es / eu

Haydee Castillo (Nikaragua)

Segoviakoa naiz, mila istorioko lurraldekoa, bidegabekerien aurka horrenbeste aldiz altxatu dena.

“Batek inoiz ez du jakiten noiz bihurtzen den defendatzaile, baina horren kontzientzia hartzen duzunean, badakizu eginkizun asebetegarrienetako bat dela, horren truke ordaindu beharreko kostua edozein dela ere”.

Somozaren diktaduraren kontra borrokatu zen, ikasleen mugimenduetan parte hartu zuen, emakumeen mugimenduetan eta bestelako hainbat espazio antolatutan ere bai, somozismoa boteretik kendu ondoren. Beste espazio batzuen artean, Las Segoviaseko Lidergoen Institutuaren sortzailea da. Meatzaritzaren aurreko Mugimendu Nazionaleko (MONAFMI) kidea da. Feminista eta borrokalari nekaezina. Gaur egun erbesteraturik dago.

Jatorria

Nik nahi izan gabe, gerraren alaba naiz. Somozaren diktaduraren kontrako gerra bizi izan nuen; gero, Sandinisten eta Nikaraguako Erresistentziaren arteko 80.eko hamarkadako gerra bizi izan nuen, eta orain, 2018an, herria beste tirania baten aurka nola altxatzen den bizi izan dut. Oraingoan ez da bi bandoen arteko gerra, armarik gabeko herriaren eta diktadura kriminal baten artekoa, baizik. Nikaraguako hiriburutik urrun, herri handi samar batean hazi nintzen, Ocotalen, Nueva Segoviako departamentuan, Hondurasko Errepublika adiskidearekin mugan. Magikoa da, hareaz beteriko ilunabar horixkekin; txorien txioen artean kafea hartzeko uneak, herriko emakume adituek etxean egindako ogiarekin lagunduta (kalabazoak, biskotelak eta erroskillak, mazapanak edo semitak).

Klima atsegina, narea du, auzotartasun eta asmo onez beteriko lekua da, ezagutu ez arren, denok elkar agurtzen, elkarri laguntzen eta gainerakoen bizitzak arduratzen gaituen tokia. Elizako kanpai-hotsek jainkoari otoitz egitera joateko ordua dela iragartzen dute. Beste batzuk kultu ebanjelikoetara joaten dira, azken urteetan ugaritu egin dira, eta eskola baino eliza gehiago daude. Nueva Segovia bidegabekeria askoren jokaleku izan da, baina bai eta ekintza heroikoen jokaleku ere. Baliabide natural asko ditu, baina, aldi berean, lurralde txirotua da, klase politikoak obrak ikusgarriagoak diren tokietan eta boto-emaile kopuru handiena dagoen lekuetan inbertitzen baitu.

Justizian, berdintasunean eta elkartasunean oinarrituriko balioetan hazi ninduten. Juan, aitak, eta Nimia, amak zintzotasunaren, askatasunaren eta burujabetzaren filosofian hezi gintuzten 8 seme-alabak. Inoiz ez zuten ezberdintasunik egin sei mutilen eta bi emakumeren artean, ez gaitasunei ez eginkizunei dagokienez. Familia batua dut, oso alaia.

Herriko gertakarietatik, Latinoamerikako diktaduren eta matxinadetatik haragoko errealitateari begiak zabalduz

Nerabe nintzenetik izan dut begirada egunerokotasunetik urrunago doazen alderdietan jarrita. Uhin laburreko irratia zuen aitak, eta, hari esker, ondo informatuta egoteaz gain, herrixka hartatik herrialdean eta munduan gertatzen zenaren ikuspegi globalagorantz iristen ginen. Horrela jakin nuen Latinoamerikan gauzatzen ari ziren iraultzen berri, beste diktadore batzuk ere bazirela, eta Nikaraguan bizi genituen oso antzekoak ziren bidegabekerien berri. Gauzak aldatzeko borrokatzeko grina sentitzen nuen, eta Gazteriaren Gurutze Gorrian sartu nintzen. Hor jakin nuen hiri inguruko auzoetan gosea eta miseria bizi zutela, preso politikoen egoeraren berri izan nuen, emakume eta nesken kontrako indarkeria eta bestelako egoera batzuk ere ezagutu nituen.

Gazteria Frantziskanoko(JUFRA) kide izatea nire herriko lehenengo mugimendu iraultzaileetan hasteko bidea izan zen: Ebanjelioa aztertzen genuen, Asisko San Frantzisko ere bai, baina nazioaren errealitatearen ikuspunturik. Irakurle klubeko kide ere izan nintzen eta han, botere absolutu bat bazelako errealitate gordin horretara begiak zabaltzen zizkigun literatura partekatzen genuen. Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren (FSLN) borrokari buruzko berriekin hazi nintzen,bai eta Somozaren diktadurari aurre egiten zioten beste talde batzuen berriekin ere: Batasun Demokratikoa UDEL, Fronte Aurkari Zabala FAO, AMPRONAC Arazo Nazionalaren aurreko Emakumeen Elkartea, Bigarren Hezkuntzako Ikasleen Federazioaren (FES) mugimendua eta MES Ikasleen Mugimendua.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan Nikaraguak Somozatarren gobernupean jarraitzen zuen, Latinoamerikaren historiako diktadura militarrik ankerrenetako bat. Giza eskubideen urraketa oso larrien garaia izan zen: preso politikoak, bahiketak, behartutako desagerrarazteak, hilketak, emakumeen bortxaketak eta jazarpena. Hiri osoak bonbardatu zituen diktadura. 50.000tik gora herritar hil zituena.

Mugimendu iraultzaileari atxikitzea

Nire neba-arrebekin batera atxiki nintzaion Somozaren diktaduraren kontrako borrokari; kontzientzia osoa nuen hori zela gauzak aldatzeko bidea, eta 1976-77 urteetarako Batasun Demokratiko Liberalean (UDEL) nengoen, nire hiriko pertsona heldu eta gizon ospetsuek osatua; beraz, bilera klandestinoak egiten genituen diktaduraren errepresioaren beldur. Geroago, Fronte Zabal Opositorean (FAO) sartu nintzen, eta beste espazio gazteagoetan ere, MES eta AESen. 13 urte nituenetik egin dut lan politikoa bigarren hezkuntzako zentroetan, Esteliko Eskola Normalean eta San Marcos Carazo Eskola Normalean, Segoviako Institutu Nazionalean (Leonardo Matute da gaur egun) eta moja frantziskotarrek zuzentzen duten Inmaculada Concepción Eskolan.

1978ko apirilean ikasleen greba izan zen nazio osoan, Marcio Jaen eta Tomas Borgeren1 askatasuna eskatzeko, bortizki torturatzen ari ziren bi preso politiko. Gure ekarpena izan zen ahizpak eta biok ikasten genuen Inmaculada Concepción Eskola hartzea. Nire nebek eta haien gelakide batzuek ere gurekin bat egin zuten. Beste gertakizun basati bat izan zen Leonardo Matute izeneko gure herriko gerrillari gazte baten hilketa. Guardia Nazionalak kaleetan barrena eraman zuen arrastaka, eta horrenbeste hunkitu gintuen horrek ezen ehorzketa sinboliko bat eta mobilizazioak egin baikenituen hirian. Gertakari haiek jazarpena areagotu zuten, eta diktaduraren kontrako jendea atxilotu zuten; beraz, gure gurasoek kafe-finka batera eraman behar izan gintuzten, beste departamentu bateko mendietan.

FSLNk gidatutako borrokan hainbat hamarkadaren ondoren jendearen sumina handituz joan zen, eta herrialdearen hainbat tokitan gero eta matxinatu gehiago ziren. Azkenik, 1979an Iraultza Sandinistak-RPS irabazi zuen. Une historikoa izan zen, herri oso baten poza eta ospakizuna. Tirania odolzale baten gaineko garaipena izan zen, 40 urte baino gehiagoz, herrialdea finka bat izango balitz bezala “desgobernatu” zuen dinastia baten gaineko garaipena. Eta amesten hasi ginen, azkenik, herrialde aske, burujabe, berdinkidea izango ginela; gure etorkizuna eta gure historia erabakitzeko gaitasuna izango genuela, gure lider historiko Augusto Cesar Sandinok amestu zuen bezala.

Beste milaka gazterekin batera, nire lehenengo zeregina izan zen landa-eremuetara joatea hango jendea alfabetatzera. Izan ere, Nikaragua zen analfabetismo maila altuena zuen inguruko herrialdea. Zutabearen burua izan nintzen eta brigadistak zeuden hainbat leku bisitatzea egokitu zitzaidan.

Nire eskualdean ez zegoen unibertsitaterik, Iparreko Eskualdeko Unibertsitate-Zentro (CURN) sortu berrian oinarrizko maila besterik ezin zen ikasi, beraz, hiriburura joan behar izan nuen ikasten jarraitu ahal izateko. 1980an, iraultzak irabazi ondoren, ikasleen mugimenduan militatzen jarraitu nuen; Unibertsitate Nazionaleko Unibertsitate-Zentroan (CUUN) hain zuzen. Bete betean sartu nintzen ikasleen eta gazteen lider gisa unibertsitateetan, eta geroago Luisa Amanda Espinoza Nikaraguako Emakumeen Elkartean AMNLAE. Han, Nazio Zuzendaritza taldeko gazteena nintzen, eta FSLN alderdiaren egituran amaitu nuen.

