es / eu

Gatazka armatuan emakumeen aurkako sexu-indarkeriaren kontrako
Kontzientzia Auzitegia

Guatemala

Hainbat urtean lanean aritu ondoren, 2010eko martxoaren 4 eta 5ean, Gatazka Armatuan emakumeen aurkako sexu-indarkeriaren kontrako Kontzientzia Auzitegia egin zuten Guatemala Hirian, erakunde feministek, giza-eskubideen aldeko erakundeek eta biktima zuzenek bultzatuta; hala nola: Unión Nacional de Mujeres Guatemaltecas (UNAMG), Equipo de Estudios Comunitarios y Acción Psicosocial (ECAP), Mujeres Transformando el Mundo (MTM), Coordinadora Nacional de Viudas de Guatemala (CONAVIGUA), Asociación La Cuerda, Centro para la Acción Legal en Derechos Humanos (CALDH), etab. (http://unamg.org/tribunal-de-conciencia).

Auzitegiak bi egun iraun zuen eta 800 lagunetik gora bildu ziren bertara; han, gatazka armatuan zehar (1960-1996) eragindako sexu-indarkeriaren biktima izan eta bizirik irten ziren zazpi emakume maiak agertu zuten beren lekukotza. Zortzigarren lekukotza bat ere izan zen, indarkeria horrek jarraitzen duela adierazteko; komunitate indigenen kontra Estatuak eragiten dituen lur-desjabetzen esparruan, hain zuen. Lekukotza horiez gain, honakoa bezalako auzitegi sinbolikoetan lehenengo aldiz, zazpi adituren peritu-txostenak aurkeztu ziren, eta sexu-indarkeria, haren testuingurua eta haren eraginak aztertzen ziren bertan hainbat diziplinatatik: Estrategia militarra, generoa, alderdi psikosoziala, medikoa, antropologikoa, kulturala eta juridiko eta doktrinarioa, den denak garrantzi handikoak (http://publicaciones.hegoa.ehu.es/publications/279).

Auzitegiak egiaztatu ahal izan zuen gatazka armatuak iraun zuen bitartean sexu-indarkeria ez zela isolatutako gertaera bat izan; aitzitik, matxinatuen kontrako Estatuaren politikaren barruan zegoen, eta bereziki herritar maien kontra zuzendua. Sexu-indarkeriaren biktima izan ziren emakumeen % 89 indigenak ziren. Historia Argitzeko Batzordearen Guatemala: memoria del silencio (1996) txostenean adierazi zuten sexu-indarkeria emakumeen kontrako jardun ohiko eta sistematikoa izan zela, baina ez ziren horren dimentsio osoa jasotzera iritsi..

Guatemalako sexu-indarkeriaren barruan honako hauek gertatu ziren: biluztera behartzea; pertsona batek edo gehiagok bortxatzea; soldaduekin, komisionatu militarrekin edo autodefentsa zibileko patruilariekin bizitzera behartzea; sexu-esklabotza, etxeko esklabotza, etab. (http://ecapguatemala.org.gt/publicaciones/tejidos-que-lleva-el-alma-memoria-de-las-mujeres-mayas-sobrevivientes-de-violaci%C3%B3n). Emakumeek justizia-sistema nazionalera iristeko dituzten eragozpenen aurrean, Auzitegi hori ekintza politiko sinbolikoa izan zen isiltasun luzea hautsi eta bizirik irten ziren emakumeen egia argitara emateko. Horrez gain, gertatutako guztiaren erantzukizuna emakumeengan ez baizik eta Estatuko segurtasun indarrengan jartzeko balio izan zuen (https://youtu.be/myYXn9FAfQo). “Entzun gaitzatela, eta jendeak jakin dezala gu ez garela errudunak”, hori izan zen Auzitegia prestatzeko prozesuan emakumeek gehien errepikatu zuten eskaera. Auzitegi hartan, funtsezkoa izan zen emakume haiek laguntza psikosoziala, familiarra eta komunitatearena jaso izana. Auzitegi hura bizirik irten ziren emakume haiek duintzeko ekintza izan zen eta, beste faktore batzuen artean, ateak ireki zituen emakume haietako batzuk bideari ekin eta, 2011n, gatazka armatuan eragindako sexu-indarkeriako gertaerengatik lehenengo zigor-kereila aurkezteko. Prozesu hura 2016an amaitu zen, Sepur Zarco kasua deiturikoaren epaiketa eta kondena-epaiarekin.