es / eu

Carlota Ramírez (El Salvador)

“Horrenbeste ahaleginekin landu dugun Lege Integrala onartzea nahi dugu, benetako erreparazio moral eta materiala, egia eta justizia, eta ez errepikatzeko bermea egon daitezen"

Argazkia: Asociación PB. https://es-la.facebook.com/pg/probusqueda.joncortina/photos/

Monsinore Romero Kontzertazioko kidea da; “Marianella García Villas" Giza Eskubideen Urraketen Biktimen Senitartekoen Batzordeko kidea CODEFAM eta El Salvadorreko Gatazka Armatuaren Biktimen Erreparazio Integralerako Legearen Talde Kudeatzaileko kidea

Nire jatorria eta Monsinore Romeroren Herri Eliza

Carlota Ramírez naiz, eta 1958ko azaroaren 4an jaio nintzen El Progreso kantoian, Santa Tecla jurisdikzioan, La Libertad departamentuan. Han bizi izan nintzen 6 urte bete arte, orduan banandu ziren nire gurasoak. Ama beste kantoi batera joan zen bizi izatera, San Jeronimora, eta han hazi nintzen. Geroago San Juan Los Planesera joan nintzen bizi izatera, La Libertad departamentuan hori ere, eta herri-elizan antolatu nintzen. Beti egon naiz elizaren inguruan antolatuta, txikitatik agian; gurasoek –jada ez daude– betidanik irakatsi ziguten elizara joan behar genuela, otoitz egiten irakatsi ziguten. 12 neba-arreba ginen.

Nire neba zaharrenak, Rufino Ramírez, hil zutenak, beti eramaten gintuen elizara, bera “otoizgilea” baitzen; hau da, norbait hiltzen zen etxeetara joaten zen, eta otoitz egiten zuen beilan. Inor hiltzen zenean, haren bila etortzen ziren beti otoitz egin zezan, eta ezaguna zen komunitatean. Batzuetan, neba-arreba denak joaten ginen berarekin. Monsinore Romerok sortutako San Juan Los Planeseko komunitateko elizan antolatuta zegoen nire neba hil zutenean; 45 urte zituen, bera zen zaharrena eta ni gazteena. Nebak irakatsi zigun gauero otoitz egiten, baina hazten gindoazen heinean, berak esaten zigun dena ez zela otoitz egitea, berriak ere entzun behar genituela, errealitatea ezagutu behar genuela.

Denbora joan zen horrela, eta Monsinore Romerok sortutako komunitate hartan arazo handiak izan ziren hasieran, alkohol eta parranda asko zegoen bertan, eta apaizak ere alkoholikoak ziren, eta arazo handiak zeuden; horrela, Monsinorea eta beste Apezpiku bat etorri ziren, Monsinore Urioste, eta haien artean eta UCA1ko beste artista batzuekin batera –Guillermo Cuéllar, esaterako– denen laguntzarekin, komunitatea berreraiki genuen.  Jende laikoa ere bazen komunitateari laguntzen; Rossi abokatua eta Carlos Meléndez, Unibertsitate Nazionaleko Medikuntza ikaslea, esaterako. Igandero elkartzen ginen eta Biblia estudiatzen genuen, eta gauza asko ikasi genituen.

Jazarpenaren hasiera

1980an hasi zen jazarpen gogorrena; gogorrena diot, zeren lehendik ere bazegoen, baina Monsinore Romero hil zutenean, okerrera egin zuen denak; aurretik ere indarkeria bazegoen arren, jakina. Nire nebak berriak entzuten zituen, etengabe, eta bagenekien zer ari zen gertatzen Kuban eta Nikaraguan, bai eta El Salvadorren ere. Radio Venceremos2 entzuten genuen; une hartan irrati hura zen gauzak benetan nolakoak ziren esaten zuen irrati bakarra. Gobernuak ez zuen egia esaten, dena gezurra. Eta orduan denak elkartzen ginen; nire neba alde batetik bestera irrati txiki batekin ibiltzen zen, berri guztiak sintonizatzen, eta halaxe esaten zigun: “entzun, entzun nola dauden Chalatenangon, entzun zer ari den gertatzen”, eta horrela joan ginen errealitatea ezagutzen.