Somozaren kontrako gerraren dolua amaitu gabe, beste gerra batean geunden

Ikasleen espazioetan curriculumaren eraldaketa bultzatu genuen Unibertsitatea/Komunitatea lotura lantzera bideratzeko. Nikaragua berria nola eraiki pentsatzen hasiak ginen, gazteria herriarengandik hurbil kokatuta, baina ez genuen astirik izan horrenbeste amets gauzatzeko, uste baino lehen, Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko gerra hotzean nahasita geratu baitzen. Somozatarren kontrako gerratik irten berriak ginen eta gutxira, somozismotik zetozen zenbait talde, Iraultza Sandinistak herrialde sozialistekin bat egitearekin ados ez zetozen beste zenbait, eta iraultzako hainbat buruzagi gauzatzen ari ziren giza eskubideen urraketekin desados zeuden beste zenbait ere berrantolatzen hasi ziren, eta Ipar Amerikako Estatu Batuetako Reaganen gobernuaren laguntzarekin, apurka-apurka Nikaraguako Erresistentzia izenekoa antolatu zuten, borroka armatuarekin, sandinismoari boterea borrokatzeko.

Somozaren kontra bizi izan genuena bezain gerra bortitza izan zen, eta beste 50.000 biktima inguru izan ziren. Gerra hura nire jatorritik eta sinesten nuenetik bizi izan nuen, sandinismotik; eta ahal izan nuen beste defendatu nuen iraultza. Zoritxarrez, ordea, oso garesti ordaindu zuen emakume eta gizonen belaunaldia izan ginen. Bizitzaren aldi zoragarri hura ez genuen normaltasunez bizi izan; gerra-eremuetan, kotoi- eta kafe-uztak jasotzea izan zen gure zeregina; SMP-Aberriaren aldeko Zerbitzu Militarrean sartzeraino. Eta handik, hainbat eta hainbat kidek ez zuten itzultzerik izan. Nik ere garesti ordaindu nuen: ni bizirik irten nintzen, baina Nikaraguako Erresistentziak nire lehenengo senarra hil zuen segada batean. Bizipoza zerion gazte bat zen, nerabe zenetik gerrilla sandinistarekin bat egin zuena German Pomaresekin batera Carlos Fonseca Amador Iparreko Frontean. Somozaren kontrako lehenengo gerratik bizirik irten zen; bigarrenetik ez, ordea. Gerra garaiko senar-emazteak izan ginen, aldi gutxi batzuetan soilik ikusi genuen elkar, berarentzat arrisku handia zelako zegoen lekutik irtetea, eta berehala geratu nintzen alargun. Hala ere, ezin izan nuen dolurik egin, beste hainbat eta hainbat gazterena bezala, nire bizitza iraultzaren defentsan emana bainuen.

Baina borroka horretan, bazen beste alderdirik ere, gazteriaren berezko errebeldia, benetako adiskidetasuna, gure artean neba-arreba gisako lotura ederrak sortzea, ezkongai-harremanak, “El Pueblo Unido Jamás Será Vencido” Quilapayunen musika inspiragarria, UNANen Radio Revolución izenekoan entzuten genuena, apirileko ilargi betea kotoi-soroetan, Jinotega eta Matagalpako ibaietako murgiltze izoztuak, Nikolai Ostrovskiren “Asi se Templó el acero" eta Julius Fuciken "Reportaje al Pie de la horca" liburuen irakurraldiak, ikasketa-zirkuluetan mamitzen genituenak, bizia jokoan jartzen genuen aldi hari ekiteko beharrezkoak ziren ausardia eta konbentzimendu eredu haiek imitatzeko.

Gerra Hotza, mundu bipolarra, kontra-iraultza eta tiraniaren kontra borrokatu eta gauza bera bilakatu zirenen traizioa

Baina herrialde bat autodeterminazioz eraiki eta gure historia propioa taxutzeko ametsa zapuztu egin zen: alde batetik, Estatu Batuek Kontrairaultza eta Sobietar Batasunak sandinismoa finantzatuz sortutako gerra bortitzagatik, baina, horrez gain, iraultzako buruzagi garrantzitsu askok somozismoaren ohiko portaerak bereganatu zituztelako, ustelkeria-dinamikak eta botere-hegemonia lortzeko borroka gogorrak, esaterako. Ilusioa galduz joan ginen aldaketaren eta herrialde hobearen aldeko borrokan parte hartu genuenok.

80.eko hamarkadaren amaieran, alde bientzat eutsiezina zen jadanik. Hildakoak egunero, herria eta gatazkan zeuden alderdiak ahituta zeuden. Boterean zen FSLNren eta Nikaraguako Erresistentziaren artean bake-hitzarmena sinatuta amaitu zen gerra. Estelitik Ocotalera doan Kukamonga aldapan zehar segada baten beldurrik gabe eta bakearen2 lasaitasunarekin ibiltzea dut gogoan. Baina bake-akordioekin eta, FSLN gobernutik kenduta, Violeta de Chamorro andereak errepublikako presidentetza hartuta, energia eta antzeko eskubideen pribatizazioa eta neoliberalismoa etorri ziren; eta horrekin, gure onena iraultzari eman genion askoren etsipena. Daniel Ortega eta Rosario Murilloren familiak eta haien hurbilekoek FSLN alderdia pribatu zuten apurka-apurka; haren ikurrak, heroi eta martirien herentzia, ondarea, borrokaren historia. Lortuak genituen eskubide apurrak suntsitu zituzten dinastikoki boterean tinkatzeko. Nire barruan beti sentitu izan dut “auzo-pena”; iraultza honek elkartasun handia piztu eta jaso baitzuen munduan zehar.

Somozismoko jardunak itzuli ziren: diputatu eta herriko plazako komandanteak gobernatu eta pertsonen bizitzaren gaineko erabakiak hartzen zituzten garaiak; boterean zegoen familia bat Nikaragua osoaren jabe zeneko garaiak; lanpostu bat lortzeko berme politikoak behar zireneko garaiak; Estatuko botere guztiak kaudilloaren esku zeudenekoak. Aurkarien hilketa selektiboak itzuli ziren, preso politikoak, torturak, itunak eta desagerrarazteko horrenbeste borrokatu ginen bestelako jardunbideak.

Somozaren aurkako nire borroka-ibilbidea nolako izan zen jakinda, ezin nintzen geldirik geratu errealitate horren aurrean. 90.eko hamarkadaren hasieran egoera salatzen hasi nintzen, eta ordurako ez autodeterminazioa ez duintasuna, ez askatasuna, ez justizia, ez milaka lagunen ametsak –bizirik irten ginenonak eta inoiz itzuliko ez ziren beste askorenak– adierazten ez zituen FSLN hartatik urruntzen.  Ez zen bat ere erraza izan, eta traizio-sentipena izan nuen. Dena eman nuela sentitzen nuen, gizon eta emakume berriak eraiki ahal izango genituela sinetsi izan nuela.

Lidergoen arteko konplizitatea gertatu zen, Ortega zaleak batzuk, Nikaraguako Erresistentziakoak besteak, eta berehala gertatu zen Daniel Ortegaren eta Arnoldo Alemánen3 arteko ituna. Arnoldo Alemanek somozismoaren interesak ordezkatzen zituen Alderdi Liberal Konstituzionalistan. Bi muturrek bat egin zuten puntu batean, ordura arte eraikitako instituzionaltasun apur hura eta geneukan zuzenbide-estatu apur hura suntsitzeko. Horrela babestu zuten elkar bi kaudilloek, Nikaraguako historian beti gertatu izan den bezala: Ortegak hitzarmena onartu zuen haren alabaorde Zoylamerica Ortega Murillok sexu-abusu eta bortxaketagatik egindako akusazioaren aurrean4 epaitu ez zezaten, eta Arnoldo Aleman, Alderdi Liberal Independentekoak, hitzarmena onartu zuen 1999an, Mitch urakanak Nikaraguan eragindako oinaze eta kalteak5 arintzeko nazioartetik etorri ziren dohaintzez jabetu izanagatik zigor ez zezaten.

Feminista naizen aldetik, emakumeen eskubideen alde konprometiturik dauden beste emakume batzuekin batera, Zoylamericari lagundu genion salaketarekin; babestu egin genuen, sinetsi egin genion, Ortega kaudilloa salatu izanagatik CIAko eta inperialismoaren agentea zela esaten zutenen iritziaren aurka. Horrek oso ondorio larriak izan zituen Nikaraguako mugimendu feministarentzat eta Zoylamerica tinko babestu genuenontzat. Une hartatik aurrera, Ortega Murilloren diktadura hasiberriak begiz jo gintuen.

Iraultzari emandako bizitzaren aurrean traizio-sentipena

Iraultzak iraun zuen bitartean, familiarengandik urrun bizi izan nintzen, eta nire zeregin politikoa hainbat tokitan gauzatu nuen: unibertsitatean, alfabetatzeko taldeetan, herri-milizia sandinistetan, mendiko gerra-eremuetan uzta jasotzen, ikasleen, gazteen eta emakumeen iraultza babesteko antolamendu eta mobilizazioetan. Eta jakina, ikasi ere egiten nuen, oso argi baikeneukan lider eredugarriak izan behar genuela.

Ez zegoen “guretzako” astirik, eta garai hartan pentsatzen genuen kontu pertsonalak edo familiari zegozkionak ez zirela bizitza militantea bezain garrantzitsuak; are gehiago, “behe-burgesen ahultasuntzat” joak izan zitezkeen. Oso militante diziplinatua izan naiz beti. Dena ematen nuen, bizitzako gainerako arloekin egiten dudan bezala. Nire ardurapean zeuden pertsonekin zorrotza nintzen, eta batzuetan oso gogorra; agian, besteek nik neukan konpromiso maila bera hartzea nahi nuelako. Orain, historia distantziatik begiratuta, uste dut barkamena eskatu beharko niekeela. Baina asmo onez egiten nuen; agian, orain, apirileko matxinadako gazteek egiten duten bezala. Jarrera garbi eta gardena, herrialde berria eraikitzeko, historia eskuetan har zezakeen gazteria harena bezala. Baina, batzuetan, historiak guk amestutakoaz bestelako bidea hartzen du.

