenuten? Ni Tomas Alberto semeaz haurdun nengoen, baina artean El Hogarreko etxean bizi ginen, eta horregatik jakin zuten nire gurasoek.

Gogoan al duzu nola gertatu zen? Amarrua izan zen. Etxean geunden, Fidel Martinez eta emakume batekin. Ziur nago Tomas eta Fidel entregatu egin zituztela.

Lekua salatu zuten? Ez. Plan bat izan zen; Tomas klandestinitatean bizi zen, eta Fidel ere bai. Nire etxean premiazko bilera bat zela esan zieten, eta etorri egin ziren.

Bizi al da salataria? Buru-osasuna zaintzeko, haren arrastoa galdu dut. Ez dakit bizi den ala hilik dagoen.

Baina jakin zenuen nor izan zen? Bai, gau hartan gurekin zegoen emakumeak salatu zituen. Emakume hura militarren heriotzaren eskuadroien planaren partaide izan zen.

Ikus al zenituen atzitzaileak? Bai, txanoekin estalita sartu ziren, ez orain ohikoa den bezala, txano zuriak ziren.

Tratu txarrik eragin al zizueten? Ba, haietako bati txanoa erantzi nionez, kolpe bat jo zidan, eta konortea berreskuratu nuenean eskuak eta oinak lotzen ari zitzaizkidan, eta begiak eta ahoa estali zizkidaten benda banarekin.

Fidel eta beste emakumea eraman egin zituzten? Emakumea ez. Fidel bertan hil zuten. Ziur nago hala izan zela isilgailuarekin egindako tiroengatik, eta Fidelek oihu egin zuelako, han odol ugari geratu zelako eta gorpua nola jaso zuten ikusi nuelako. Ez dut uste bizirik zegoenik.

Tomas bizirik zen? Tomas bizirik atera zuten, baina ez nuen sekula gehiago ikusi.

Zer ordu zen? Goizaldeko hirurak eta hogeita bat. Ondo gogoan dut.

Bat-batean sartu al ziren etxean? Ez, eta ez zuten ezer erabili atea indarrez zabaltzeko, ireki besterik ez zuten egin. Baina ateak giltzaz eta katez itxita egon behar zuen, horrek esan nahi du emakumeak zabaldu ziela atea.

Zer egin zenuen ondoren? Ez zen erraza izan, etxea kalez jantzitako militarrez inguratuta zegoen eta etxe gainetik hegan helikopteroak zebiltzan.

Nor joan zen zuen etxera? Tomasen kideak, haren iloba bat militarra zena eta horregatik zigortu zutena, eta kazetariak, Noe Leiva laguna tartean, Tiempo egunkarian lan egiten zuena.

Non bota zuten Tomasen gorpua? Ez dakit. Jende asko hurbildu zait han edo hemen izan zela esateko; haren gorpua zenbait tokitan bota izan dutela sinetsi egin dut, baina ez dut adarjotzerik nahi”. (La Tribuna, 2019ko urtarrilaren 26a))

Mesfidatia, gogorra baina konprometitua, borrokan Tomas semea jaio zen

1981eko ekaineko goizalde hartan gertatu zenak oso pertsona mesfidati eta zuhur bihurtu ninduen, baina ez nuen inola ere bizitzaren defentsarekiko konpromisoa galdu. Nire semeaz inguru seguru batean erditzeko, erbestea proposatu zidaten, baina ez nuen inola ere onartu. Hondurasen, demokraziaren, askatasunaren eta justiziaren alde borrokatzeko eta isilik ez geratzeko erabaki irmoa hartu nuen, izuaren egituren benetako funtsa eta heriotzaren eskuadroietako protagonistak eta oposizioaren kontra zerabilten modus operandi ondo ezagutu arren. Geratu egin nintzen, gure artean hainbat mezulari izan dituen Estatu Batuetako proiektu global honi gaur egunera arteko borrokatzeko: John Dimitri Negroponte beldurgarria, tokiko militarrak galbideratu eta elite politikoa pozoitu zuena, eta beste hainbat enbaxadore izugarri, FMIren politikak ezarri zituztenak eta DEA eta CIA inportatu zituztenak 2009an estatu-kolpea emateko eta egungo krimen organizatuaren eredua sendotzeko.

