es / eu

Sofía Hernández (El Salvador)

"Guk elkar zaintzen dugu, egoera gogorren erdian, atseden hartzen dugu, baina borrokan jarraitzen dugu"

Argazkia: Asociación PB. https://es-la.facebook.com/pg/probusqueda.joncortina/photos/

Giza Eskubideen Sustapenerako "Madeleine Legadec” Zentroaren (CPDH) sortzailea eta laneko espazio eta sareetako kidea. Honako hauek biltzen ditu: “Marinella Garcia Villas” Giza Eskubideen Urraketen Biktimen Senitartekoen Batzordea (CODEFAm); Preso, desagerrarazi eta hildakoen Guraso Kristauen Batzordea (COMAFAC), eta El Salvadorreko Preso, Desagerrarazi eta Hildako Politikoen Amen eta Senitartekoen Batzordea, COMADRES; Gatazkaren Biktima Zibilen omenezko Monumentuaren aldeko Batzordea; eta Memoria Historikoa Berreskuratzeko eta Gatazkaren Biktimentzako Erreparaziorako Batzordea.

Jatorria, familia eta nire galerak

Sofia Hernandez naiz, eta 1944ko otsailean jaio nintzen, Verapazeko jurisdikzioko San Pedro Agua Caliente kantoian, El Salvadorreko San Vicente1departamentuan. Han hazi nintzen, eta han ezkondu nintzen, 1980ko martxoaren 23an indarrez aterarazi gintuzten arte. Gure komunitatea 300 bat etxez osatua zen, eta, egun hartan, Indar Armatuak etorri ziren bertara. Nire koinatua, bi iloba eta beste gizon bat hil zituzten. Egun hartan lau pertsona hil zituzten, eta orduan atera behar izan genuen handik, nora joan ez genuela.

Nire bizitza oso gogorra izan zen. Oso txiroak ginen eta Cristianitarren2 aitaren finkan lan egiteagatik nire aitak jasotzen zuen soldata3  txikiarekin bizi ginen. Soldata ez zen inoiz nahikoa izaten; bost neba-arreba ginen eta. Egia esan, zazpi ginen, baina bi hil egin ziren eta bost geratu ginen: bi emakume eta hiru gizon. Emakumeen artetik, nire ahizpa Dolores zen nagusia, eta gatazka armatuan desagerrarazi zuten neba, gizonen artean zaharrena zen. Nire bi neba desagerrarazi zituen El Salvadorreko Guardia Nazionalak. Neba nagusia desagerrarazi zutenean 41 urte nituen. Nire ahizpa Dolores, borrokalari4 handia bera, duela bi urte hil zen, 77 urte zituen. Geratzen zitzaigun neba ere hil egin zen, baina heriotza naturala izan zen. 80.eko hamarkadan aita hilda zegoen, baina garai artan elkarrekin bizi ginen denak komunitatean.

Neba gazteena, Mauricio, 29 urtekoa, 1980ko irailaren 17an desagerrarazi zuen Guardia Nazionalak. Nebak, IRAn (Instituto Regulador de Abastecimientos) egiten zuen lan. Denda handi baten modukoa zen, frijoleak eta azukrea saltzen zituzten. Eta hara joan zitzaizkion bila, eta inoiz ez genuen berriro haren berririk izan. Neba nagusia ongarria erostetik zetorren Cojutepequetik, eta Jiboa ibaiaren parean, autobusetik jaitsarazi eta eraman egin zuten. Haren berri ere ez genuen berriro izan. Ama 93 urterekin hil zen, eta asko sufritu zuen. Pairamen handia izan zen semeak berriro ikusi ez izatea.

Umetan lan handia egindakoa nahiz. Gogoan dut 9 urte nituela eta 0,2 Colon-zentabo5 irabazten nituen egunean. Oso gutxi!. Doloresek 12 urte zituen, eta Cristianitarrengana joaten ginen lenera, Volcán Chinchontepec izenekora. Miseria gorrian hazi ginen, nik lan egiten besterik ez nekien; ez nintzen inoiz eskolara joan. Nire neba-arrebak ere ez. Nik orduan ez nekien irakurtzen, nagusitan ikasi nuen. Kafe-ebaketan egiten genuen lan, eta denetarik ereiten genuen, izotea edo juka, esaterako. 23 urterekin ezkondu nintzen, eta ezkondu aurretik, pentsatzen nuen: “ezkondu ondoren ez dut berriro lan hau egiten jarraitu nahi”, baina alferrik izan zen. Gauza bera egiten jarraitu behar izan nuen. Senarra ere txiroa zen, eta bioi lan egin beharra egokitu zitzaigun. Sei seme-alaba izan genituen: hiru neska eta hiru mutil, eta pobrezia horretan haztea egokitu zitzaidan.