1990ean, iraultza galdu eta Batasun Nazional Opositorea (UNO) gobernura iritsi zenean, berriro ezkondu nintzen, nire lehenengo mutil-laguna izan zenarekin, Emiliorekin. Biak gara Ocotalekoak, eta hara itzuliak ginen familia kontuengatik. Halako etsipen politikoaren aurrean, bizimodu azkar eta nahasi hura uztea erabaki nuen, gerra garaian, etorkizuna ez delako inoiz ezer ziurra. Hala ere, handik gutxira, herriko bizimodu lasaiak ernegatu egin ninduen, eta gutxira Ocotaleko Ama-Etxearen buru nengoen erditzeen baldintzak hobetzen eta amak erditzeetan hil zitezen saihesten laguntzeko. Giza Sustapenerako Institutuarekin (INPRHU) bat egin nuen, lan egiten zuten kaleko haurrei laguntzeko; emakumeen eta nesken eskubideak babesteko Fundazioa (FUNDEMUNI) sortu nuen, emakumeen ahalduntzea lantzeko inguruko lehenengo GGKE izan zena; Nikaragua eta Honduras arteko mugan minak desagerrarazteko lanetan lagundu nuen, armadak Estatu Amerikarren Erakundearekin (OEA) egiten zuena, eta gerraondoko berreraikuntza lanetan ere bai, Departamentuko Garapen Kontseilutik (CDD).

Beste emakume batzuekin batera, Erdialdeko Amerikaren eta Kariberen Integraziorako Emakumeen Foroa (FMICAC)6 sortu genuen, bake-akordioek eta Erdialdeko Amerikaren integrazioak eskualdearen integrazioaren protagonista gisa jarriko gintuelako asmoarekin. Geroago, Ocotaleko Poliziarekin, emakumeen eta haurrentzako Komisaldegia sortzen lagundu nuen. 1988an Espainiako Ayuda en Acción GKE koordinatzen lagundu nuen Nueva Segovian. Proiektu zoragarri horri esker hainbat proiektu gauzatu ahal izan nituen jende zoragarriarekin: eskolak eraiki, eskolaurre komunitarioak, osasun-zentroak, ama-etxeak, akueduktu txikiak, nekazarien kooperatibak, bizitzarako hezkuntzan inbertitzea, basoen, uraren eta lurraren babesa indartzea, eta komunitatearen ehun soziala, euren giza eskubideak zein ziren jakin eta barnera zitzaten, eta emakumeen eta indigenen ahalduntzea ahalbidetzeko. Ilusio handia egiten zidan, eta asko poztu ere bai, haurrak edateko ur-txorrotak zabaltzen ikusteak; historian lehenengoz, emakumeak lurraren eta etxeen jabe zirela ikusteak; nekazari gazte eta indigenak batxilergoa edo Unibertsitateko ikasketak egiten ikusteak; lehenengoz, enpirismotik irten eta tituluak lortzeko aukera zuten maisu eta maistren poza ikusteak.

80.eko gerran aurrez aurre zeuden alderdien elkartzea: sandinistak eta Nikaraguako Erresistentzia

Nire bizitzan une ederretako bat izan zen kontrairaultzaren armagabetzearen hasiera, gerra-iheslariak Hondurasetik itzuli zirenean, eta Nazio Batzuetako PRODERE7 izeneko programarekin batera, beste pertsona batzuekin lankidetzan Departamentuen Garapenerako Batzordea8 sustatu nuena proiektu pilotu gisa, Jinotega departamentuak antolatutako beste proiektu batekin. Bi alderdietako lidergoen arteko topagunea eraikitzea zen helburua, batzen gintuzten alderdiak lantzeko eta gure arteko adiskidetza lantzeko. Sandinisten eta kontrairaultzaileen artean, alegia. Prozesua giza eskubideen ikuspuntutik gauzatu zen, eta biktima izan ginela eta gerran ez zuela inork irabazi kontzientzia hartu genuen; izan ere, herria izan zen benetako galtzaile, beti bezala, babesgabeenak. Prozesua hasieran irudikatu nuena baino errazagoa izan zen.

Gogoan dut Nueva Segovia Departamentuaren Garapenerako Lehenengo plana lantzen hasi ginela; askotariko Zuzendaritza Batzordea deitu genuen, eta han elkartu ginen Estatuaren ordezkariak, tokiko gobernuetako kideak eta gizarte zibileko ordezkariak; topaketa eta demokrazia ariketa ederra izan zen. Estatua eta alkatetzak herritarren zerbitzura edukitzea bezala izan zen, baina gerraondoan, banatzeko geneukan bakarra oinazea, pobrezia eta itxaropena ziren. Zuzendaritza Batzordean sektore bakoitzeko hiru ordezkari geratu ginen, eta niri nazioarteko harremanen ardura esleitu zidaten. Ondoren, koordinatzaileordea ere izendatu ninduten. Ohiko hizkeran esaten genuen bezala, nahasita geunden sandinistak eta kontrak, gerra eta oinazea atzean utzi eta garapenean aurrera egiteko modua aurkitu nahian.

Aldi berean, lehen aipatu ditudan egitura berberekin, Garapenerako Udal Batzordeak antolatzen joan ginen. Batzorde horietan, hala ere, komunitateetako eta mikro-eskualdeetako berezko lidergoen ordezkariak elkartu ziren, eta ez horrenbeste Estatukoak, Osasun eta Hezkuntza Ministerioak arazoak zituelako udal estaldura edukitzeko. Hala ere, ahalegina egin genuen Ekintza Sozialeko Ministroarekin eta CDDrekin batera Estatuko erakundeak udalerrietara ere irits zitezen. Kontrako aldeetan egon ondoren, ederra zen denak elkarrekin ikustea, adiskide gisa; denak biktimak izanik eta, aldi berean gure departamentuaren historia aldatuko genuelako itxaropenarekin, baina, orduko hartan, gu protagonista izanda.

Nueva Segoviak baliabide natural asko ditu, bai eta marmola ere. Gogoan dut Italiako gobernuak eta Nazio Batuen Garapenerako Programak (PNUD) gonbidatuta joan ginela, eta talde bat Napolira eta Carrarara joan ginen, lankidetza deszentralizatuaren eremuan inbertsio posible batzuk aztertzera. Nikaraguan, PNUDen aldetik milioitako inbertsioa lortu genuen departamentuaren berreraikuntzarako, baina 1996an boterera iritsi ziren alkate sandinista batzuk ahalegin guztia zapuztu zuten, gizarte zibileko erakundeek ezin genuela CDDn haien maila berean egon aitzakiatzat hartuz; kontuan hartu gabe CDDren berezko ezaugarria zela subiranoaren eta agintarien ordezkaritza antolatuaren arteko hitzarmena.

1998an, Mitch urakanak Erdialdeko Amerika osoa astindu zuen eta Nikaraguako zaurgarritasun politiko, sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak agerian utzi zituen. Ni Managuan harrapatu ninduen ustekabean, emakumeen foro batean nengoela, eta beste pertsona batzuekin batera, hainbat arrazoirengatik hiriburuan zeuden Nueva Segoviako jendea antolatu genuen. Gogoratzen dut Nikaraguako Armadan zegoen Osman Corea segoviarrarekin laguntza eramatea lortu genuela Ocotaleraino; helikoptero mexikar, estatubatuar eta nikaraguarrak erabili genituen. Nire senarra Emilio, nire alabak, Aurora eta Ana eta nire seme Emilio lur hartzeko pistara joaten ziren ni ikustera, eta ni Managuara itzultzen nitzen bilketarekin jarraitzera. Horri esker, ura ere eraman genuen Ocotaleko ospitalera, korronte bortitzek udalerria herrialdearen gainerakoekin lotzen duen zubia eraitsi baitzuten. Bitxia egiten zitzaidan atzerriko pilotuek hegaldi-ordu mugatua zutela, eta gureek, aldiz, aireko indarreko nikaraguarrek mugarik gabe egiten zuten hegan, konpromiso eta ekimen handiarekin.

1990 eta 2006 urteen artean, UNO eta PLC izan ziren gobernuan. Gobernu liberalak ziren, eta GKEk eta mugimendu sozialak presio handia eragin genien. Ni neu, hainbat ekimen bultzatzeko tokiko lanean sartu nintzen: Herritarren Parte-hartzea ahalbidetzeko Legea, Udal Gardentasunerako Legea, parte-hartzearen bidezko eta genero ikuspegitik landutako udal aurrekontuak, generoa, haurtzaroa eta gaztaroa kontuan hartuko zituzten udal politikak, Hondamendiak Prebenitzeko eta haiei Arreta egiteko Legea, besteak beste. Nikaraguako gizarte zibilarekin batera, eskubide asko eta herritarren parte-hartzea jasotzen zituen marko juridikoa landu genuen.

Ayuda en Accion taldean lana amaitzen ari nintzen, eta Las Segoviaseko Lidergoen Institutua sortzen, 2007ko hauteskundeak izan zirenean. FSLNk eta Daniel Ortegak boterea berreskuratu zuten. Zoylamericak bere salaketa publikoa egin zuenean izan nuen sentipen berbera eduki nuen Ortega boterera iritsi zenean. Gogoratzen dut negar egin nuela, eta senarrari esan nion haren nahiak zein ziren jakinda, segur aski betiko gelditzeko iritsi zela, ez zela inoiz boteretik joango. Gogora ekarri dut 2004an, Nikaraguako topaketa feminista batean egin genuen abagunearen irakurketa, eta, hain zuzen, ondorioztatu genuen, Arnoldo Aleman eta Daniel Ortegaren arteko ituna gauzatu ondoren, guretzat jokalekurik txarrena izango zela Ortega boterera itzultzea. Eta halaxe izan zen.

