es / eu

es / eu

Liberiako Emakumeen Bakearen Aldeko Ekintza Masiboa

Liberia

Liberiako emakumeak nabarmendu egin ziren 1989an hasi zen gatazka armatuari 2003an amaiera emateko presioa eragiteko gaitasunagatik. Gatazka hasi zenetik 1997ra, elkarren aurka aritu ziren gobernuko indarrak eta oposizioko Liberiako Frente Patriotiko Nazionala (NPFL) talde armatua, Charles Taylor buru zuela. 1997ko hauteskundeetan Charles Taylor hautatu zuten presidente, baina horrek ez zuen indarkeriaren amaiera ekarri; aitzitik, gerrari ekin zitzaion ostera, oraingoan gobernu berriaren eta Errekontziliazioaren eta Demokraziaren aldeko Batasuna (LURD) eta Liberiako Demokraziaren aldeko Mugimendua (MODEL) talde armatuen artean.

2003an, horrenbeste urtean indarkeria bizitzeaz nekatuta, emakumeak gerraren kontra elkartzen hasi ziren, 1994-1996an egin zuten bezala, Liberiako Emakumeen Ekimena (Liberian Women’s Initiative) izeneko erakundearen bidez. Borroka horren ezaugarrietako bat izan zen emakumeek euren arteko desberdintasun guztiak –baita erlijioa ere– alde batera utzi eta egituratzea lortu zutela, eragile armatu guztiei armak uzteko eta akordioa lortzeko eskatzeko helburu komunarekin. Emakumeek egunero-egunero bizitzen zituzten gerraren kostu garestiaren ondorioak eta bazekiten “balek ez dituztela pertsonak aukeratzen”, “balek ez dute kristau bat ala musulman bat aukeratzen”. Bakea Eraikitzeko Emakumeen Sarea (Women in Peacebuilding Network, WIPNET)-Liberia izeneko sarean elkartuta, Liberiako Emakumeen Bakearen Aldeko Ekintza Masiboa (Women of Liberia Mass Action for Peace) izenekoari ekin zioten (http://www.ceipaz.org/base_datos.php?item=236&buscador=&autorSearch).

Ekintza horrek denbora luzean iraun zuen, eta milaka emakume elkartu ziren, zuriz jantzita, bakearen aldeko erreibindikazioaren ikur. Liberiako emakumeak ekintza iraunkorrak antolatu zituzten, indarkeriarekin nazka-nazka eginda zeudela adierazteko. Gatazkan zeuden alderdiek negoziazio-prozesu bati ekin ziezaioten eskakizuna etengabea izan zen, eta gero eta gizartearen aldekotasun handiagoa zeukan. Ikusaraztea eta entzunaraztea, etengabe, bizitza politiko eta eguneroko bizimoduko espazio publiko eta estrategikoetan (arrain-azokan asteroko protestak, publizitate-hesietan eta irratietan mezuak, manifestazioak, eseraldiak, baraualdiak, etab.), hori izan zen gobernuak eta gerraren jaunak deiturikoek indarkeria geldiaraz zezaten bultzatzeko emakumeek erabili zuten estrategia nagusia. Denbora igarota, espazio publikoetan agertzen zen emakumeen olde zuria ez zen ustekabean geratzen eragile armatuen, herritarren eta nazioarteko erkidegoarentzat (https://www.youtube.com/watch?v=N8Zc71J6On4).

Azkenean, 2003ko ekainean, Accran (Ghana) izan ziren negoziazioetan, mugimendu horretako emakume talde bat bertaraino joan zen prozesuan presioa eragiten jarraitu eta negoziazioek porrot egin zezaten saihesteko. Bilerak egiten ari ziren eraikinaren aurre-aurrean jarri ziren, eta tentsiorik handieneko uneetan tinko eutsi zioten bakearen aldeko jarrerari, bai eta indarrez bertatik kanporatzeko ahaleginen aurrean ere. 2003ko abuztuan Bake Akordioak sinatzeko eta, aurrerago, 2005ean hauteskundeak egiteko arrazoiak askotarikoak izan ziren arren, hori horrela izan zedin emakumeek eduki zuten eragina eztabaidaezina da.