Herri-eliza, erakundea, ihesa

Agua Calienten egiten genuena kontatu nahi dut. Zergatik hil zuten horrenbeste jende, eta zergatik irtenarazi gintuzten handik. Plan Parroquial izenekoaren kide ginen; 25 bat lagun ginen, eta Biblia ikasten genuen, Jainkoak esana ikasten genuen, eta Monsinore Romeroren homiliak entzuten eta zabaltzen genituen; gaur egun santu egin du Eliza katolikoak, Vatikanoaren bidez. Horregatik hasi ziren gu jazartzen, gu bilatzen eta gu kriminalizatzen. Monsinore Romero erail aurreko egunean, gure etxeetatik egotzi gintuzten, eta ezin izan genuen sekula itzuli.

1980ko martxoaren 23 hartan, soldaduek nire koinatua eta bi ilobak –katekistak zirenak– hil zituztenean ihes egin behar izan genuen, korrika, soinean generamanarekin. Haur guztiekin gindoazen ama, ahizpa, izeba eta ni. Lehenik malkar batera joan ginen, ibai ondora, eta han ezkutatu ginen pentsatuz geroago bueltatzeko modua izango genuela. Familia guztiek, etxe guztiek gauza bera egin zuten. Bakoitza ahal izan zuen lekura joan zen. Goizean izan zen hori.

Komunitatera itzuli ginenean, arratsaldeko bostak inguruan, gure etxeetan sartu nahi genuen. Une hartan pentsatzen genuen bertan bizi izaten jarraitzeko aukera izango genuela, baina errotulu batzuk aurkitu genituen, “Esku Zuria6 zuen bila dabil, eta hil egingo zaituztegu” ipintzen zuen bertan. Orduan konturatu ginen ezin izango genuela bertan bizi izaten jarraitu. Errotulu asko zeuden, eta etxe guztietan sartu eta miatu zituzten, eta komunitatean genituen denda polit haiek ere arpilatu egin zituzten. Dena hankaz gora utzi zuten.  Une hartan joanak ziren, baina bagenekien itzuliko zirela. Beraz, estalki pare bat hartu genuen haurrak estaltzeko, eta malkarrera itzuli ginen berriro, erreka ondora. Gau osoa eman genuen bertan.

Nire neba gurekin zen oraindik, 1980ko irailean desagerrarazi zuten, eta hura martxoan izan zen. Neba bila etorri zitzaigun, bere etxera joateko esan zigun, eta halaxe egin genuen. Baina neba bizi zen komunitatean txarto tratatu gintuzten; ez zuten nahi gu han egoterik, seinalatuta geundela esaten zuten, gure bila zebiltzala eta arazoak eragingo genizkiela. Goizeko laurak aldean, haurrak hartzera itzuli eta alde egin genuen handik. Verapaz herrira joan ginen. Iritsi ginenean, jendez beteta zegoen; ihesi zihoan jendea zen, ostatu bila, zerbait jan eta lo egiteko leku bila zebilena. Nik amakide bat nuen bertan, katekista zen bera, eta sarritan elkartzen ginen elizan. Haren etxera joan nintzen.

Han inguruan, ihesi, 350 lagun inguru elkartu ginen; edo agian gehiago, 300 bat etxe ginen eta, eta etxe bakoitzean hainbat seme-alaba. Oso beldurtuta geunden, han utzi genuen dena. Dena galdu genuen… Gure bizia babesteko egin behar izan genuen alde. Bizirik irteteko. Hortaz, nire amakidearekin joan nintzen. Esperanza zuen izena, eta nire alabaren amabitxia zen, gazteenarena, 6 hilabetekoa. Amakideak esan zidan uzteko haurra berarekin, zainduko zuela. Eta nik esan nion “sentitzen dut, benetan, baina nik ez ditut seme-alabak inon utziko, edozer gertatzen dela ere”. Hamabost egun eman nituen bertan, baina gero alde egin behar izan nuen, amabitxia mehatxatu zuten eta.

Bitarte horretan, senarra gure bila ibili zen. San Salvadorren zen lanean, eta nik ezin izan nion jakinarazi non nengoen. Beraz, ihesi ibili ondoren, azkenean, aurkitu gintuen. Nik ihesaldi osoa ahizparekin, amarekin eta haur guztiekin egin nuen. Ihesean eman genituen hamabost egun horiek oso gogorrak izan ziren. Ez genuen ezer; jendeari esker jaten genuen zerbait, tortilla frijoleekin besterik ez bazen ere. Oso gogorra izan zen. Orduan senarrak Cojutepeque-ra eraman gintuen bizitzera. Une hartatik, urte bereko irailera arte.