Autodeterminazioaren ametsari traizio egin zionaren aurrean eskubideak defendatzearen ordaina

Amestutako iraultzatik herrialde hobea eraikitzeko zeregin haren ondoren herrira itzuli nintzenean, formazioari eman nion denbora, eta plangintzan eta garapenean maisutza egin nuen, Costa Rican, Mexikoko Unibertsitate Autonomoak emana. Luxuzko irakasleak izan genituen, eta errealitatearen analisi kritikoak egiten genituen. Garai hark lagundu egin zidan nire etsipenari eusten, ikuspegia zabaltzen eta beltza eta zuriaz gain, bizitzak beste hainbat kolore dituela ulertzen, egia ez dagoela beti alde bakarrean. Gero eta gehiago balioesten nuen bizitzan funtsezkoena ez dela alderdi-ideologia, gizakiaren funtsezko balioak baizik, eta feminismoan ikasi genuen bezala, pertsona politikoa ere bada.

Esaten ari nintzen bezala, gobernu liberalak boterera iritsi eta 8 urtera, PLCko Arnoldo Alemanek herrialdea gobernatzen zuen bitartean, Mitch9 urakanak eragindako hondamendiari egin behar izan genion aurre: gure herrialdean metatuta zeuden miseria eta ezberdintasun guztiak agerian utzi zituen. Nueva Segovian, Ayuda en Accion ONGren proiektuaren koordinatzaile nintzenez, guk bultzatutako zenbait proiektu eta azpiegitura sozial –osasun zentroak, mini akueduktuak– uraren indarrak nola suntsitzen zituen ikusi ahal izan nuen. Hala ere, berresten dut bai gerrek eta bai hondamendiek gauza materialak eraman ditzaketela, baina ez ezagutza eta itxaropena berreskuratzeko autodeterminazioa. Oso gogorra izan zen pentsatzea gerraren oinazea oraindik gainditu gabe geneukala, berriro ere beste dolu baten aurrean geundela, zaurgarritasunen metaketak eraginda. Horrek guztiak pentsarazi zidan lehenetsi egin behar genuela baliabideak beste gauza batzuetan inbertitzea: komunitateetako lidergoen kultura politikoaren aldaketan, bizitzarako heziketan, giza eskubideen barneratzean, emakumeen eta gizonen eskubide berdintasunean, eta nekazariak eta indigenak hala izateaz harro senti daitezen lan egiten. Autogestiorako gaitasunak sortzen lan egin behar dugula, eta autonomia ekonomikoranzko urratsak ematen, eta lurraldeak eta bertako biztanleak hauteskunde-kanpainatarako bezero soil gisa ikusten dituztenen aldetiko manipulazioa saihesten. Finean, pertsonak euren garapenaren subjektu direla aintzat hartzeko eta estatuari eskubideen eta aberastasunen banaketa berdinkidea babesteko zeregina bete dezan eskatzen ekin behar dugula.

Gerrako doluen banakako sendabidea, memoria berreskuratzea, neu aldatu gizartea aldatzeko

Horrela, Ayuda en Accionen proiektua amaitu aurretik, Las Segoviaseko Lidergoen Institutua (ILLS) sortzeko zereginari ekin nion, gizarte gizatiarragoa bideratzeko eta ama lurrari eragindako zauriak osatzeko lidergoak eraikitzeko. Zuzendaritza Batzordeko kideen laguntza eta buru-argitasunari esker lortu genuen. Aukerako nire neba-arrebak, iraultzan elkarrekin izandakoak: Donald Méndez, Miguel Álvarez eta Ada Silva; Ayuda En Accion proiektuko pertsona baliotsuak: Karla Padilla, Lidia Olivas, Miguel Álvarez, Jennifer Altamirano eta Gregorio Calero, azken hori gidaria, nire joan-etorri guztietan egon zena, komunitateetan nahiz Ocotal-Managua bide-tarte horretan, ehunka aldiz ibilia. Geroago, Roger Lukek ordeztu zuen, eta gaur egun erbestean da. Baldintzarik gabeko aliatuak izan ziren, eta hala izaten jarraitzen dute José Manuel Pérez, Ana García, Antón González eta Enrique Rodríguez doktoreak, elkartasuna eta Nikaraguarenganako maitasun sakonaren adierazgarri diren galiziarrak.

Solidaridade Galega ONGrekin osasun-arreta berezia eman genien Nikaraguako iparraldean bederatzi milatik gora laguni. Haurrei ere ebakuntzak egin ahal izan zitzaizkien, eta aukera hori izan ez balute, ez zuketen inoiz oinez egiterik izango. Osasun Ministerioarekin eta Nikaraguako Karibe Kostaldeko Eskualde Autonomoetako Unibertsitatearekin (URACCAN) koordinaturik, baldintza penagarrietan otarrainaren arrantzan aritu izanagatik elbarri geratu ziren hamarnaka urpekariri10 arreta eskaintzeko aukera izan genuen. Osasun alorreko sindikatu eta langileekin ere lan egin genuen, prebentzio alorreko formazioa emateko.

Eta “unibertsoak konspiratu” egiten duela uste dudanez, ibilbide horretan emakume zoragarri bat aurkitu nuen, gerran neba galdu zuena; Martha Cabrera, eta elkarrekin konturatu ginen ezer ez zela posible izango aldaketak egin nahi genituen pertsonak izanik, gu geu aldatzen ez baginen; eta lidergo berriak eraikitzeko ezinbestekoa zela horrenbeste belaunalditan metatuta genuen oinazea osatzea, dolua ateratzea, negar egitea, bizitzea; desikasi, berriro ikasteko, eta memoriari eta borroka hauetan gure aurrekari zian zirenei ohore eginez osatzea.  Eta halaxe egin genuen, ILLSren eraikuntza-prozesuari ekin genion, eta berarekin batera beste hainbat etorri ziren; ametsak gauzatzen hasi ziren: lehenik eta behin osatze eta hazte pertsonala landu genuen bi urtez, Eraldaketa sozialerako lidergoa deitu genion prozesu hari, eta gerran borrokatu ziren eta oraindik ere orbandu gabeko zauriak zituzten lidergoek hartu zuten parte bertan. Isiltasunaren kulturatik gentozen; isildu egiten ginen, pertsonala dena ez dela politikoa sinesten genuen, ez dela kontuan hartu behar. Martha Cabrerak eskatu zidan ni neu hasteko nire historia kontatzen. Ez zen erraza izan, hainbat egun eman nituen horretan pentsatzen, eta azkenean baietz esan nuen, denontzako eskaintza bat bezala, baina, gero konturatu nintzen garrantzitsua izan zela, baina, batez ere niretzat.

Prozesu hartan oinazean murgildu ginen, gerrak utzi zigun kalte emozionalean, kalte indibidual eta kolektiboan, eta jakin genuen alderdi biek eragin zituztela basakeriak, eta alderdi bietan izan zirela aberri hobea eraiki nahi zuten pertsonak, denak neba-arrebak ginela, eta ezberdintasunak ezberdintasun, galeretan eta oinazean bat ginela.

Etsipenaren garaia, ustezko iraultzaile bat borrokatu zuen diktadore bihurtuta

FSLN 2007ko urtarrilean itzuli zen boterera; iritsi eta hiru hilabetera, Departamentuen Garapenerako Kontseiluaren11 ekimena zapuztu zuen. Gogoan dut Estatuko funtzionarioa, tokiko agintariak eta aldekoak Gurutze Gorriaren lokalera eraman zituztela, jarrera harroputz eta bortitza zuten, eta euren borondatea ezarri zuten, eta Zuzendaritza Batzordearen jabe egin ziren. Kolonia garaitik ordura arte buruzagi politiko eta ekonomikoek milaka aldiz ahaztuak izan zituzten udalerriak gobernatzeko modu berri hartan amets asko genituen. Ospitalean amaitu nuenez, ezin izan nuen Batzar hartan parte hartu.

ILLSen12 egiten genuen lanean buruzagi eta pertsona zoragarriak aurkitu genituen, bikainak eta erabateko eraldaketak egiteko gogoa zutenak. Suntsitu ziguten komunitate-ehuna berregin genuen, kupula politikoek baliatu zuten polarizaziotik irten ginen, botere pertsonal eta kolektiboa berreskuratu genuen, trauma guztiek eragindako oinazea kanporatu genuen, segoviarren identitatea indartu genuen, emakume, indigena, nekazari, iparreko izatearen harrotasuna indartu genuen. Baina garapena, lidergo berriak eraikitzeko prozesuak FSLNren itzulera aurkitu zuen bidean, Daniel Ortega kaudilloa buru zela, 2007an boterera itzuli zenean. Eta horrekin hasi zen nire sufrikarioa, ILLSren talde guztiarena eta ikuspegi komun hori lantzen kide genituen komunitateetako pertsonena.

ILLSn lanean jarraitzen genuen Ayuda en Accion taldearen laguntzarekin: hezkuntzan, bekatan, eskola-sortetan, eskolei material bibliografikoarekin laguntzen, irakasletza enpirismotik ateratzen… eta Ortegak egin zuen lehenengo gauza –tokiko funtzionarioen eta MINEDeko ordezkariaren laguntzarekin, zeina gure taldekidea ere izan zen– ordura arte geneuzkan hitzarmenak etetea izan zen. Ondorioz, eskoletarako sarbidea ukatu zitzaigun, bai eta AeA lankidetza talde espainiarraren laguntzarekin eraiki genituen eskoletarakoa ere. Zer gertatu zen? Argi dago. ILLS gisako erakunde bat –giza eskubideak irakasten zituena, ahalduntzea indartzen zuena, herritarrak eta errealitatearen ikuspegi kritikoa bultzatzen zituena, lurra eta zauriak zaintzen zituena kaudilloen mesedegarri zen polarizazioarekin ez jarraitzeko– mehatxu bihurtu zen Ortegaren erregimenarentzat, haren emaztearentzat eta maila guztietan zituen konplize guztientzat.