Tomas behin betiko desagerrarazi zutenetik, haren bila aritu izan naiz beste hainbat eta hainbat gizon eta emakumeren senar, emazte, ama, amona, alaba eta lagunekin batera, oinaze berbera pairatzen genuela. Garai latza zen, jendearen erdian hainbat armada zituen herrialde batean: tokiko armada okupazioaren armadaren zerbitzari, Estatu Batuetako Itsas Armada nazio osoko 17 basetan, eta ipar aldean, Guatemalako Caibiles eta Atlacats eta El Salvadorreko entrenamendu guneak, eta “contra” antisandinista Hondurasen hego eta ekialdean, eta Heriotzaren Eskuadroiak nonahi. Helburua zen Erdialdeko Amerikako beste nazio batzuetako proiektu sozialak zapuztea eta Hondurasko erresistentzia haustea. Zapalduta sentitzen nintzen, eta triste, nire Tomas txikia sabelean eta haren aita bihotzean nituela, hara eta hona ibil behar izateagatik, baina Hondurasko herritar guztiak bizi genuen sufrimenduaren aurrean isilik ez geratzea erabaki nuen.

Axolagabekerian ez nintzela jausiko zin egin nion nire buruari, eta gure arbasoenganako eta Tomas eta bera bezalako pertsonaia sozialenganako maitasunaren alde dena emango nuela. Testuinguru horretan jaio zen nire semea, 1981ean.

 

Hona iritsita, 2019ko urtarrilean La Tribunak egin zidan elkarrizketa berreskuratu nahi dut, kontakizunari bi ahotsetan jarraitzeko:

Zelakoa izan zen zure bizimodua horren ondoren? 1981eko ekainaren 11ren ondoren nire bizitza zeharo aldatu zen. Tiro-hotsen ondoren Tomasek esan zidan azkeneko hitzengatik hartu nituen erabakiak: “Zabal iezaiezu, agian bizirik utziko zaituzte zuk borrokarekin segitzerik izan dezazun”.

Pentsatu al zenuen inoiz etsitzea? Bi aukera nituen: izuak jota gelditu edo haren ondare libertarioa jaso. Eta bigarren aukeratu nuen.

Nola hasi zinen? Arrazoi berberagatik negar egiten zuen jende asko topatu nuen: senitartekoren bat desagerrarazi zieten ama, neba, arreba, seme eta alabak.

Zoriontsu al zara? Erabat. Eta hala diot, adineko izan arren ez dudalako inoiz deliturik egin. Aitzitik, desagertze gehiago gerta ez dadin lagundu dut.

Arlo sentimentalean, Nativirekin maiteminduta geratu zinen ala berriro maitemindu zinen? Hara, galdera oso erraza da, baina erantzuna oso zaila. Tomas bihotzean altxor bat bezala daukat, bide libertarioa erakutsi zidalako, nire idoloa da.

Orain, horrenbeste urte igarota, esan al dezakezu nor izan zen salatu zintuzten emakumea? Ez du merezi. Ito dadila bere bekatuan eta bere delituarekin. Eta ikerketa-sistemak behar bezala jardungo balu, bera preso egongo litzateke, jendea desagerrarazteko, herrialdean nagusitu zen izu eta gorroto-egitura osoarekin batera.

Nola sortu zen COFADEH? 12 familia fundatzaileetako bat naiz. Zenaida Velasquez –Manfredo Velasques, desagertuetako baten arreba– eta Liduvina Hernández –COFADEHren biziarteko presidentea– ditugu buru.

Zergatik ez zenuen inoiz Nativi abizena aldatu? Daukadan formazio politikoagatik, Tomas desagerrarazi izan ez balute, inoiz ez nuen nire Oliva abizena aldatuko, baina Nativik indar handiagoa zuenez, horregatik mantendu nuen, gogoan edukitzeko.

Sentimentalki, zure bizimodua berregin zenuen? Nire bizitzari beste bide bat eman nion. Emakume gaztea nintzen eta beste gizon bat aurkitu nuen, Tomasen berdina edo oso antzekoa: Adán Palacios Irachez.