Cojutepequen bizi ginen neba zaharrena artaburu-zakutxo bat ekartzera etorri zenean; ongarria erostera joan zen eta etxerako bidean zela, artaburuak niri eman ondoren, hil egin zuten. Etxerako hartu zuen autobusetik jaitsarazi zuten. Beldurtu egin ginen, eta Cojutepequetik joan egin ginen. Ahizpa Marionan bizi zen garai hartan, eta bertara joan ginen berehala. Eta horrela bizi izan nintzen, alde batetik bestera, ihesi ibiltzeaz nekatu ginen arte.

PRTCn antolatzea

1981eko uztailean senarra hil zidaten. Berriro geratu nintzen bakarrik, sei haurrekin, eta egia esan, ez nekien zer egin, eta antolatu7 egin behar izan nuen. Ez nuen lanik, ez nuen bizitokirik, ez jatekorik… ez nuen ezer, eta Partido Revolucionario de los Trabajadores Centroamericanos PRTC alderdian (Erdialdeko Amerikako Langileen Alderdi Iraultzailea) antolatu behar izan nuen. Alderdi hori FMLN, Frente Farabundo Martí de Liberación Nacional (Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea) alderdia osatzen zuten 5 ataletako bat zen.

PRTCk etxe bat lortzen lagundu zigun, eta hara joan ginen bizi izatera: ama, izena, neba, ahizpa eta bere erraina, haurrak eta ni. 20 lagun baino gehiago joan ginen Apopatik 11 kilometrora bizi izatera, findegi baten ondora. Alderdiak laguntzen zigun etxea ordaintzen, eta gu Ciudad Delgadora joaten ginen artoa erostera, eta tortillak egiten genituen saltzeko, bizi ahal izateko. Haurrak ez ziren eskolara joaten, hara eta hona ibili behar izaten genuelako eta oso txiroak ginelako.

1981eko abenduaren 31n, haurrak, izeba eta ni San Jose Las Floresera joan ginen bizi izatera, erakundeak esan baitzidan “korridore”8 bat osatu behar nuela. Ama ahizparekin geratu zen, haurrekin laguntzeko, eta izeba nirekin etorri zen. Orduan hasi nintzen salmentan, buruan otzara9 bat neramala, eta bi urte eman nituen horrela. Otzaran denetik sartzen nuen, eta buru gainean eramaten nuen. Normalean beste emakume batekin ibiltzen nintzen, inguruko kantoi guztietara joaten ginen, litxarreriak, zukuak eta bestelako gauzak saltzen. Horiek guztiak gainean eramaten genituen, baina azpian oinetakoak, kandelak, bateriak, azukrea, arroza, olioa, etab. eramaten genituen mendian zeuden kideentzat.

“Defentsa Zibilari” hilean 10 colon ordaindu behar genizkion. Kalean jartzen ziren, eta pasatzen uzten ziguten, edo ez. Etengabe zelatan egoten ziren. Otzarak bete-bete eginda eramaten genituen, astunak ziren, baina arinak zirelako itxurak egiten genituen haiek susmorik ez hartzeko. Guayabalen ingurutik hurbil zeuden kantoi guztietara joaten ginen. Goiko aldean denetik ipintzen genuen, eta gero kideekin koordinatzen ginen. Sarritan joan behar izaten nuen salgaien bila, zapata kaxa beteak 5 etxeetan banatzeko. Eta gero, otzararen azpian bateriak, kandelak, oinetakoak, azukrea... eta behar zituzten gauzak eramaten genituen. Defentsa Zibila zegoen lekutik igarotzen ginenean, otzarak jaitsarazten zizkiguten zer generaman ikuskatzeko, eta konbentzitu ondoren, joaten uzten ziguten. Gogorra zen, batzuetan ezerezaren erdian izaten ginen, hormatik urrun, eta tiroketa bortitza gertatzen zen; edo Paz ibaiaren ondoan, eta alde batean militarrak zeuden eta bestean gazteak10, eta gu tiroketaren erdian.