Gu 1978, 1979 eta 1980an aritu ginen lanean, gero gu jazartzen hasi ziren eta ezin izan genuen komunitatearekin jarraitu, ez ziguten lan egiten uzten. Komunitatean gazte asko zeuden, eta gehienak koruko kideak ziren; eta lehenengo gauza, koruko gazteetako bat atxikitzea izan zen. Haren etxera iritsi ziren; bi urteko semetxoa hartu, eta barrabiletatik zintzilikatu zuten, eta hil egin nahi zuten, gaztearen arreta erakartzeko. Orduan iritsi zen gaztea, eta eraman egin zuten. Ez zen inoiz gehiago agertu. Eta hor hasi zen jazarpena.

1980ko martxoaren 24an Monsinore Romero hil zuten, eta komunitate osoa joan ginen haren hiletara. Ez ginen katedralean egin zen hiletara joan, han jende asko masakratu zuten; gu, ehortzi aurretik, Jesusen Bihotzaren Parrokian egin zioten hiletara joan ginen, hara joan ginen, eta heriotzaren eskuadroiek3 fitxatu gintuzten. Hurrengo igandean, mezatarako elkartu ginenean, hegazkin txiki bat zebilen paperak botatzen, eta paper horietan mehatxu egiten gintuzten, eta esaten zuten komunitateko kide ginen denak hil egingo gintuztela. Paper anonimoak ziren, izenik gabeak.

Heriotzaren Eskuadroien jazarpena eta ihesa

Nire nebak uste zuen ez zutela inor hilko, ez ginelako ezer egiten ari, eliza bateko kide ginen, besterik ez. Komunitateko jendea lasaitzen ahalegindu zen, esanez ezin gintuztela hil komunitate kristau bat izateagatik. Berak ez zuen joan nahi izan, ez zuen hura utzi nahi, eta gainerako guztiek ere ez zuten joan nahi izan.

1981ean bijilia egin genuen Monsinore Romeroren omenez, eta bijilia horretara "haiek” ere joan ziren, bijilia hartan gu “zelatatzen” aritu ziren, eta komunitateko kide nor ginen ikusi zuten, eta orduan hasi ziren "Heriotzaren Eskuadroiak" gu jazartzen. Gure etxeetara joaten hasi ziren, batzuetan soldaduak, batzuetan armada, eta horrela ibiltzen ziren, jazartzen, guri enbarazu egiten, gu etengabe zirikatzen. Gure etxe aurretik auto asko igarotzen ziren gu zelatatzeko; behin auto bat ikusi genuen gure etxe aurrean, fusilak zeramatzaten gizonekin, eta gizon bat etorri zen korrika gure etxera, ohartaraztera, eta nire nebari esatera handik alde egin behar zuela, haren bila zebiltzala, eta bagenekien zertarako zen: hiltzeko, edo atxilotu eta torturatzeko.

Eta orduan neba beldurtu egin zen, eta berak eta komunitateko gainerako gizonek alde egin zuten; emakumeak geratu ginen bertan. Nik ezin nuen alde egin, alaba txikia eta ama nituen han, ezin nituen utzi, eta han geratu nintzen. Gizon armatuak etorri ziren, zibilez jantzita, eta nire nebaz galdetu ziguten: nora joan zen, eta erantzuteko esaten ziguten, bestela hil egingo gintuztela. Nik esan nien ez nekiela nora joan zen, ez geneukala haren berri. Haietako batek esan zidan “esaten ez badiguzu, larrutik ordainduko duzu”. Alabatxoa nirekin nuen, kendu egin zidan eta lurrera bota zuen; neskatoa negarrez hasi zen, eta botaka, eta nik ezin nuen hartu, heldu egin zidaten eta hormaren kontra jarri ninduten armak nigana zuzendurik. Amari gauza bera egin zioten.

Auzoko batzuk aita abisatzera joan ziren, eta zer gertatzen ari zitzaigun ikustera iritsi zenean esan zien “utz itzazue alaba eta emaztea, eraman nazazue ni”, eta orduan bera ere hartu eta armekin mehatxatu zuten. Haietako batzuk txanoekin estalita zeuden, niri eskuburdinak jartzen hasi ziren eta haien artean hizketan: hurrengoan nire nebak bertan egon beharko zuela, agertzen ez bazen gu guztiok hilko gintuztela. Denbora luzea eman zuten horrela, gu beldurtzen, mehatxatzen.