Ideia berdinak zituzten? Adan ez zen iraultzailea, baina demokrata zen, pentsalari soziala, demokraziaren behargina. Esku garbikoa, Tomas bezala.

Bien falta sentitzen duzu? Jakina. Nire mutil-lagunak izan ziren, bizitza hitzaren neurrian balioesten eta ausart eta adoretsu izaten lagundu zidaten. Eta onena da altxor bana utzi zidatela: semea, Tomas Alberto, eta alaba, Bertha Marcela.

Leo Valladaresen3 txostenak dio 184 pertsona izan zirela desagerrarazitakoak. Kopuru bera dio COFADEHek? 500dik gora desagertu izan ziren, baina familiak isildu egin ziren, Estatuak ezarritako izuak eraginda. Guadalupe Carney4 aitaren zutabean soilik, ehundik gora lagun desagerrarazi zituzten.

Nola desagerrarazten zituzten? Atzitu ondoren, hil arte torturatzen zituzten, informazioa lortzeko. Beste batzuk helikopteroetatik bota zituzten oihanera edo itsasora. Bai eta krokodilodun aintziretan ere.

Zu hiltzen ahalegindu ziren? Niri denetarik egin zidaten. Fisikoki ez ezik, moralki ere hil daiteke, gerra mediatikoen bidez. Bizirik nago sinesten dudalako arbasoek babesten nautela. Tomas bahitu zuten egun hartan, miraria izan zen ni bizirik uztea. Hemen, bulego honetan ere hil nahi izan ninduten.

Zein da COFADEHren ondarea? Memoria historikoa eraiki dugu. Olanchon, ingurumenaren suntsipenaren kontrako borroka gisa merezi duten prozesuak sustatu ditugu; adierazpen askatasunerako espazioak sortu ditugu, C-Libre, esaterako; Kongresuan lege-proposamenak egin ditugu; Justiziaren Komunikatzaile eta Operadoreak Babesteko legea, kasu; Costa Ricako San Joseko CIDHn historia egin genuen, lehenengo erakundea izan ginelako Estatuaren kontrako zigorra lortzen, 1987ko behartutako desagerrarazteengatik”.

Zabalik dirauen itxiturarantz

Jakina, egunkari baterako elkarrizketa batean ezin da adierazi nahi duzun guztia transkribatu, baina irakurleak testuaren azpian antzematen duena jasotzen du labur. Berriro elkarrizketara jo baino lehen, garrantzitsua da azpimarratzea COFADEHeko borrokarekin batera –“Bizirik eraman zituzten, bizirik nahi ditugu” leloarekin–, barrutik ere, Hondurasko Giza Eskubideen Defentsarako Batzordean (CODEH) lanean jarraitzen nuela, eta han pertsona zoragarriak aurkitu nituen berriro; hala nola, Oscar Aníbal Puerto, IHDERen ezagutu nuena, eta aparteko gazte talde bat ere ezagutu nuen, eta 1990etik aurrera, behartutako desagerrarazteen biktimek osatzen dugun familia handiarekin bat egin genuen, eta gaur egunera arte, testigantza hau emateko egunera arte, elkarrekin jarraitzen dugu borrokan. Adan Palacios kidea, zeinaren alderdiaren (Democracia Cristiana) egoitzan COFADEHren lehenengo bilerak egin genituen 1981ean, gure borrokari jarraipena egiten egon zen 2016an hil zen arte, ahal zuen guztian laguntzen; eta, zalantzarik gabe, urte haietan eta gerokoetan ere, haren egitekorik nabarmengarriena nire seme Tomas Alberto zaintzea eta haren erreferente izatea izan zen, bai eta Bertha Marcelarena ere. Nire borrokaren seme-alabak, Tomasen eta Adanen beraren borrokaren semea eta alaba. Erreklamazio-urte hauetan erabaki politikoetan eragiten ikasi dut, bai eta komunikatzen ere, eta jendaurrean hitz egiteari nion beldurra gainditzen, beste pertsona batzuengan, traizio egiten ez dutenengan konfiantza edukitzen, eta beste batzuengan gaztetan pairatu izan nuen haren guztiaren arriskuan antzematen.