Denbora horretan guztian haurrak etxean geratzen ziren. Ez zait inoiz gustatu haurrak halako kontuetan nahastea. Beti bakarrik joaten nintzen, haurrak izebarekin utzita. Ni beste kide batekin joaten nintzen, eta horrela eman genuen denbora, joan etorrian, lagunek eskatzen zizkiguten gauzak eramaten. Beti egin izan dudan beste gauza bat preso politikoei laguntzea eta haiek bisitatzea izan da; euren familiekin harremanetan jartzea eta ahal nuen neurrian laguntzea. Emakume preso politikoak Emakumeen Kartzelan zeuden, eta gizonak, Marionakoan.

Galerak, ehorzketa duinik gabe

Senarra 1981eko uztailean hil zuten, eta inoiz ezin izan nuen galera horren dolua egin. Ostiral bat izan zen; goizeko 10ak aldean irten zen, eta arratsaldeko hiruretan abisatu zidaten erortzen11 ikusi zutela Cuscatlán parkean. Senarraren bila irten nintzen, eta nirekin eraman nuen seme zaharrena, 13 urtekoa. Lehenik lan egiten zuen saltegira joan nintzaion bila, San Salvadorreko Alkatetzatik gertu. Nagusiari galdetu nion nire senarraren berri ba ote zuen: “hara, erortzen ikusi zutela esan didate, Cuscatlaneko parkeko saskibaloi kantxaren inguruan. Zer gertatu da?” Senarraren nagusiak hala erantzun zidan: “itxaron, zurekin joango naiz. Gurutzeko Gorrira, Gurutze Berdera, Gurutze Urdinera joango gara". Eta han zeuden gurutze guztietara joan ginen senarraren bila, baina ez genuen aurkitu.

Egun osoan, gauera arte lagundu zidan senarra bilatzen, eta ez genuen aurkitu. Egun hartan etxera joan nintzen, baina biharamunean bilatzen jarraitu nuen. Beti nire 13 urteko semearekin, eta Bermejako hilerrira joan ginen, gorputegira, eta senarraren nagusia geroago etorri zen. Larunbat goiza zen, eta hobi komunean lurperatu zuten. Semea etorri zen lasterka eta negarrez, bera izan baitzen ikusten lehena. Senarraren nagusiak handik ateratzen lagundu zidan; nik ezin bainuen etxera eraman. Nagusiak hilkutxa erosi eta Guadalupe ehorztetxea ordaindu zituen, Centenario Parkean zegoelako. Dagoeneko ez dago ehorztetxe hori. Ciudad Delgadoko hilerrian behar nuen guztia ere ahalbidetu zidan nagusiak. Hara eraman genuen ehorztera, etxekoekin, ama eta haurrekin. Baina arazo bat izan genuen; laguntzeko jende nahikorik bildu ez ginenez, ezin izan genuen hobi sakona egin, txapar samarra geratu zitzaigun, eta han sartu genuen. Baina atera egin zuten. Ez dakigu nork atera eta eraman zuen senarraren hilotza, baina ez dugu inoiz aurkitu. Gaur egun oraindik ez dakit non dagoen nire senarraren hilotza, ez eta nork eraman zuen ere.. Senarrak ezizena zuen, “Victor Hugo”, eta nik, beldurraren beldurrez, bere izena jarri beharrean ezizena jarri nuen. Baina ehortzi eta bi astera, Victor Hugo izeneko baten bila etorri ziren, badirudi nahasi egin zirela edo, auskalo, baina hilerrira iritsi ziren, eta inork ez zuen azalpenik ematerik izan. Gero nire senarraren nagusiarengana joan ziren –hilerrian egin beharrekoak egin zituena–, eta beldurtu egin zen, eta ez zuela ezagutzen esan zien, haren emaztea soilik ezagutzen zuela. Oso beldurtuta zegoen. Izan ere, bera ere hil zezaketen. Horregatik esan zuen ez zuela ezagutzen. Eta gero ezin izan zidan azaldu zein ziren galdezka joan zirenak.

Bake Akordioen ondoren (1992an sinatu ziren), hobitik atera nahi izan nuen, baina ezin izan nuen. Han ez zegoen ezer, nik jarritako gurutzea baino ez, “Victor Hugo” izenarekin, hilkutxarik ez zegoen. Oso zaila da jakitea nork eraman zuen. Jakin nuen Usulutanetik etorriak zirela, baina ez zen ezer ziurra. Gaur egun, El Salvadorreko Gatazka Armatuaren Testuinguruan Desagertutako Pertsona Nagusiak Bilatzeko Batzorde Nazionala (CONABUSQUEDA) senarra bilatzen laguntzen ari zait, baina ez dugu emaitzarik lortu. Familia askori lagundu nien hilobitik gorpuak ateratzen gerra ondoren, baina orain haiek dira niri laguntzen didatenak.