Denbora luzearen ondoren askatu egin gintuzten, beldur handia pasatu genuen. Orduan aitak esan zigun handik alde egin behar genuela. Eta etxea utzi eta joan egin ginen. Eta nire neba, Salvador Ramírez, geroago desagerrarazi zutena, gurekin zetorren, eta bere familiarekin, eta beste ahizpa batzuk ere bai. Nire neba Salvadorrek kobazuloak egiten zituen lurrean, eta horrela ezkutatu ahal izan ginen mendian denbora batez. Gauez mugitzen ginen, baina ez geneukan nora joan, ez genuen leku bakar batean lo egiten eta gau bat ematen genuen hemen eta beste han.

Jendeak, batzuetan, jatekoa ematen zigun, baina gosea, egarria, hotza, euria, eguzkia, animalien ziztadak eta abar pairatu genituen, eta gurekin haurrak ere bagenituen. Hori guztia pairatu ondoren, ez nuen beste seme-alabarik izan nahi. Alaba bakarrarekin geratu nintzen. Ni nire alabaren aitarekin ezkontzekotan nintzen, baina bizitzen ari ginenaz jabetu zenean utzi egin ninduen. Beraren familia militarren gertukoa zen. Ez zuela arazorik nahi esan zidan, eta utzi egin gintuen, ni eta alaba. Une hartan 22 urte nituen, eta horrela geratu nintzen, ezkondu gabe eta alaba batekin.

Nire neben hilketa eta desagerraraztea

Egun batzuk eman genituen goseak, eta halako egun batean etxera itzultzea erabaki genuen; ezin genuen gehiago, eta orduan, Salvador nebak esan zigun "itzul gaitezen etxera, banana-sorta bat moztuko dut, eta zuek sua piztu", gure lurretan bananondoak genituen eta. Eta halaxe egin genuen, sua piztu genuen, baina ez ginen konturatu ordurako eremu guztia hartuta zeukatela. Orduan, bananak moztera joan zenean, armarekin mehatxatu zuten. 1982ko maiatzaren 9a zen.

Nire nebak esaten zuen ez ziela bera harrapatzen utziko, torturei beldur handia zielako, eta ihes egin zien. Abisatu zigun alde egiteko, eta bera joan egin zen. Geroago gizon armatu batzuk iritsi ziren neba non zegoen galdezka, norantz alde egin zuen, eta nik esan nien etxe batean ezkutatu zela, horrela ihes egiteko denbora gehiago eduki zezan. Eta haren bila abiatu ziren, eta nebak denbora gehiago eduki zuen ihes egiteko.

Eta orduan esan zidaten: “gezurti hutsa zara”, ez, erantzun nien, eta istorio bat asmatu nuen: ez niola erreparatu, ez nuela ikusi, klinikatik nentorrela alabarekin, eta esan zidan: “zuek ez zarete hemendik mugituko”, eta hantxe geratu ginen ama, nire alabatxoa eta hirurok. Eta gizon hura beste gizon armatu batzuekin joan zen, bilatzen jarraitzera. Geroago aurkitu zuten azken gauetan lotarako erabili izan genuen etxea. Eta haiek etxe hartan zeuden bitartean, joaten utzi ziguten, Salvador nire nebaren atzetik joateko. Handik urrun bizi zen beste neba baten bila joan ginen gu, eta gertatutako guztiaren berri eman genion. Eta aitarengana joan ginen, eta han aurkitu genuen Salvador neba, ezkutatuta. Hizketan aritu ginen, eta aitak esan zidan, “begira, gera zaitez hemen, zure bila ere arituko dira”, ezetz erantzun nion, ama eta alaba beste nebarekin utzi nituela.  Maiatza zen, nik ondo zeudela ikusi besterik ez nuen nahi, eta joan egin nintzen gero. Baina gaur horretan, hurbil geratu nintzen, Alejandro Ramírez beste nebarenean; nire koinatak ezkutuan zuten gela bat prestatu zidan.  Gaueko 11:30 inguruan gizon-ahots bat entzun nuen, ezaguna egiten zitzaidan; izan ere, Salvador nebaren bila etorri zen gizon bera zen. Alejandro nebari esaten zion: "grabagailu bat lapurtu duzu, eraman egingo zaitugu". Nik neba entzuten nuen, oinetakoak eta arropa jantzi nahi zituela esanez, "ez", erantzun zioten, "behar zaitugunerako ez duzu oinetakorik behar". Gaur hartan euria ari zuen, gogotik, eta Alejandro Ramírez nebak ihes egitea lortu zuen, bizirik irten zen. Alejandro nebak mendian barrena egin zuen ihes, eta euria ari zuenez eta ilun zegoenez, ez zuten aurkitu.