2009ko Estatu Kolpearen ondoren, bipartidismo politikoko indarrek, militarrekin, krimen antolatuarekin eta nazioz gaindiko kartelekin bat eginik, Hondurasko herritarren oposizioa suntsitu nahi dute, eta itxaropena lapurtu nahi digute, eta horri aurre egiteko modu bakarra dugu: egia eta justizia, eta balio eta eskubide horiek erdietsi nahi ditugu egoitzan, Ahanzturaren kontrako Etxean, irratian, sare sozialetan, CIDHen, Europa eta Ipar Amerikako foroetan egunero, gure azken egunera arte, egiten eta egingo dugun lanaren bitartez. Eta egia da Manfredo Velásquez eta Saúl Godínezen desagertzeen arduradunak, CIDHen 1987an eta 1988an  epaitu zituztenak, ez zituztela euren erakundeetan zigortu, baina haien egitura kriminala agerian geratu zen, eta haien zigor-erantzukizuna ez da preskribatuko hiltzen diren arte. Bitartean, hileko lehenengo ostiralero elkartzen gara La Merced Plazan, hori gogorarazteko. Eta halaxe jarraituko dugu, duela 39 urtez geroztik egiten dugun bezala.

Nire testigantzarekin amaitzeko, 2019ko urtarrilean La Tribuna egunkarian egin zizkidaten azkeneko galderak berreskuratu nahi ditut. Gogoeta hauek zabalik jarraitzea nahi dut, nire bizitza halakoxea delako, irekia, aztertze etengabean, etorkizunak ekarriko dituen beste erantzun batzuetarako bidean.

Zure ustez, existitzen al dira heriotzaren eskuadroiak? Zigorrik gabe jarraitzen dute; inor ez zuten kartzelara eraman, desagertuaren figura ez zelako jasotzen barneko zigor-legerian.

Ez al da zure paranoia bat? Ez, ez, ez… ni ez naiz paranoikoa, ez bainaiz heriotzaren beldur. Leo Valladaresen txostenaren ondoren, desagertuen kontuarekin, ahaztu eta berriro hutsetik hastea aipatu zen. COFADEHek argi utzi du; ez ahaztu ez barkatu, erantzuleek hor jarraitzen dutelako, espazioak betetzen, medioetan segurtasunari buruzko katedrak ematen. Eta txarrena da justizia-sistemak ahalbidetu egiten diela biktimak eta haien senitartekoak iraintzen jarrai dezaten.

Ez al duzu uste giza eskubideen inguruan beste garai batean gaudela? Giza eskubideei dagokienez, ez da ezer aldatu. Desagerrarazteen erantzuleek, haien delituengatik justiziaren aurrean agertzeari eta krimenak ez manipulatzeari beldurrik ez diotenean, orduan, Honduras aldatua izango da.

COFADEHen aurkakoek diote dolarrak eta euroak jasotzeko besterik ez duela balio, dagoeneko ez dagoelako desagerrarazitako inor. Zer erantzungo zenieke? Nola ez dagoela desagerrarazitako inor? Une honetan hiru biktima ditut nire bulegoan. Porrot egin dudala sentitzen dut; izan ere, Hondurasko ezein etxetan behartutako desagertze gehiago egon ez dadin lan egiten dugu, baina orain gehiago daude, orduko errudun bakar bat ere ez zutelako zigortu. Egitura kriminalek bizirik jarraitzen dute, baina gauza bat esango dizut: Ez nago nekatuta.

Erretiratzea pentsatu duzu? Inondik inora, eta ez da dolarrak jasotzen ditudalako, esaten duten bezala, ni ez naiz diruzalea. Desagerrarazi zituzten pertsonek adoretu egiten naute, eta ez gaituzte otzanduko.

Nola tratatu zintuzten politikariek gai hauek jorratzerakoan? Batzuekin bilerak egin nituen, eta beste batzuekin eztabaidatu egin nuen. Eta den-denak ezagutzeko ataza hartu dut, eta badakit ze politikari den urde bat eta zein ez. Badakit nola jarduten duten, eta badakit noraino irits daitezkeen. Eta hau ez da xantaia bat, nik daukadan informazioa gure zeregina berrantolatzeko da eta.