Eskoletarako ekarpenak haietatik kanpo ematera behartu gintuzten; landa-eremuetan, estatuaren azpiegiturak Ortega Murilloren ondare izatera aldatu baitzituzten. Polizia Nazionalarekin lankidetza-harremana eraikia genuen, zeinari esker, emakumeen eskubideei buruzko formazioa eta indarkeriari aurre hartzeko formazioa ematen baikenien. Hori ere amaitu egin zen. Armada Nazionalarekin gauza bera. Hondamendiengatiko arriskuen prebentzioan, defentsa zibilean eta abar lan egin genuen elkarrekin, eta Francisco Robles apaizarekin batera sortutako Ciudad Segovia Batzordearekin eta herriko pertsona filantropikoekin batera, komunitatearen eta armadaren arteko harremana indartu genuen, eta hainbat urte eman genituen kultura, tradizioak eta historia berreskuratzeko lanetan. Baina Ortega iritsi zenean, dena amaitu zen. Erakundeak “alderdikoak" bihurtu ziren, tokiko gobernuak bezala. Estatuaren eta gobernuaren espazio guztiak “Ortega Murillo diktaduraren ondasun” bihurtu ziren, eta haien mesedetan administratzen zituzten.

Guk jarduerak bultzatzen genituenean, ekintza paraleloak antolatzen zituzten, opariak banatzen zituzten, dena, jendea ILLSra ikastera joan ez zedin. Baina sinestezina izan zen; buruzagi gehienek ez zioten joateari utzi, denak ez ziren banatzen zituzten apurren tentazioan erori, duintasuna eta autodeterminazioa lehenetsi zituzten. Baina handik gutxira, mehatxuak iritsi ziren, haientzat eta guretzat13.

Erregimenaren aurka zeuden nekazarien hilketa selektiboei buruzko dokumentazioa eta salaketa, eta haiek babesteagatik nola kriminalizatu ninduten

2014ko irailaren 8an, Segoviako Emakumeen Mugimenduko MMS kide batzuk ILLSren tailerretako batera zihoazen, eta oso urduri iritsi ziren, esanez, San Fernando udalerriko San Nicolas komunitatean liskarrak izan zirela indar konbinatuen eta, ustez, Ortegaren erregimenaren aurka armak berriro hartu zituzten nekazarien artean. Gogoan dut tailerra bertan behera utzi genuela, eta emakumeentzako krisialdiko terapian zentratu ginela. Handik 6 bat egunera, Madriz departamentuko Totogalpako Santo Domingo komunitateko Julio Cesar Vargas Gutiérrezen –ezizenez, Triple H– senitartekoek jo zuten nigana, eta esan zidaten haren anaia hil zutela leku hartan, eta poliziak ez ziela gorpua eman nahi14.

Gogoan ditut haren arreba baten hitzak, FSLNren aldekoa zena, oinazez beteak: “nire neba ez da txakur bat, hil zuten tokian bertan ehortzia izateko”, eta herri-hizkeran esaten dugun bezala, bazter guztiak mugitu nituen, eta ILLSko taldearekin batera eta zenbait komunikabideren laguntzarekin, Poliziaren Laguntza Judizialeko burua estutzen hasi ginen, gorpua ematea lortu genuen arte. Baldintzekin hala ere, familiak berak hilkutxa hermetikoa ekarri behar zuen, eta esku-larruak ere bai, lurperatuta zuten lekutik ateratzeko. Baina, azkenean, hilketatik 7 egunera, gorpua ematea lortu genuen, eta irailaren 15eko gaueko 10etan, Totogalpan ehortzi zuten. Herri osoa bertaratu zen, eta elizako kanpai-hotsek lagunduta, Nikaraguako ereserkia abestu zuten, protesta eta errebeldia adierazteko.

Horrela identifikatu genuen erregimenaren segurtasun neurriek nola jarduten zuten; gaizkileen taldeak suntsitzeko aitzakiarekin, disidenteak hiltzen zituzten. Haiek, babesgabetasun eta kriminalizazio maila ikusita, eta mendialdeko lurralde hauetan ohikoa den bezala, diktaduraren inposaketa armen bidez ebazten ahalegintzen ari ziren berriro15.

Bi urte geroago, berriro ere beste hilketa baten aurrean geunden, Ciudad Antiguako16 Magdalena komunitateko hiru nekazari hil zituzten. Hauteskunde nazionalen egun berean, kafe-soro batean bazkaltzen ari ziren Nahun eta Margarito Mendoza eta Armando Lopez izeneko hiru laguni armaz egin zieten eraso. Haietako batzuek herritarren borroketan parte hartu zuten, botoa emateko eskubidea erabiltzea ahalbidetzen zuen identitate-txartela eskatzeko; Ortegaren erregimenak alderdirako gorde baitzuen eskubide hori, eta haren aldekoei soilik ematen zien. Une hartan, ILLSren presidentea nintzenez, gizarte zibileko behaketarako hainbat erakundez osaturiko Panorama Electoral17 partzuergoko parte nintzen, eta, beste erakunde batzuekin batera –Etika eta Gardentasuna, Nikaraguaren aldeko Mugimendua, Egin dezagun Demokrazia, Chontales eta Chinandegako Emakumeen Sarea, besteak beste–, hauteskunde-iruzurra ez ezik, ni ordezkari nintzen lurralde honetan gertatutako hilketa ere salatzea egokitu zitzaidan.

Erregimenaren aurka zeuden pertsonak ziren, eta uste da haietako baten bat armatuta zegoela, eta hil baino lehen bortizki torturatu zituztela. Une hartan, hilketa jazo zen lekurako ibilaldi bat antolatu genuen Esteliko egoitzako Giza Eskubideen aldeko Nikaraguako Zentroko (CENIDH) zuzendariarekin, Alberto Rosalesekin batera, udalerriko jendea bertara joateko beldur zelako, militarrak bertan zirelako. Leku hartara iritsi, eta hilketa izugarri haren frogak atera genituen. Berriro ere, Francisco Diaz Polizia Nazionalaren zuzendariordeak hilketa bidezkotu zuen esanez narkotrafikatzaileak zirela; baina inoiz ez zuten frogarik erakutsi, eta nekazariak armatuta egon eta borrokaldi bati erantzun ziotelako ebidentziarik ere ez zen agertu inon18.

Salaketa horren ondoren eskualdeko agintari baten deia jaso nuen salaketari buruz galdezka, erantzun nion Nikaraguan ez zegoela heriotza-zigorrik, eta gaizkileak identifikatzean egin behar zena zela auzipetu eta zegokien zigorra ordaintzea. Horren ondoren, giza eskubideen defendatzaile nintzenez, nire kontrako jazarpena areagotu egin zen, bai eta lurralde hartako gizarte-ehuneko hainbat buruzagiren kontrako jazarpena eta mehatxuak ere. Nire etxea, eta gainerako kide gehienena, ILLSren bulegotik 5 edo 7 kilometrora zegoen; egunero egiten genuen joan-etorria, baina gero eta maizago ikusten genuen Polizia Nazionala sarreran kontrolak jartzen, eta, batzuetan, gure lana betetzen genuen zenbait komunitateetaraino jarraitzen.

Ozeanoarteko Kanala, ustezko proiektuaren kontrako borroka, Ortegak burujabetza nazionala txinatar baten aurrean konprometitzeko Legea

Las Segoviasen jarraitzen genuen borrokaren helburua ere bazen lurra, ura eta basoak babestea19 horregatik bat egin genuen lurraren, aintziraren eta burujabetzaren alde Kontseiluan antolatuta zegoen nekazarien mugimenduaren borrokarekin, herrialdearen hegoaldean. Haiekin hainbat protesta ekintza egin genituen. Baina ordurako ez ginen aske hori egiteko, bilerak eta komunitateetarako bisitak zelatatzen zizkiguten. Ibilaldietan parte hartzeko, kultu erlijioso batera edo beste udalerri batera zereginen bat betetzera gindoazela esaten genuen, baina, hala ere, identifikazio-dokumentuak kentzen zizkiguten, argazkiak egiten zizkiguten eta autobus pribatuen jabeei debekatu egin zieten gu eramatea kanalaren kontrako martxetan parte hartzeko.

2017 urtean, Ozeanoarteko Kanalaren aurka egin ziren martxetan, Polizia Nazionala nire bila ibili zen Ocotaletik Managuara irteten ziren autobusetan, eta behin, Juigalpara20 zihoazenetan ere bai. Batzuetan, Polizia Nazionalak ni mugitzen nintzen autobusak geldiarazten zituzten, baina, zorionez, gidariek babestu egiten ninduten eta ukatu egiten zuten ni autobusera igo izana. Inoiz mozorrotuta ere joan behar izan nuen, ezkutuan edo azkeneko eserlekuen artean gordeta. 2017ko apirilean muturrera iritsi ziren: gauez, ILLSren kamioia kendu zioten gidariari, eta ni berehala mobilizatu nintzen beste kide batekin gertaera hura jazo zen herriraino. Bertan, poliziari eskatu nion kamioia itzultzeko, baina agenteek, ezagutzen nindutenez, isilpean eskatzen zidaten haiei ezer ez esateko, bazekitela bidegabekeria zela baina “goikoen aginduak bete besterik ez zutela egiten”21.