Goizaldeko 5ak inguruan, Joaquin iloba eta biok Alejandro nebaren bila abiatu ginen, aitarenera joan ote zen. Ilobak eta biok argi batzuk ikusi genituen urrundik aitaren etxean, eta zerbait gertatu zela jakin genuen. Eta orduantxe konturatu ginen nire neba-arrebetako bi hil zituztela: Rufino Ramírez neba eta Teresa de Jesus Ramirez ahizpa, 18 urte besterik ez zituena. Gainera, nire aita, Natividad, Salvador neba eta bi iloba ere eraman zituzten.

Alejandro nebak kontatzen duenez, hara iritsi zenean emakume batek esan zion "alde egin, denak eraman dituzte eta, Rufino eta Teresa hil dituzte". Egun hartan nire neba eta ahizpa hil zituzten, eta aita eta Guadalupe koinatua, eta 13 eta 14 urteko bi iloba eraman zituzten. Alejandro neba luzaroan ibili zen ihesi, baina bizirik irten zen. Gure bila zebiltzanez, amaren eta alabaren bila joan nintzen, ihes egiteko, eta auzoko batzuek lurperatu zituzten Rufino neba eta Teresa ahizpa.

Bost senide ditut desagerraraziak: aita, Natividad; koinatua, Guadalupe; 13 eta 14 urteko bi ilobak eta Salvador neba. Neba bi hilabeteren buruan aurkitu uzten, eta eraman egin zuten. Eta bi neba-arreba erailak: Rufino neba, eta Teresa ahizpa. Bi iloba ere baditut, familiak halako jazarpena sufritu ondoren, gerrillarekin bat egitea erabaki zutenak; mendian hil ziren, eta haien gorpuei ere ezin izan genien lur eman.

Ihesaldia eta amaren atxiloketa

Hori dena bizi ondoren, amak eta biok ihes egin genuen, armada gure bila zebilelako. Banandu egin ginen, batik bat nire bila ari zirelako. Azkenik, urruti bizi zen iloba baten etxera joan zen ama. Alaba ondoan nuela, zer gertatzen zitzaidan bazekin emakume baten etxean hasi nintzen lanean. Emakume hark bere etxeko langile hartu ninduen, eta esan zidan han ez nindutela aurkituko. Alaba utzi egin behar izan nuen, horrela zailagoa baitzen gu aurkitzea.

Nire neba-arrebena maiatzean izan zen, eta urte bereko abuztuaren 7an, 1982an, ni oso larri sentitu nintzen, eta gauean esan nion etxekoandreari biharamunean alde egingo nuela, alabaren eta amaren bila joan behar nuela, larritasuna sentitzen nuelako eta zerbait gertatzen ari zela sentitzen nuelako. Garai hartan ilea erori zitzaidan, eta buruan oso ile gutxi neukan. Etxekoandreak esan zidan ez joateko, sentitzen nuen larritasuna normala zela, bizi izandako guztiaren ondoren normala zela, baina ama eta alaba ondo egongo zirela. Niretzat arriskutsua zela esan zidan, hil ahal nindutela. Baina ez nion kasurik egin, eta alde egin nuen. Etxekoandreak San Salvadorreko Erdigune Historikoan utzi ninduen. Eta handik, oinez nire ilobaren etxerantz nindoala, emakume ezagun bat topatu nuen ustekabean –dagoeneko hilda dago–, eta esan zidan. “Carlota, nora zoaz?”, eta larri nengoela esan nion eta amaren eta alabaren bila nindoala. Berak esan zidan hobe zela ez joatea, aurreko egunean ama atxilotu zutela, eta hobe nuela berriro ere ezkutatzea.