Geroago, nire alaba, Norma Guadalupe, 19 urtekoa, borrokaldian hil zen Soyapango udalerrian, 1989ko erasoaldian. Nire alaba FMLNn antolatu zen 15 urte bete gabe zituela. Iloba batek jakinarazi zidan, baina haren bila joan nintzenean inork ez zidan ezer esan. Ez zidaten informaziorik eman. Futbol-zelai batean hainbat gorpu jarri zituztela eta haiei su eman zietela. Hori baino ez. Soyapangoko hilerriko hobi komun batean hainbat gorpu zeudela ere esan zidaten, baina alaba ez zuten inoiz aurkitu. Hilobitik atera zituzten hainbat gorpu, eta hainbat emakume agertu ziren, baina bera ez. Oso zaila zen nor ziren jakitea. Esaten zuten futbol-zelaira eraman zituztela eta soldaduek gasolina isuri eta erre egin zituztela. Orduan, han egon izan balira ere, alferrik zen. Zer egongo zen han, bada? Gorpuzki erre haietan, nola ezagutuko nuen nire alaba? Nire alabak 6 hilabeteko alabatxoa zuen, eta niri utzi zidan hura hazteko ardura. Haurra Frentean jaio zen, eta orain Argentinan bizi da.

Argazkia: Asociación PB. https://es-la.facebook.com/pg/probusqueda.joncortina/photos/

 

Nire kartzelaldia

1990eko urriaren 11n preso hartu ninduten, La Tiendonako azokaren inguruan harrapatu gintuzten ni eta une hartan agurtzen ari nintzen adiskide bat, urteetan ikusi gabea nuena. Hura jazartzen ari ziren, baina nik ez nekien, ez zebiltzan nire atzetik, ez zuten ezer nire kontra; nik familiei laguntzen nien euren senitartekoak bilatzen, presoei ere bai, eta oinarrizko gauzak garraiatzen nituen. Ogasuneko Poliziak atxilotu gintuen biak. Goizeko 11ak aldean kamioi batera igoarazi gintuzten, gainetik olana beltz batzuk bota zizkiguten eta ordutik bira eta bira aritu zitzaizkigun, ez dakit zer egiten zuten. Gauez, poliziarenera eraman gintuzten eta 5 egunez eduki gintuzten bertan. Kukubilka edukitzen ninduten gehiago ezin nuen arte. Gero ileetatik tiraka altxatzen ninduten, biluzarazi egin ninduten eta txizaz beteriko kamiseta bat jantzi zidaten. Handik zauriz beteta irten nintzen, ubelduraz eta oinazez betea. Armen kulatekin jotzen ninduten bizkarrean, belaunetan, eta horixe da gaur egun bizkarrean eta belaunean dudan oinazea. Amaitu zutenean, 5 egun horien ondoren, ziegatik atera ninduten, benda bat jarri eta haiek nahi zuten guztia sinatuko nuela esan zidaten. Nik ez nuen ezer ikusten, eta esan zidaten guztia sinatu nuen. Benda bat neukan begietan, eta hainbat eta hainbat paper sinatu nituen. Horren ondoren, nire laguna Marionako kartzelara eraman zuten, eta ni Emakumeen Kartzelara.

Akusazio faltsuak eta nire senitartekoengandik urruntzea

1985ean, Zona Rosakoaz12 ezagutzen den atentatuan parte hartu izana leporatu zidaten, ez zen egia ordea. Lagunek esan zidaten hobe nuela herrialdetik irtetea, nahiz eta nik ez nuen ezer egin, gobernuari ez zitzaion axola hori, errudunak nahi zituzten. Herrialdetik atera ninduten eta niretzat tragedia handia izan zen, haurrak bakarrik utzi behar izan nituen eta izeba gaixorik zegoen. Eztarriko minbizia zuen, eta kimioterapia hartzen ari zen, baina ez zuen luze iraungo, eta ni oinaze horrekin joan nintzen: izeba gaixorik, seme-alabak… Hiru hilabete eman nituen Kuban, eta nik itzuli nahi izan nuenean, ezin izan nuen herrialdean sartu, nire argazkiak nonahi baitzeuden, handik eta hemendik saiatu nintzen baina ezin izan nuen sartu. Alaba eta iloba bat atxilotu zituzten, 16 urte inguru zituzten. Orduan, Nikaraguara jo nuen, eta urte eta erdi eman nuen bertan, eta gogoratzen dudan gauzarik lazgarriena izan zen: seme-alabak utzi behar izatea… Nikaraguan alderdiarekin lanean aritu nintzen, eta gero Mexikora bidali ninduten, Azaroko Erasoaldia13 prestatzen ari baitziren, eta nik berriro sartu behar nuen herrialdean, 1989an, kanpoan zegoen jende askori harrera egin eta laguntzeko. Urte eta erdi horretan, Nikaraguara eraman zuten nire familia; ahizpa, seme-alabak eta ilobak.

