es / eu

Gatazka armatuaren emakume biktimen egiari buruzko txostena:
ikerketa/ekintza prozesua

Kolonbia

Kolonbiako Ruta Pacífica de las Mujeres (RPM) izenekoak La Verdad de las Mujeres. Víctimas del conflicto armado en Colombia txostena argitaratu zuen 2013an. Txosten horretan, gatazka armatuaren markoan emakumeen kontra eragindako giza eskubideen urraketa larrien 1.000 kasu inguru dokumentatzen dira. Kolonbian ikerketa-lan berria izan zen hori; herrialdeko 9 eskualdetan egina eta balio kolektibo handiko lana. Lekukotza eman zutenez gain, RPMko 70 bat emakumek hartu zuten parte prozesuan, elkarrizketak egiten eta dokumentazioa biltzen, eta azken txostenaren digitalizazioan, kodifikazioan, idazkuntzan eta sozializazioan (http://publicaciones.hegoa.ehu.es/publications/290).

Ikerketa/ekintza prozesu hori 2010ean hasi zen, gatazka armatua bete-betean zela, eta emakumeen giza eskubideen urraketa larrien 933 kasu indibidual eta 9 kasu kolektibo dokumentatzera iritsi ziren. Elkarrizketatu ziren pertsonak 17 eta 83 urte bitartekoak ziren, eta honela identifikatu zuten euren burua: mestizoak (% 46,8), afroamerikarrak (% 26,3), indigenak (% 5,7) eta beste identitate etniko batzuetakoak (% 21,2). Ekintza horrek, protagonistek Emakume kolonbiarren Egiaren Batzordea izendatu dutenak, zentzu erreparatzailea eta duintzailea izan du bizirik irten diren emakumeentzat; izan ere, haien hitzei eta esperientziei balioa eta haien memoria indibidual eta kolektiboko ariketari zentzu politikoa eman zien (https://www.youtube.com/watch?v=nQs3_bxdNl4&feature=youtu.be).

Txosten horretan egiaztatu egiten da gatazka armatuan zehar emakumeen kontra erabili zen indarkeriaren maila altua. Dokumentatutakoaren arabera, emakume bakoitzak 4 edo 5 indarkeria-ekintza pairatu zituen, eta % 25 baino gehiago 6 indarkeria mota desberdinen biktima izan zen. Emakumeen % 83k osotasun pertsonalaren kontrako erasoak pairatu zituen; hala nola, torturak eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo laidogarriak. Emakumeen % 15ak tortura fisikoak pairatu zituela aipatu zuen; % 54k tortura psikologikoa, eta % 13k sexu-indarkeria. % 76 desplazatzera behartu zuten, eta % 42k galera materialak izan zituen, haien ondasunak suntsitu zituztelako, etxean indarrez sartu zirelako edo/eta konfiskazioen eraginez. Gainera, agerian geratu zen % 15ak, bizitzan zehar, sexu-indarkeria pairatu zuela; % 25 baino gehiagok indarkeria pairatu zuela haur zirela, eta % 33k indarkeria pairatu zuela bikotekidearen eskutik. Gertaera horiek baieztatu egiten dute emakume kolonbiar askoren kontrako indarkeriak jarraitu egiten duela bizitzako hainbat eremutan: etxean bertan zein gatazka armatuaren jokalekuetan (https://www.rutapacifica.org.co/publicaciones/197-version-resumida-comision-de-la-verdad-y-memoria-de-las-mujeres).

2016ko azaroan, gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC-EP) Gatazka Amaitzeko eta Bake Egonkor eta Iraunkorra eraikitzeko Bukaerako Akordioa izenekoa sinatu zuten, eta herrialdea hori inplementatzeko erronkan murgilduta dago. Testuinguru horretan, La Verdad de las Mujeres. Víctimas del conflicto armado en Colombia izeneko txostena dokumentu historikoa da, baina bai eta oso tresna baliotsua ere egia, justizia eta erreparazioaren agendan eta emakumeen eskubideen ikuspegitik errepikatuko ez delako bermean eragiteko.