Ezin nintzen joan, nire alabarekin zer gertatu zen jakin behar nuen, eta amaren bila joan behar nuen. Nire ilobaren etxerako bide osoa negarrez egin nuen, eta iritsi nintzenean lasaitu egin nintzen apur bat, autobusetik alaba ikusi nuelako nire ahizpekin. Autobusetik jaitsi eta nire ahizpak eta nire alaba zeuden lekurantz abiatu nintzen. Elkar besarkatu genuen. Ahizpek esan zidaten ama eraman egin zutela, eta alaba galduta egon zela egun batez, eta aurkitu berri zutela. Eta nola jakin duzu? Galdetu zidaten, eta esan nien barruan sentitu nuela gauza txarren bat gertatzen ari zela. Ahizpek kontatu zidaten ama eraman zutela, han etxean atxiki zutela nire alabarekin zegoela, eta neskatoa galduta geratu zela, eta nire ahizpak haren bila aritu zirela aurkitu arte.

Alaba hartu eta amaren bila joango nintzela esan nien, eta nire ahizpetako batek nirekin etorriko zela esan zidan. Ahizpak jaioberria zuen, eta senarra beste seme-alabekin utzi, eta jaioberriarekin joan zen. Orduan autobusa hartu eta Erdigune Historikora joan ginen, eta han batetik bestera hasi ginen. Egia esan, ez genekien non bilatu eta norantz joan, eta berandutzen hasia zen. Bi gizon etorri zitzaizkigun zerbait gertatu ote zitzaigun edo laguntzarik behar ote genuen galdezka. Gu beldur ginen ezer kontatzeko, baina haiek larri geundela ikusi zuten, eta berriro galdetu ziguten. Azkenean esan genien ez geneukala gaua emateko lekurik.

Gizon haiek Gurutze Gorrikoak ziren, eta haien lokal batera eraman gintuzten lotara. Lokalean geundela, arduratuta sumatu gintuzten, eta jatekoa eskaini ziguten. Gu ez ginen gose. Galderak egiten jarraitu zuten, ea gu laguntzerik bazuten, eta, azkenean, dena kontatu genien. Ahizpak amari gertatutako guztia kontatu zien, eta haiek esan ziguten goizeko 8etan CICR Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeko ordezkaria iritsiko zela, eta hari kontatzeko dena, han salatu ahal izango genuela ama eraman zutela.  Han eman genuen gaua, eta goizeko 8etan ez ginen salaketa jartzera joan. Ordezkariarekin hitz egin genuen, eta esan zigun ezin zigula esperantzarik eman, halako kasu asko zituela eta ezin zigula ezer esan. Niri esan zidan ez hurbiltzeko inongo kuartelera, atxiki egingo nindutela bestela.

Gurutze Gorritik irten ginenean, ahizpak esan zidan “eta zer egin dezakegu orain?”. Etxera joan behar genuela esan zidan, eta nik esan nion Artilleriako kuartelera joan behar genuela amaren bila; izan ere, CICRen jakin genuen kuartel horretako soldaduak izan zirela, segur aski, ama eraman zutenak. Eta kuartelerantz abiatu ginen, ez dirurik ez ezer. Pick up bat aurkitu genuen, eta gizon batek galdetu zigun norantz gindoazen, berak hurbilduko gintuela. Baina ez genion esan nahi, beldur ginen. Azkenean, gizon harekin hitz egin genuen, eta azaldu zigun nola iritsi kuartelera eta nola galdetu amaz.

Artilleriako kuartela

Kuartelera iritsi ginenean, pick up-eko gizonak esandakoa egin genuen: "guardiako kapitainaz" galdetu genuen, eta sartzen utzi ziguten. Kapitainak galdetu zigun zertara joan ginen, eta amaren bila ari ginela erantzun genion. Cerritos maiorra aurkitu nahi genuela, bera zelako, esan zigutenez, han agintzen zuena. Eta esaten ziguten azaltzeko zergatik nahi genuen Cerritos maiorrarekin egon, eta esan genien bagenekiela berak eraman zuela ama. Cerritos maiorra operatibo miliar batean zegoela esan ziguten, eta berandu iritsiko zela. Itzuli arte itxarongo genuela erantzun genien. Guk ez genuen pixoihal gehiago, eta haurrak negarrez hasiak ziren, esnea nahi zutelako. Han zegoen gizona errukitu egin zen apur bat, eta soldadu bati agindu zion esnea ekartzeko haurrentzat eta guretzat. Geroago beste soldadu batzuk iritsi ziren, eta guardiako kapitainak egindako galdera berberak egin zizkiguten berriro.

