es / eu

es / eu

Egiaren eta Memoriaren aldeko Monumentua

El Salvador

Batik bat emakumeek osatutako giza eskubideen aldeko erakundeen kolektibo zabal batek gatazka armatuko biktima zibilen omenezko memoria-espaziorik handiena inauguratu zuen San Salvadorren 2003an. Egiaren eta Memoriaren aldeko Monumentua du izena, eta bertan, 1970eko hamarkadako errepresioan zehar eta 1980 eta 1992 arteko gatazka armatuan hil edo desagerrarazi zituzten pertsonen 29.000tik gora izen grabatzea lortu zuten. 1992an sinatu ziren gobernuaren eta Frente Farabundo Marti para la Liberación Nacional (FMLN) erakundearen arteko Bake Akordioak. Monumentu hartan, halaber, aldi horretan herritarren aurka eragindako 194 sarraski ere aipatzen dira.

Bake Akordioen harira sortutako Egiaren Batzordeak gerra garaian gertaturiko indarkeria-kasu larriak ikertu zituen, eta horien arteko % 95 Estatuari (armada, polizia taldeak eta heriotzaren eskuadroiak) egotzi zizkion. Erreparazio-gomendio sinbolikoen artean, gatazkaren biktimak aintzat hartzeko memoria-espazio bat sortzea proposatu zuen Batzordeak. Hala ere, Batzordea indargabetu egin zuten eta haren gomendioak gaitzetsi egin zituen orduko eskuineko gobernuak. 1993an, Batzar Legegileak Amnistia Orokorreko Legea onartu zuen, eta blindatu egin zuen zigorgabetasuna herrialdean.

Zapi urte baino gehiagoan, Giza Eskubideen Urraketen Biktima Zibilen omenezko Monumentuaren aldeko Batzordea izenekoak oinarri sozialetik lan egin zuen memoriarako eta duintzerako espazio hori egia bihurtzeko. Zeregin horien artean biktimen izenen ikerketa eta dokumentazioa (dagoeneko baziren datu-baseak bateratuz eta datu berriak txertatuz), oroigarriaren diseinua, baliabideak lortzeko kanpainen burutzea eta eraikuntzaren kudeaketa osoa zeuden. Izen propioak grabatuta dituzten granitozko xaflak dauden hormak 90 metro ditu, eta El Salvadorreko historian errepresioaren eta borrokaren mugarriak irudikatzen dituen hormirudi bat dago bertan (https://www.youtube.com/watch?v=30dJgTunXsM).

Memoria-gune hori -herrialdeko garrantzitsu eta handiena- giza eskubideen mugimenduari eta mugimendu feministari loturiko emakumeen ahalegin etengabearen emaitza izan zen. Urteak joan ahala, oroigarri hori osatzeko eta erreibindikaziorako espazio bihurtu da biktimen senitartekoentzat; elkartzeko eta galeraren inguruabar traumatikoen ondorioz bete ezin izan den dolua lantzeko eta justizia eskatzen jarraitzeko topagunea da. Tresna pedagogikoa ere bada gerra zuzenean bizi ez duten belaunaldi gazteagoei biktimen memoria transmititzeko. Izan ere, egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta berriro gertatuko ez delako bermearen agendan emakumeek gauzatzen duten aktibismoaren barruan, memoria historikoa erdigunean dago, eta “berriro hutsetik hasi” politika ofizialen aurrean ekintzarako ardatza da. Giza eskubideen urraketarekin zerikusia duten memoria-guneak nahiz data garrantzitsuen oroitzapenaren oinarrian dago gogoraztea zigorgabetasunaren aurkako borrokaren parte bat delako uste kolektiboa (http://publicaciones.hegoa.ehu.es/es/publications/292).