Zure borroka ideologikoa al da? Inoiz ez ditugu gure helburuak aldatu, baina giza eskubideez ari garenean, ez nau arduratzen nor den, pertsona gisa lagundu nahi diot.

Presidenteek ondo tratatzen zaituzte? Denekin elkartu izan naiz, Callejasekin izan ezik, AHPROko eragile nagusia izan baitzen.

“Pepe” Lobo eta "Mel” Zelaya ere Olanchokoak direnez, nor ezagutzen duzu ondoen? “Mel" Zelayaren familia ezagutu nuen, baina ez nuen inolako harremanik izan. “Pepe” Loborekin gertutasun handiagoa izan nuen, La Fraternidad eskolako irakaslea zelako nik Juticalpan ikasten nuenean.

Eta behin boterera iritsita, norekin izan zenuen harreman hobea? “Mel” Zelayarekin, bere kabinetean ziren funtzionario asko aspalditik ezagutzen genituelako giza eskubideen gaiaren inguruan: Milton Jiménez, Enrique Flores Lanza eta Edmundo Orellana, besteak beste.

Ba al duzu alderdi politikorik? Ez. Botoa ematen dut herritarren betebeharra eta eskubidea delako. Pertsonei ematen diet botoa, ez alderdiei.

Zein da Hondurasko emakumeen eskubideen egoera gaur egun? Egungo tragedia saihesteko zeregin handia dugu oraindik: Ez da gizarte-bazterkeria soilik, emakume asko eta asko hiltzen dituzte.

COFADEHko “profila” izatearren, hitz egin al duzu inoiz Discua Elvir, Hung Pacheko eta Billy Joyarekin? Oso ankerra zara. Hung Pachechorekin ez dut inoiz hitz egin, eta Discua Elvirekin CIDDHn hitz egin nuen bertara agertu zenean, eta Juan Humberto Sanchezen hilketa bere gain hartu zuen orduan.

Eta Billy Joyarekin? Billy Joya heriotzaren eskuadroiko kidearekin ez dut inoiz hitz egin, ez eta nahi ere.

1. Testigantza hau Hegoa Institutuaren Memoria Historikoaren Artxiborako http://www.hegoa.ehu.es/mapa_paz/index.html osatu dut. Horretarako, nire oroitzapenak, Anarella Velezek estudiosdelamujer.wordpress.com blogean 2017ko otsailean argitaratutakoak  https://estudiosdelamujer.wordpress.com/2017/02/, eta Eris Gallegos kazetariak La Tribuna egunkarian 2019ko urtarrilean argitaratutakoak erabili ditut. Dena irakurri ondoren, heriotzatik bizirik atera naizela esan dezaket, bizitzari zerbitzatzeko.

2. https://www.latribuna.hn/2019/01/26/berta-oliva-coordinadora-del-cofadeh/

3. Leo Valladares, akademikoa eta Hondurasko Giza Eskubideen Batzordeko ordezkari ohia, “Los Hechos hablan por sí mismos”. Informe Preliminar sobre los Desaparecidos en Honduras” liburuaren egilea. Tegucigalpa, Honduras, 1993.

4. Apaiz jesuita, Illinoisen (AEB) jaioa. Jatorrizko izena James Francis Carney zuen. Hondurasko Justiziaren aldeko Kristauen Mugimendua sortu zuen. 1983an desagerrarazi zuten 3-16 Batailoiko kideek, Hondurasko Armadako Inteligentzia Unitatea, CIAren aholkularitzapean ziharduena.

http://www.codeh.hn/inicio/index.php?option=com_k2&view=item&id=56:padre-guadalupe&Itemid=8&lang=es;

https://defensoresenlinea.com/a-33-anos-de-la-desaparicion-del-padre-guadalupe-las-demandas-de-verdad-y-justicia-permanecen-invariables/

5. http://www.corteidh.or.cr/docs/casos/articulos/seriec_04_esp.pdf;

https://www.corteidh.or.cr/docs/casos/articulos/seriec_05_esp.pdf