Gizon bat hurbildu zitzaigun, gauza gehiago galdezka. Amaren bila ari ginela esan genion, eraman egin zutela eta. Gizon hark galdetzen zigun “eta nolakoa da zuen ama, zenbat urte ditu, zer izen du?” eta halakoak. Amak 65 urte zituela eta beste kontu batzuk azaldu genizkion, eta berak ahopez hitz egiten zigun, isilpean, beste inork ez entzuteko. Gure izena zein zen galdetu zigun, eta esan zigun Herculana izeneko emakume bat zaintzen ari zela, eta emakume hark esan zuela bere bilobak entzun zituela negarrez; "beraz, emakume hori zuen ama da", esan zigun.

Gomendatu zigun lehenbailehen egiteko zerbait ama handik ateratzeko, laster eramango zutela handik. Baina ez genuen handik alde egin nahi izan, eta Cerritos maiorraren zain geratu ginen gauerdira arte. Azkenean, maiorrak esan zigun han ez zegoela emakumerik, han gizonak baino ez zeudela, gerrillariak baino ez, eta guri gauzak gertatzen zitzaizkigula gerrillaren aldekoak izateagatik. Ezetz esan genion, gu ez ginela gerrillakoak, eta bagenekiela ama han zegoela, eta gurekin eraman nahi genuela. Orduan, luzaro hitz egin ondoren, gu ere atxilotuko gintuela esan zigun, haur eta guzti, eta gu ziega batean atxilotzeko agindu zien soldadu batzuei. Ordurako ez ginen ezeren beldur, egoera horretan beldurra ere galtzen da. Gaua igaro zen, eta biharamunean esan genion gu zaintzen ari zen soldaduari haurrak hiltzen baziren, errudunak eurak izango zirela. Haurrak negar eta negar ari ziren, eta azkenean, aske utzi gintuzten.

Ahizpak esaten zidan handik alde egin behar genuela, eta nik esan nion bera joateko haurrekin, ni Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordera joango nintzela, zer egin zitekeen ikustera. Horrela, bere etxera itzuli zen, eta ni, CICRera, nire ama handik ateratzen laguntzeko eskatzera. Gurutze Gorrira iritsi nintzen zer gertatzen ari zen kontatzeko, eta ordezkariak esan zidan haurrengatik askatu gintuztela, eta telefonoz deitu zuen kuartelera esateko bazekiela gure ama han zegoela.

Inor ezin zen nirekin etorri, CICReko kide guztiak kasuren batekin zeudelako. Ordezkariak esan zidan idatzi bat emango zidala horrekin kuartelera itzultzeko, gure ama aska zezaten, eta bera telefonoari adi egongo zela.  Idatzia eman zidaten eta kuartelera itzuli nintzen, baina horrenbeste joan-etorrirekin, nortasun txartela galdu nuen.

Kuartelera iritsi eta luzaroan hizketan aritu ondoren, azkenean, lortu nuen ama ikustea. Oso gaizki zegoen, oso ahul, baina askatu egin zuten, eta jarleku batean eserarazi zuten. Ni gela batera eraman ninduten, eta nire bila zebiltzala esan zidaten, eta paper batzuk sinatu behar nituela. Nik emana nien ordezkariaren gutuna, baina beldurtuta nengoen, eta esan nien biak askatzen ez bagintuzten CICRekoak gure bila etorriko zirela, bazekitela ez genuela ezer egin, ez genuela inor hil, kristauak ginela. Ezetz esan zidaten, nire ama “ezkutatzaile” bat zela, eta horregatik eraman zutela, familia eta seme-alabak gerrillan aritzea baimentzen zuelako.

Gu gerrillan aritzen ginela esan zidaten, nire ama zela gu heriotzara bultzatu izanaren erruduna. Guri inoiz ez zigutela armarik aurkitu esan nien, gure etxean aurkitu izan zuten bakarra bibliak, gitarrak eta liburuak zirela, eta esaten zidaten armak lurpean ezkutatuta geneuzkala, eta hori hala zela onar nezan estutzen ninduen, eta behin eta berriro galdetzen zidan armak non genituen.