2017ko azaroaz geroztik, iparrean gertatzen ari ziren beste hilketa batzuen salaketan laguntzeagatik, ni beldurrarazten jarraitu zuten, jazartzen eta Polizia Nazionalaren ikerketa klandestinoen helburu izaten, nire hurbileko pertsonak erabiliz. 2018ko martxoan, 08:24 PM, Managuatik Ocotalerantz nindoala, Ocotal Somoto lotunean hain zuzen, Polizia Nazionalaren kontrol batetik igarotzean, ofizial batek geldiarazi gintuen; Madriz departamentuko Inteligentzia Burua zela esan zigun (Betanco, abizenez), eta nik hala eskatuta, adierazi zidan bertan zela eta ni geldiarazi egin ninduela muga-eremua zelako eta Aminta Graneraren, artean Poliziaren buru nazionala zena, jarraibideak bete behar zituelako.

Erregimenaren laguntzarekin meak ustiatzearen salaketa, AC. Sandino museoan, San Albino meategietan, Sandinok borrokari ekin zion lekuan

FSLN eta Ortega Murillo familiak harro esaten dute beti Augusto C. Sandinoren balentrien jaraunsleak direla; baina haien zekenkeria hainbestekoa zen, ezen, San Albino Meategia berriro ustiatzeko baimena eman baitzuten. Meategi hartan ekin zion Sandinok mea-enpresa gringoen kontrako matxinadari, El Jicaro udalerrian, Nueva Segovia departamentuan. Iraultza Sandinistak garaitu eta 4 urtera, 1983an, Nazioaren Ondare Historiko Kultural22 izendatu zuten meategia. Ustea dago erregimena enpresa horien laguntzaile eta bazkidea dela FSLNren zenbait alkatetzarekin batera, izen-mailegatzaileen bidez.

ILLSkook, Humboldt Zentroa Erakunde Anbientalistarekin, Meatzaritzaren aurreko Mugimendu Nazionala (MONAFMI) fundazioarekin eta Segoviako Emakumeen Mugimenduarekin (MMS) batera, komunitateak sentsibilizatzen jardun genuen, eta meatzaritzak euren bizimoduetan eta komunitatean izango zuen eragina salatzen23 2018ko otsailaren 21ean, Somozatarrek Sandino hil zutela gogoratzeko ekitaldia deitu genuen, salatzeko eta nazio mailan agerian uzteko meatzaritzak lurralde horretako bizimodua, ura, basoa eta ondare nazionala bera arriskuan jartzen zituela. Babestuta sentitzeko, Cocibolca taldea eta giza eskubideen beste defendatzaile batzuk gonbidatu genituen, Vilma Nuñez doktorea, CENIDHeko presidentea barne. Egun hartan oso goiz irten ginen El Jicaro herrira San Albino komunitatera iristeko; han, kanpaleku bat antolatuko genuen komunitateko kideekin hitz egiteko, eta jardunaldi kulturala izango genuen, Sandinoren historiaren pasarte batzuk irakurrita, Alejandro Bendaña24, “Sandino, Patria y Libertad” liburuaren egilearen ahotsean.

Matxinaden kontrako agenteak zain geneuzkan; San Albinorako bidea itxi ziguten. Ibilgailutik jaitsi eta Errepublikako Konstituzioa irakurri nien, mugimendu askerako eskubideari buruzko atala25, baina alferrik izan zen. Bidezidor batetik joan ginen, eta beste aldera iristean agente gehiago aurkitu genituen, udalerriko polizia buruarekin eta FSLNko jendetzarekin. Monumenturako sarbidea eragotzi ziguten, eta El Jicaroko alkatetza ortegazaleko ibilgailuei uzten zieten pasatzen, ikasle talde txiki batekin26. Guk behin eta berriz esaten genien eskubide berbera geneukala guk ere, eta, azkenean, eraso egin zigun polizia buruak27. Itxaron egin genuen El Jicaroko alkatetzako kideek euren ekitaldia amaitu arte. Monumentura iritsi ahal izan genuen orduan, baina gogoeta egin eta komunitateko kideekin hitz egin genuen tentsio haren erdian.

Indio Maiz Biosferaren Erreserban estatuaren arduragabekeria salatzea, eta Matxinadaren hasiera, 2018ko apirilean

Apirilaren 3an jakin genuen “Indio Maiz” Biosferaren Erreserban28 sutea izan zela eta estatuak arduragabekeriaz jokatu zuela sute haren kontrolean; ordutik, Humboldt zentroa, del Rio Fundazioa, Popolna Fundazioa, Garapen Jasangarrirako Nikaraguako Fundazioa –Jaime Incer Barquero zientzialaria buru duena– (Cocibolca Taldeko kideak), Las Segoviaseko Lidergo eta Gizarte Mugimenduetarako Institutua, Camili De Castro, besteak beste, Rama y Kriol komunitatearekin batera jardun genuen –haiena baita erreserba – eta suteari eusteko gestioak egin eta salaketak jarri genituen, bai nazioan bai nazioartean30. Gobernuaren axolagabekeriaren aurrean, prentsaurrekoa eskaintzea erabaki genuen, 2018ko apirilaren 10ean31, gogoan dut hainbat lokaletan egin genituela gestioak, zigorren beldur ziren ordea; eta azkenean, Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko Zientzia Akademian (UKA) lortu genuen leku bat. Prentsaurrekoa ematea lortu genuen, eta ikasle gazteak eta gizarte zibileko beste hainbat eragile ere gonbidatu genituen32.

Ocotalera itzuli nintzenean, 2018ko apirilaren 13an, Managuan jendaurreko konferentzia egin ondoren, herrialdeko departamentuetan lehenengotako ekintzak antolatu genituen Las Segoviaseko Mugimendu Sozialekin, estatuari eta gobernuari bere arduraren eskumenean jarduteko eta Indio Maiz Biosferaren Erreserbako sutea itzal zezan eskatzeko. Ekintza La Asuncion Parrokiako atariaren aurrean egingo genuen, baina bertara iritsi ginenean Estatuko eta Ortegaren gobernuko funtzionarioek hartua zuten erabat. Matxinaden kontrako agenteek eta Polizia Nazionalak babesten zituen, arma labur eta luzeekin.

Frontera Hotelaren (Shelleko semaforoak) inguruetara joatea erabaki genuen, nahiz eta Polizia Nazionala jazartzen zitzaigun; ekintza hasi genuenean hainbat polizia armaturik baitzeuden bertan, Nueva Segoviako polizia burua barne. Ekintza amaitutakoan, patruila bat etxeraino etorri zitzaigun segika.

Bien bitartean, Managuan eta gurea bezalako beste lurralde batzuetan, manifestazio baketsuak egiten genituen erreserbako sutearen aurrean gobernuak erakutsitako axolagabekeriaren aurrean. Apirilaren 16an, Gizarte Segurtasunaren Legearen erreforma ospetsuak iragarri zituen Ortegaren erregimenak: gizarte-asegururako ekarpen-tasa berriak, langileek soldataren % 6,25 ematetik % 7 eman beharko dute; enpresaburuek euren langileen soldataren % 19 ordaintzetik % 22,5 ordaindu beharko dute, eta erretiratuek jasotzen duten pentsioaren % 5 ordaindu beharko dute33. Egoera horrek sumindu egin zituen herritarrak, eta Ortegaren gobernuaren 11 urteetan, beldurraren beldurrez manifestaziorik egin ez arren, egoera honek gainezka eginarazi zituen.  Protestak Managuan hasi ziren apirilaren 18an, gazteak eta ikasleak buru zituen herritar talde batek sare sozialen bidez egindako deialdiari erantzunez34.

Hiriburuko hainbat tokitan hasi ziren liskarrak: unibertsitateko ikasleak eta herritarrak alde batetik, eta Polizia Nazionalaren Talde Bereziak, bestetik. Nueva Segovian ere egunero egiten genuen manifestazioa; Rosario Murillo, de facto presidenteordeak esan zuen protestan aritzen ginenak "jende toxikoa, seme-alaba gaizto eta jende zekena" ginela. Nikaraguan beste gerra bat hasi zen; oraingoan, erregimen kriminal baten eta herri armagabearen artean. FSLNk eta diktadore-familiak “dena erabiltzea” erabaki zuten. Nazioaren historian beste aldi bat zabalduko zen orduan, berriro ere diktadura-erregimenek, berrautaketek eta, botereari eusteko, herriaren kontrako gerrak osatzen duten gurpil zorora itzultzeko.

2018ko apirilaren 17an, iturri seguru eta konfiantzazko batek jakinarazi zidan segurtasun-indarrek zehatz-mehatz jarraitu zituztela nik, giza eskubideen defentsan, egindako mobilizazio guztien joan-etorriak, iristeko puntu estrategikoak, nora joan ohi nintzen, non lo egiten nuen, bulegoak, bisitatzen nituen komunitateak, zer kaletatik ibiltzen nintzen… den-dena. Bai eta azkeneko asteetan mobilizazioetan izan nintzen egun eta orduak zehazteraino. Ni fisikoki eta emozionalki akitzeraino jazartzea eta beldurraraztea zen estrategia, eta, haien hitzetan, “saltsaren erdian in fraganti” harrapatzea nahi zuten. Batek daki zertaz ari ote ziren, nire defendatzaile-zeregina beti izan baita jendaurrekoa eta legearen barruan.

Lo egiten nuen etxea etengabe xaxatzen zuten paramilitarrek. Uneren batean morteroekin tirokatu ere egin zuten. Nire borroka gutxiesteko argudioak asmatzen zituzten, bai eta herrialdeko beste defendatzaile askorena ere.