gauzarik gogorrena nire seme-alaben berri ez edukitzea izan da, ondo ote zeuden, jatekorik ba ote zuten ez jakitea, hori da kanpoan egotearen alderik gogorrena. Nik ez nuen haien berri, banekien gorriak pasatzen ari zirela, baina inork ezin zidan ezer esan, arriskutsua zen. Gaixorik ote zeuden, ezeren beharrik ote zuten ez jakitea, oinaze hori izugarria da. Haien faltan 4 bat urte eman nituen, Nikaraguan eta Mexikon izan nintzen bitartean.

1989ko “Azken muturrerainoko" Erasoaldia

1989ko irailean itzuli nintzen El Salvadorrera, zeregina nuelako itzuli nintzen: herrialdean sartu behar zuen jendeari harrera egin behar nion, eta herrialdean zehar kokatu behar nituen. Jaso egiten nituen, etxeetara eraman eta harrera osoa antolatzen nuen. Iraila osoa, urria eta azaroko egun batzuk hori dena antolatzen eman nituen. Azaroaren 11n, itxurazko ezkontza14 batera joan behar nuen Ospitale Psikiatrikoaren ingurura, eta hantxe geunden tiroketa hasi zenean. 40 inguru ginen itxurazko ezkontza hartan geundenak, eta esan ziguten alde hemendik, alde hemendik..

Nik ezin izan nituen seme-alabak ikusi azaroko erasoaldiaren aurretik, haiek Nikaraguan zeudelako eta ni El Salvadorren. Seme-alabak nire ama eta ahizparekin zeuden, eta nik 4 urte eman nituen erbestean, bakarrik. El Salvadorrera itzuli nintzen, eta ez nuen bizilekurik, ez nuen jenderik ezagutzen. Niri esan zidaten, “joan El Salvadorrera eta antolatu hau”. Aspaldiko lagun batzuen artean bila ibili behar izan nuen; batzuek bazekiten zertan nenbilen, baina denek ez, eta batzuek ez zuten nirekin hitz egin nahi. Sierra Morena kolonian bizi zen emakume ezagun bat nuen, eta lotsa-lotsa eginda joan nintzen berarengana “mesedez, leku bat behar dut geratzeko”, eta ostatu eman zidan, jatekoa eman zidan. 4 urte luzeren ondoren, hizketan hasi ginen, eta hark ez zeukan Erasoaldiaren berri, ez zekien zer gertatuko zen, eta han geratu nintzen. Handik ezkontzara joan nintzen, eta jakinarazi ziguten hainbat eztegutan atxiloketak egin zituztela.

Orduan barreiatu egin ginen, eta beste kide bat eta biok galduta geratu ginen. Prados de Venecia kolonia aldera jo genuen, pasabide batean sartu ginen, eta jendea aurkitzen hasi ginen bertan. Ordu hartan –arratsaldeko 7ak izango ziren– bonbardatzen ari ziren jada.

Soyapangon geunden, ahal izan genuen moduan lo egin genuen bertan, eta biharamunean, goizeko 10ak aldean, mutil batzuengana iritsi ginen eta zertan ari ziren han galdetu genien. Erantzun ziguten:  “Hemen gaituzue", eta guk ezin genuen ezer esan, ezin baikenuen agerian utzi PRTCko jendearen bila ari ginela, eta haiek ere ezin zuten ezer esan, eta zeren bila genbiltzan galdetzen ziguten. Halako batean mutikoetako batek esan zuen:  ‘hara, PCkoak (Alderdi Komunista) gara, eta beste jende baten bila bazabiltzate, ezin dizuegu ezer gehiago esan’. Zorte handia izan genuen, gau hartan haiekin geratu ginen, bestela, edozer gerta zekigukeen. Biharamunean gure jendea kokatu genuen, eta han zegoen nire seme Camilo, beste iloba bat eta nire alaba. Bost bat minutu eman ahal izan nituen alabarekin hizketan. Bertan egin genuen lo azaroaren 15ean, eta biharamunean apaiz jesuitak eta Elba eta Celina hil zituzten15Manuel Melgarek esan zidan: “begira, zu iritsi berria zara, San Salvador ondo ezagutzen duzu, eta “Hortensia” eta beste kide batzuen bila joango zara, ez baitakigu hil egin dituzten ala preso dauden”. Horixe egiten nuen nik, jendea, presoak, familiak bilatzen laguntzen nuen. Emakumeen Kartzelara joan nintzen, beraz. Egun osoa eman nuen oinez, ez baitzegoen autobusik eta dirurik ere ez. Toki guztietan zeuden istiluak eta tiroak. Banderatxo zuri batekin irten nintzen; soldaduek iraindu egiten ninduten, baina nik ez nuen beldurrik sentitzen, urteak neramatzan bidegabekeriak pairatzen, eta nire seme-alabak arriskuan ez zeudenez, ni gero eta indartsuago sentitzen nintzen.