Gutxira, CICRekoek emandako gutuna berriro irakurri ondoren, amarekin joaten utziko nindutela esan zidaten, baina agiri batzuk sinatu behar nituela lehenago. Zer dokumentu ziren galdetu nien, eta beste aukerarik ez nuela esan zidaten, sinatzera behartuta nengoela. Ni beldurtuta nengoen, eta eman zidaten guztia sinatu nuen, ezer irakurtzeko aukerarik gabe. Zortzi egunean behin kuartelera joan behar nuela esan zidaten, eta hala egiten ez banuen nire bila joan eta preso hartuko nindutela. Gurutze Gorrirantz joan ginen, eta han elkarrizketa egin zioten amari. Orduan iritsi zen ahizpa nire alabarekin, eta elkarrizketan erabaki zuten ama eta biok ezin ginela joan edonora bizitzera, gure bila etor zitezkeen eta; beraz, Gurutze Gorritik artzapezpikutzara deitu zuten, haiek aterpe-etxeak zituztelako. Horrela lortu zuten gu aterpe-etxe batera bidaltzea.

Aterpe-etxea eta nola iritsi nintzen CICRen lan egitera

“San Jose de la montaña” izeneko aterpe-etxera eraman gintuzten, baina oso denbora laburra eman genuen bertan. Gerrillako gazte asko iristen ziren bertara, eta nik haiekin bat egiteko eskatzen zidaten. Ez nuela nahi esan nien, ama eta alaba zaindu behar nituela, eta pasatako guztiak pasatu ondoren…, nik banituela hildakoak eta desagerraraziak, eta ama eta alaba ezin nituela bakarrik utzi. Gainera, ni kristaua nintzela ere esan nien, eta ez nuela inor hil nahi, gure komunitatean modu askotara egiten nuela lan, baina ez nuela gerrillakoekin bat egin nahi.  Beraz, handik alde egin behar izan genuen, aterpe-etxea gerrillakoentzat soilik zela esan ziguten eta, haiek hil egin nahi zituztelako, eta gu ez. Artzapezpikuak alkateari deitu zion, xafla batzuk emateko eskatzeko, horrela “champa” edo txabola bat egiterik izan genezan lur hutsal batean, han bizitzeko, bazterreko komunitate batean. Eta halaxe bizi izan ginen hainbat hilabetez, nik ahal nuena egiten nuen, eta elizak elikagaiak ematen zizkigun; arroza eta frijoleak. Geroago nire neba Alejandro etorri zen gure bila, eta Santo Tomasera eraman gintuen.

Aterpe-etxean, ordezkariak eta medikuak artatzen zuten nire alaba, eta harritu egin ziren joanak ginela, edo kanporatu egin gintuztela jakitean; beraz, gure bila jarri zen, eta nik lan egin izan nuen etxeetan galdetuz, azkenean aurkitu ninduen. Lanean ari ote nintzen galdetu zidan, eta nik ezetz erantzun nion. Senarra Gurutze Gorriko administraria zela, eta mandatari baten bila ari zirela esan zidan, ea lan egin nahi ote nuen. Lanera joateak lotsarazi egiten ninduela esan nion, ez bainuen ez oinetakorik ez jantzirik. Ez arduratzeko esan zidan, berak autoz eramango ninduela eta joateko elkarrizketa egitera. Eta horrela eman zidaten lana, 3 hilabeteko probaldiarekin. 1983an, beraz, Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordean, CICR, hasi nintzen lanean. Ia 10 urte eman nituen bertan, eta 1992an, Bake Akordioak sinatuta, El Salvadorretik joan egin ziren eta.

Lanean nengoen bitartean amak zaintzen zuen nire alaba. Aurrerago, 3 hilabeteko probaldia gainditutakoan, nagusiarekin hitz egin nuen, gauez ikastera joan nahi nuen eta ordubete lehenago irteteko baimena eskatzeko, ni goizean goiz iristen nintzen lanera. Eta horrela lortu nuen batxilergoko lehenengo urteraino ikasi ahal izatea; izan ere, hirugarren mailara arte besterik ez nintzen eskolara joan, umetan hasi bainintzen lanean. Gero ama larri gaixotu zen, eta etxean geratu nintzen hura zaintzen.

Salaketa, Bake Akordioen ondoren

Bake Akordioen ondoren hainbat tokitan aritu izan naiz lanean; farmazia batean, okindegi batean, etxeko lanetan hainbat etxetan. Amaren zaintza eta lana bateratu ditut. Amak ez zuen nahi nik salaketa jartzerik, bera hil arte ezer nahasten ez hasteko eskatu zidan, oso gogorra egiten baitzitzaion hura gogoratzea, eta gauzak bere horretan utzi nahi zituen. Ama 1999ko maiatzean hil zen, eta nik IDHUCAn, Jose Simeon Cañas Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuan jarri nuen salaketa, 2001ean.