Geroago jakinarazi zidaten, departamentuko FSLNren bileran, Las Segoviaseko Lidergoen Institutuko bulegoari su ematea planeatzen aritu zirela, baina ez zutela egin, ideiak ez zuelako parte hartzaile guztien adostasuna lortu. Hala ere, polizien presentzia etengabekoa bihurtu zen; lekua setiatzeko errondak eginez. Eta gero, beste bi lankiderengana ere zabaldu zen jazarpena. Halako jazarpenaren aurrean, etxea utzi eta lagun batengana joan behar izan nuen. Baina ez zen nahikoa izan, Askapen Nazionalerako Fronte Sandinistako militante ohi bati esker jakin bainuen nire osotasun fisikoaren eta nire biziaren kontra ekintza bat egiteko planak zituztela. Horregatik joan behar izan nuen hiriburura.

Baina gauza txarragoak ere iritsi ziren: 2018ko apirilaren 23az geroztik, difamazio-kanpaina bat zabaldu zuten sare sozialetan eta gobernuko alderdiaren mitinetan; zuzenean leporatzen zidaten Managuan zein lurraldearen gainerakoan azken egunetan hedatu zen bortizkeria guztiaren bultzatzaile, zabaltzaile eta erruduna izatea. Ekainean, protestak iparreko herrietara ere zabaldu ziren, eta apirilaren 11n, Segoviako Emakumeen Mugimenduarekin eta Nueva Segovia eta Madrizeko beste mugimendu batzuekin batera, Salmasi komunitatean, Madriz udalerrian, dagoen ur-biltegi batean geunden, protesta baketsu bat laguntzen eta su-armekin egin ziguten eraso 800dik gora pertsonak: Estatuaren funtzionario, udaletako alkatetzetakoak, paramilitarrak eta Polizia Nazionalak babestutako jendetza35. Kasualitatez libratu ginen heriotzatik, bidezidorretatik ihes egin genuen, batzuk hainbat egunez geratu ziren mendian errepresiotik ihesi ez hara ez hona. Protestagileetako bati, Erick Ribera abokatuari, besoa ia txikitu zioten mortero batekin36.

Erregimenak 2007an hasi zuen beldurraraztea, jazarpena, izuaraztea, izena zikintzeko kanpainak, mehatxuak, zelatatzea eta espioitza areagotu egin ziren 2018ko apirilaren 13tik aurrera. Hortaz, CENIDHen bitartez, Giza Eskubideen Amerikarteko Batzordeak (CIDH) emandako kautelazko neurriak kudeatu behar izan nituen abuztuaren 8an. Baina horrek ere ez zituen geldiarazi, 2018ko abuztuaren 28an, hainbat bideo eta argazki argitaratu zituzten terrorismoa eta sikariatoa bultzatzen nituela leporatzeko, bai eta Esteliko departamentuan 3 pertsonaren kontrako krimena prestatu izana ere. Hain zuzen, 3 pertsona hil zituzten Mozonte udalerrian, Quisuli komunitatean, Lizupo deituriko gune batean abuztuaren 23an (ni Managuan errefuxiatuta nengoenean), eta, gainera, “eurek ezarriko zidatela zigorra” ere mehatxu egin zidaten.

Ortega Murillo erregimenari atxikiriko pertsonek, bideo horren bidez nire izena kaltetu nahi zuten, estigmatizatu, mehatxatu eta nire eta nire familiaren osotasun fisiko eta morala arriskuan jarri, nire pertsonaren kontra zitalkeria, egiazkotasunik eza, irainak eta kalumniak erabiliz; izan ere, abuztuaren 29an, Polizia Nazionalak berak aurkeztu zuen prentsaurreko nazional batean “Los Moncada” izeneko 4 gizonez osatutako taldea, eta narkotrafikoan eta diru-zuriketan aritzea eta 3 pertsona haiek hil izana leporatu zizkieten (aipatutako bideo hartan niri leporatzen zidaten, asmo ezin txarragoarekin). Nire familiak, Las Segoviaseko Lidergoen Institutuko lantaldeak, giza eskubideen defentsan jarduten duten mugimendu sozial eta komunitateek bizi izan zuten egoera etengabeko larritasunekoa zen, beldurra eta ezinegona sentitzen zituzten, edozein unetan haien asmoak gauzatu eta nire kontra ez ezik, nire familiaren kontra eta Las Segoviaseko Lidergoen Institutuko Giza Eskubideen Zentroan lan egiten dutenen kontra eta lan hori gauzatzen dugun komunitateetako buruen kontra ere jardungo zutela pentsatzean.

Krisialdia larriagotu egin zen, herria erabat matxinatu zen eta ia herrialde osoaren kontrola hartu zuen bere gain emakume , gazte, ikasle eta nekazariez osaturiko lidergoarekin. Eta horrekin batera, estatuaren indarkeriaren maila gorena iritsi zen.  Halako jazarpen gogorraren gainetik, ILLSk lanean jarraitu zuen Nueva Segovian, taldearekin, eta Managuan, nirekin38. Herrialdeko bertako giza eskubideen aldeko erakunde nazionalek eta Justiziaren eta Demokrazioaren aldeko Aliantza Zibikoaren (ACJD) erakunde solaskideak ezin konta ahalegin egin ondoren, maiatzaren 17 eta 21 artean, CIDHren39 presentzia lortu genuen. Berehala antolatu genuen giza eskubideen aldeko erakunde nazionalek eta defendatzaileek osaturiko espazioa, eta bertan lagundu ahal izan genuen biktimak CIDHra hurbiltzen eta herrialdearen egoera larriaren azterketa fidagarria egiteko informazioa lortzen.

CIDHk emandako datuen arabera, Estatuaren errepresioaren ondorioz 212 lagun hil ziren ekainaren 19ra arte; 1.337 lagun zauritu eta 507 pertsona atxilotuta egon ziren ekainaren 6ra arte. Horrez gain, ehunka lagun arrisku egoeran bizi izan ziren, eraso, jazarpen, mehatxu eta bestelako beldurrarazteko moduen biktima izan ondoren.

Baina orduan ere gertu egon nintzen ikasleekin batera. Niretzat 1978ko apiril hura berriro bizitzea izan zen: greba nazional batean eskolak hartu genituen, Somozaren diktadura kriminal hartatik irteteko, eta orain, historia berbera, berriro. Horrela, Camilo de Castro Bellirekin40 –gazte konprometitu eta anbientalista–, krisialdiari irtenbidea bilatzen lagun zezaketen komunitateetako buruekin hitz egin genuen. Haietako asko, gerora, Nikaraguako Gotzain-konferentzian (CEN) parte hartzeko deitu zituzten41. Era berean, beste buruzagi batzuk ere espazio batera hurbiltzen ere lagundu nuen, Mugimendu Sozialen Egituraketa AMS deitu genuena.

Camilorekin, unibertsitateetan gotortuta zeuden ikasleengandik oso hurbil egon ginen, formazio saioetan, elkarrizketetan, gogoeta-saioetan, krisialdi emozionaletan laguntzen, elkarrizketa nazionalerako prestatzen, Demokrazia eta Justiziarako Unibertsitateko Koordinakundea CUDJ osatzen lagundu genuen, eta horien ondorioz etorri ziren beste espazio eta ekintzetan ere bai. Nikaraguako Unibertsitate Nazional Autonomoan, UNAN (nik bertan ikasi nuen, eta gaztetan, ikasle eta gazteen buru izan nintzen 80.eko hamarkadan) gotortuta zeuden gazteengandik oso hurbil egotea egokitu zitzaigun. Uztailaren 13an, UNAN42 herri-protestaren parte gisa hartua zuten ikasleen kontra erregimenak gauzatutako eraso militarra izan zenean, nik bertan egon behar nuen bilera batean, baina ni nengoen lekua militarrek hartua zutenez, ezin izan nuen ibilgailurik lortu, ezin nintzen iritsi. Eskerrak, bestela, neska eta mutil gazte haiekin batera pairatuko nuen halako eraso bortitza.

Bijilian izan nintzen erasoa eteteko eskatzen zuten beste ehunka lagunekin batera, eta giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeei gertatzen zenaren berri bidaltzen. Erasoa eten zenean, gazteekin batera joan nintzen Managuako katedralera Camilo eta beste lagun batzuekin. Zerrendak jaso genituen denak zeuden jakiteko, eta une gogor horietan eurei eta familiei emozionalki laguntzen. Babes har zezaketen segurtasun-etxeak ere identifikatu genituen. Unerik gogorrenetako bat izan zen beste pertsona batekin –bere segurtasuna babesteko ez dut izenik emango– UNANeko erasoan bortizki hil zuten Gerald Vásquez43 ikaslearen gorpua emateko unera joan nintzenekoa: gestioak egin behar izan genituen CENIDHekin heriotza-akta eman ziezaioten, baina, gainera, gorpua lege-medikuntza alorrera eraman behar izan genuen, hainbat osasun-zentro eta polizia-etxeetan ukatu egin baitzioten aitari agiri hori, eta hori gabe ezin zuen gorpua ehortzi.

Hori zen Nikaragua osoko defendatzaileen eguneroko bizimodua; lorik egin gabe, gau eta egun salaketan, erregimenak protesta guneen kontra egiten zituen eraso armatuei adi, medikamentuen bila, medikuen bila, hilkutxen bila eta protestagileei eta familiei laguntzen. Irailaren 9an, ustez indar parapolizialei atxikiriko banako batzuek harriak bota zituzten eta gure ibilgailuaren kristalak apurtu zituzten. Ibilgailua nire etxearen kanpoaldean zegoen aparkatuta, Ocotalen.

Urdin eta Zuri Nazio Batasunaren fundazioaren hasiera

Halako nahastearen erdian eta irtenbidea bilatu beharraren premiaz –beti Camilo de Castrorekin–, pentsatu genuen garrantzitsua zela espazio zabalagoak sortzen jarraitzea, askotariko ideologiakoak eta lidergo urdin eta zuriak, herritarrak eta gizarte zibilak bat eginez. Hortaz, segurtasun-neurriak ondo zainduta, hainbat pertsonarekin harremanetan jarri ginen, besteak beste; Ernesto Medina doktorearekin, akademiko bikaina, eta Guillermo Incerekin, Mugimendu Sozialen Egituraketa AMSren buruzagi gaztea, eta harrera ona egin ziguten.