Kartzelan zeuden 8 emakume adiskide aurkitu nituen, eta jakin nuen beste kide batzuk bizirik zeudela. Kartzelan sartzeko, emakume preso arrunt baten izena ematen nuen, ez preso politiko batena. Horrela ikusi nituen, eta orduan konta niezaiekeen besteei zer gertatu zen. Kideek esan zidaten alde egiteko, arriskuan nengoela han. Baina nik ikasia nuen aginduak bete egin behar direla, ez direla zalantzan jartzen; beraz, nik nire egitekoa bete behar nuen. Berriro irten behar izan nuen PRTCko kideen bila, familiei haien berri emateko. Gero esan zidaten itzultzeko Nikaraguara nire familiarengana. Egoera oso arriskutsua zen, eta Miguelek papertxo bat eman zidan, nik ikusia ez nuena, eta han esaten zidan joateko “Franciscoren” bila, berak dirua emango zidala, eta bankura bidali ninduen txeke batekin, eta 3.000 colon eman zizkidaten.

Horrela, bada, beste kide bat aurkitu nuen –amak ezin zuen etxean eduki, haren bila zebiltzalako–, zaurituta zegoen eta nirekin eraman nuen. Diru harekin logela bat alokatzera joan nintzen San Marcosera, eta bi ohe eta su txiki bat erosi nituen, aurrerago joateko asmoarekin. Baina gero eta jende gehiago aurkitzen nuen laguntza eske, eta bidaia atzeratu eta atzeratu egiten zitzaidan. Azkenean, sei bat lagun ginen logela hartan, eta ni janaria erostera irteten nintzen, eta familiek aurkitzen ez zituzten eta desagerrarazita zeuden pertsonen bila joaten nintzen.

Nire alabaren heriotza eta desagerrarazien bilaketa

Nik gainerako seme-alabak ikusi nahi nituen, Nikaraguan zeudenak, baina alaba borrokaldi batean hil zen, 89ko abenduaren 20an, eta haren gorpuaren bila hasi nintzen, eta ez nuen Nikaraguara joaterik izan. Adiskideak aurkitu nahi nituen ez nintzela joango esateko, alabaren bila eta laguntzen geratuko nintzela esateko, baina inork ez ninduen haiek zeuden lekuraino eraman nahi. Gero, preso zeuden emakumeak aske geratu ziren eta nirekin bizitzera ekarri nituen, ni desagertutako jendea eta nire alabaren gorpua bilatzen ari nintzen, erasoaldiaren ondoren bakoitzak bere burua nola salbatu pentsatu behar izan zuen eta. Jendeak hots egiten zidan laguntza eske, eta nik ezin nien ezetz esan.

Nik, egia esan, ez dakit zer sentitu nuen ni alabari buruzko berria entzun ondoren; aldi horretan hainbat gauza gertatzen zirenez, nik ezin izan nuen dolua bizi ez egin. Zer gertatu zen jakin beharra nuen, banekien semea bizirik zegoela eta senitartekoak eta kideak aurkitu nahi nituen aurkitu nuen jendearen berri emateko. Eta aurkitu nituen, eta esan ahal izan nien nor zegoen bizirik, nor zegoen preso. Eta jendea bilatzen jarraitu nuela esan nien. Zorionez memoria onekoa naiz, eta jendea laguntza eskatzen hasi zitzaidan senitartekoak bilatzeko. Eta horrela hasi nintzen jendearekin batera joaten.