Artzapezpikutzan ere jarri nuen salaketa, eta Errepublikako Fiskaltza Nagusian ere bai. IDHUCAn salaketa jartzeko laguntza eskaini zidaten. Gaur egun, nire “kasua” Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrean, CIDH, ere badago. Fiskaltzan, oraingoaren aurreko fiskalak ikerlari bat jarri zuen nire kasua aztertzeko, baina gero fiskala aldatu zuten, eta orain ez daukat ikerlaririk, eta nire kasua geldirik dago.

2001ean salaketa jarri nuenean, “Marianella García Villas" Giza Eskubideen Urraketen Biktimen Senitartekoen Batzordearekin –CODEFAM– bat egin nuen, eta “Amen” indarra eta laguntza ezagutu nituen han.  Monsinore Romero Kontzertazioan “Madre” Guadalupe4ren ordezkoa naiz, bera oso nagusia da eta ezin du nahi beste parte hartu. Halaxe egiten dut 2010. urteaz geroztik. Talde honen koordinatzailea Aita Freddy da, eta Monsinore Romeroren hilketagatiko prozesu/auzi juridikoaren inguruko alderdi guztietan laguntzen dugu. Talde honetako kide guztiak biktima edo biktimen senitartekoak gara; eta horrek zilegitasuna eta indarra ematen dizkigu salaketak jartzeko. Monsinore Romerorentzat justizia lortu nahi dugu.

2018az geroztik El Salvadorreko Gatazka Armatuaren Biktimen Erreparazio Integralerako Legearen aldeko Kudeaketa Taldean ere banago; beti “Madre Guadalupe”ren alde egiteagatik. Baina gaia ez dira inondik lantzen ari, eta gainera, Legebiltzarrean Amnistiaren Lege berria onartu nahi dute, biktimak iraintzen gaituena. Ezin izan dut nahi beste parte hartu, ez nago oso ondo osasunez, alabak minbizia du, eta oraindik ezin burua altxa gabiltza… Gaur egun bilobak laguntzen dit ekonomikoki, nik ez baitut inongo instituzio edo erakunderen laguntzarik.

Eta hemen gara, Legebiltzarkideek egiten duten guztiaren kontra borrokan; izan ere, Amnistiaren Lege berria onartu nahi dute, eta biktimen eskubideen urraketa erabatekoa da. Horrenbeste ahaleginekin landu dugun Lege Integrala onartzea nahi dugu, benetako erreparazio moral eta materiala, egia eta justizia, eta ez errepikatzeko bermea egon daitezen.

Yo soy líder de mi comunidad para el desarrollo comunitario y también sigo de catequista. Este último año no he podido participar mucho en nada, por mi enfermedad. En el Grupo Gestor ha habido varias actividades, Conferencias de Prensa, visitas a la Asamblea Legislativa y varias cosas más. Cuando me sienta mejor voy a volver al Grupo Gestor, tenemos que tener confianza de que vamos a lograr que nos aprueben la Ley Integral, la que hemos trabajado las víctimas, con el apoyo de la sociedad civil.

(Testimonio fue tomado con el apoyo de Tania Cañas, enero 2020)

1. José Simeón Cañas Erdialdeko Amerikako Unibertsitatea.

2. Frente Farabundo Martí para la Liberación Nacional, FMLNren irrati klandestinoa.

3. El Salvadorreko Heriotzaren Eskuadroiak eskuin muturreko talde paramilitarrak dira, El Salvadorreko gatazka armatuan sortuak.

4. Guadalupe Mejía, “Madre Guadalupe” gisa ezaguna, CODEFAMeko lider historikoa da, bai eta zigorgabetasunaren aurkako El Salvadorreko beste borroka-gune batzuetakoa ere. Adinean aurrera doan arren, Erreparaziorako Lege Integrala lortzeko borrokan aritu da, ahal izan duen heinean.

http://www.probusqueda.org.sv/grupo-gestor-para-la-ley-de-reparacion-de-victimas-realizo-foro-audiencia-de-la-cidh/

http://www.cultura.gob.sv/secultura-edita-libro-sobre-origenes-de-las-organizaciones-populares/