Lehenengo bilerak Garapen Jasangarrirako Nikaraguako Fundazioan (FUNDENIC) egin genituen, eta geroago, Ernesto Medina doktorearen laguntzarekin, Nikaraguago Nekazari eta Abeltzainen Batasunaren (UPANIC) egoitzan. Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko (UCA) zenbait espaziotan ere bai, eta errepresioa gogorra izan arren, euren lokalak utzi zizkiguten beste hainbat eta hainbat erakundetan, baina ez dut haien izenik esango.

Hori izan zen sektore guztiak batu eta, apurka, gaur egun Urdin eta Zuri Batasun Nazionala UNAB dena osatzen joateko lehenengo ahalegina. Gaur egun, UNAB da tiraniaren kontra dagoen jendea biltzen duen erreferente garrantzitsuenetako bat. Azahalea Solís, María Teresa Blandón, Guillermo Cortez, José Dávila, Gabriel Álvarez eta Juan Carlos Gutiérrezekin batera, UNABen Sorrerako Adierazpena landu genuen. UNAB sortzeko helburua zen “Demokrazian, askatasunean, justizian, instituzionalitatean eta giza eskubideen defentsan oinarrituriko Nikaragua eraikitzea. Hori lortzeko, ezinbestekoa da Ortega Murillotarrak boteretik berehala irtetea, bide demokratikoetatik”.

Managuako AC Sandino aireportuan atxilotu eta kartzelara eraman ninduten

2018ko urriaren 14an, segurtasun-arriskuak handiak izan arren eta herrialdeak bizi zuen egoera bereziki garrantzitsua zela iritzita, gonbidapen bat onartu nuen eta Managuako aireportura joan nintzen Washingtonerako bidean; han, giza eskubideen arloko formazio batean parte hartuko nuen, eta, gainera, pentsatzen nuen aukera bat izango zela herrialdean gertatzen ari ziren giza eskubideen urraketa larriak salatzeko. Baina, American Airlines aire-linearen itxarongelan nengoela, kalez jantzitako agenteek atxilotu ninduten arrazoirik gabe. Ondoren, azalpenik jaso gabe, bulego batean itxi ninduten, eta handik Poliziaren bulegoetara eraman ninduten, aireportuan bertan. Zergatik atxilotu ninduten behin eta berriz galdetzen nuenez, azkenean, Poliziaren funtzionarioetako batek esan zidan, harro baino harroago, Auxilio Judicialeko bulegoetara eramango nindutela (El Chipote izenaz ezagutzen den tortura-kartzela)44.

Geroago jakin nuen, ni atxilotu ninduten unean ordenagailua eta sakelakoa Lottie Cunningham45 –giza eskubideen defendatzailea hori ere– nire kideari eman nizkionez, atxiki egin zutela eta indarrez kendu zizkiotela nire gauzak, bera gurpildun-aulki batean egon eta gogor eutsi arren. Nire atxiloketaren berri Cristina Chamorroren bidez jakin zen, eta eskerrak ematen dizkiot horregatik. Cristina, Violeta de Chamorro presidente ohiaren alaba da, nire hegaldi bera hartu behar zuen, eta twitterren bidez jakinarazi zuen. Egun horretarako ibilaldi bat ere deituta zegoen, eta Camino de Oriente sektorean 30 lagunetik gora atxilotu zituzten, tartean, urdina eta zuria borrokako defendatzaile eta buruzagi zenbait.

Hainbat galdeketa egin zizkiguten, eta azkenean, aske utzi gintuzten46 biharamunean, nazioarteko presioen47 ondorioz. Hala ere, lehenago, zenbait gauza egotzi eta zenbait dokumentu sinatzera behartu ninduten; ez zidaten kopiarik eman, eta dokumentu horien bidez jakinarazi zidaten ikerketapean geratzen nintzela herrialdeko lege antiterroristak zirela bide, ustez, suntsipen handiko armak edukitzeagatik, dirua zuritzeagatik, estatu nazionalaren kontra ekintza terroristak egiteagatik, eta orain gogoratzen ez ditudan beste hainbat gauza. Ni, beraz, atxikita nengoen, eta ezin nuen herrialdetik irten48.

Kartzelatik irten nintzenetik ez ninduten berriro baketan utzi. Mozorrotuta irten behar nuen eta egunero aldatzen nuen etxez, Poliziak inguratzen baitzituen. Egoera hain jasangaitza bihurtu zenez, familiakoek eta lankideek eskatuta, herrialdetik ihes egin behar izan nuen, bidezidorretan barrena. Tentsio handiko orduak izan ziren, eta ez daukat hitzik etxean aterpe eman zidatenei zein Managuatik Costa Ricako mugaraino eraman ninduenari eta han hartu ninduen lagunari nire esker ona adierazteko. Oso ordu larriak izan ziren, salbu nengoela jakin arte. Mexikoko Defendatzaileen Ekimen Mesoamerikarra (IMDM) taldearen laguntza berebizikoa izan zen; bertako kideek lagundu zidaten ibilbide hartatik suspertzen. Nire senarrak, seme-alabek, amak, neba-arrebek, ilobek, finean, familiako kide eta lagunek ekarri zidaten berriro adorea.

Erbestera etortzean, nire defendatzaile zeregina lekuz aldatu besterik ez zen egin. Orduan, Interneti esker egiten nuen Nikaraguako lanari, beste zeregin batzuk gehitu nizkion: Genevan, OACNUDHen aurrean nazioarteko salaketa jartzea, CIDHn, Nazio Batuen Erakundearen49 New Yorkeko egoitzan, defendatzaileen eta elkartzeko askatasunaren aldeko NBEko errelatoretzetan, eta OEAn ere bai, besteak beste.

ILLSren eraso paramilitarra eta pertsona juridiko izaera kentzea

Espainian nengoela nazioarteko salaketa egiten, Las Segoviaseko Lidergoaren Institutuari haren pertsona juridiko izaera kendu ziotela jakin nuen. Halaber, paramilitarrek eraso egin zioten, eta eskubideetan oinarrituriko hezkuntza ematen zen lekua erregimenaren zerbitzurako kuartel bihurtu zuten, eta hantxe jarraitzen dute gaur egun oraindik50.  2019ko apirilaren 26an, Estatu Amerikarren Erakundearen (OEA) batzorde iraunkorraren osoko bilkuran hartu nuen parte, eta salatu nuen erregimenak ordena konstituzionala hautsi zuela, giza eskubideak urratu zituela eta gobernatzeko bidezkotasuna galdu zuela gizateriaren aurkako krimenak egiteagatik51.

Nire salaketagatik zigortzeko, Ortegismoak kanpaina bat hasi zuen sare sozialetan, Facebook nahiz Twitterren profil faltsuak erabiliz, nire ospea zapuzteko eta “aberri-saltzailetzat” joz. Halaber, AEBren agente nintzela ere esaten zuten, erregimena boteretik kentzeko eta haren kontrako zigorrak lortzeko. Asko poztu ninduen herriak hainbat bidetatik nire diskurtso harekin bat zetorrela adierazi izanak; baina erregimenari ez zitzaion gustatu, beraz, maiatzaren 2an, gaueko 9etan nire senarrak jakinarazi zidan Nikaraguatik, Ocotal urez hornitzen duen Dipilto ibaiaren ertzean, Dipilto eta Las Manosen artean dagoen gure "Las Vegas” finkako 15 hektarea pinudi erre zituela, ustez, esku kriminalen batek. Sutea hain suntsigarria izan zen ezen finkako langileek eta komunitateko pertsonek bi egun eman baitzituzten sua itzaltzen.

Hau dena nire bizitzaren parte bat baino ez da, inoiz idatzirik jaso ez nuena, eta orain egin dut, nire ustez, garrantzitsua delako historia gugandik kontatzea, gure ikuspuntutik. Eta gustatuko litzaidake halakorik errepikatzea saihesteko balio izatea. 2018ko apirilean Ortegaren diktaduraren kontrako matxinada gidatu zuten gazteengan pentsatzen dut, eta miresten ditut. Gu ere, 1978ko apiril hartan Somozaren diktaduraren kontra matxinatu ginen. Bi belaunaldiek sentipen garbi batekin jardun genuen, trukean ezer espero gabe, herrialde hobea lortzea. Baina beti dago arriskua gure lorpenak urak eraman ditzan. Espero dut oraingoan ibaiak beste ibilgu bat hartzea eta, azkenean, gure helburua lortzea. Munduaren banaketa bidegabean, politika eta ekonomia boteretsuenen esku daude, eta giza eskubideen defentsa, berriz, botere-jardun anker horren kontra agertzeagatik larrutik ordaintzen dutenei dagokie. Nire kasua bat da milaka gehiagoren artean; horregatik, ez daukat zalantzarik, egunak argituko du. Batek inoiz ez du jakiten noiz bihurtzen den defendatzaile, baina horren kontzientzia hartzen duzunean, badakizu eginkizun asebetegarrienetako bat dela, horren truke ordaindu beharreko kostua edozein dela ere. Giza eskubideen defendatzaileen belaunaldi berriek ikasi egin beharko dute bizitza zaintzea ere erresistentzia eragiteko beste modu bat dela. Pentsatzeko moduak, egiteko moduak birpentsatu behar ditugu, mundua zaintzara bideratu eta gizatiartu, eta lurrean dauden bizitza guztiak zaintzen ez baditugu, geure bizitza propioa arriskutan egongo dela jakin behar dugu.

Erbestetik, Amerikako Estatu Batuak, 2020ko uztaila.