Horren ostean, urtarrilean, Guatemalara bidali ninduten dirua jasotzera, eta oso bidaia gogorra izan zen, guardiak eta soldaduak, eta El Salvadorrera itzultzean ezin izan nuen kantoietara joan, pertsonen kontrako minez beteta zeudelako. Geroago, “Camilo” nire iloba Guatemalara laguntzea ere egokitu zitzaidan, eta “Tortuguero” kantoira ekartzea, eta hura izan ikusi nuen azkeneko aldia, ni preso nengoela hil zuten eta. Harrapatu ninduten egunean, 1990ean, nik argazki bat nuen, iloba eta haren semea ageri ziren, eta ahizpari eraman nahi nion Nikaraguara. Eta izugarria izan zen, zeren, argazki hura hartu zidaten eta herri-epaitegi batek 4 urteko espetxe-zigorra ezarri zidan.

“Bakearen Akordioen" sinadura eta kartzelatik irtetea

1992ko otsailean; hortaz, 22 hilabete soilik eduki ninduten kartzelan. Denbora hori ondo erabili nuen eta eskola-graduatua lortu nuen; ondo irakurtzen eta idazten ikasi nuen, eta kakorratz-lanak egiten ere bai, eta egiten nituen gauzak saltzen nituen, mahai-zapiak eta halakoak, eta horretaz bizi nintzen. Nazioarteko ordezkariek erosten zizkidaten. Jende asko eduki gintuzten kartzelan.

Ni kartzelatik irten nintzenerako semea, FMLNn sartua zena, desmobilizatuta16 zegoen, bikotea zuen eta seme bat ere bai, eta suspertzen ari zen oraindik, tiroz zauritu zuten eta. Kartzelatik irten eta berriro ere nora joan ez nekiela nengoen, eta semea eta erraina ere berdin zeuden; beraz, nire ahizpa Lolak, gerratik ihes joanda, utzia zuen etxe txiki batera joan ginen. Une hartan, nire ahizpa eta nire alabak Kuban zeuden. Baina ezin izan genuen etxera sartu, kuotak ordaindu gabe zeudelako. Oso merkeak izan arren, inork ezin zituen ordaindu. Kartzelan kakorratz-lanak egiten ikasi nuen, eta berri on bat eman zidaten: nik egindako ohegaineko handi bat zozkatu zuten eta dirua eman zidaten. Horrekin kuotaren bat ordaindu nuen, eta sukalde txiki bat erosi nuen. Bertan jarri ginen bizi izaten, oso baldintza txarretan.

“Madeleine Lagadec” Giza Eskubideen aldeko Batzordearen sorrera

1992ko lehenengo hilabeteetan, beste kide batzuekin batera (Lucia, nafarra, eta Lidice, venezuelarra), Giza Eskubideen aldeko lana egiten hasi ginen, eta “Madeleine Lagadec” Batzordea17 sortu genuen. Mugitzeko ia dirurik gabe ekin genion lanari, oso baldintza eskasetan, mugitzeko ere ez geneukan eta. Gure soldatarekin nekez heltzen zitzaigun familia mantentzeko. Nire beste semea Nikaraguatik itzuli zen bere semetxoarekin; alabak Kubatik itzuli ziren, eta nire ahizpa Dolores ere etorri zen. Familia osoa geunden, eta nik mantentzen nituen denak.

“Madeleine Lagadec” Batzordean gauza asko egin genituen, gogor lan egin genuen gorpuak hilobitik ateratzen, desagertuen bila jarraitu genuen, sarraskien eta hilketen testigantza asko jaso genituen. Lehenik eta behin giza eskubideen inguruko formazioa jaso genuen, eta gero beste pertsona batzuk trebatu genituen. Gerra bat eta bizi izan genuen guztia bizi ondoren, sinesgaitza bazen ere, ez genituen giza eskubideak (teoria) ezagutzen, eta ikasi egin behar izan genituen.

Giza Eskubideen Konbentzioa ikasten hasi nintzen, ONUSALek18 ematen zituen trebakuntza haietan sartu nintzen, eta gero herrialde osoan zehar ematen nituen hitzaldiak eta formazioa. Testigantzak ere jaso genituen. “Egiaren Batzorderako” lekukotzak jasotzen ibili nintzen ni, herrialde osoan zehar, gizon eta emakume kideek gatazkan bizi izan zuten guztia jasotzen. Lekukotzak emateko jendearen bila ere aritu nintzen. Kantoietako azken muturreraino oinez joaten nintzen jendea hona ekartzeko, hiriburura, Egiaren Batzordeari haien bizipenak kontatzeko. Jende asko ezagutzen nuen, eta jende askok ezagutzen ninduen; beraz, nirekin hitz egiten zuten.

Sarraskiak dokumentatzeko lekukotzak jasotzen ere aritu nintzen, hainbat izan ziren eta: “Calabozo”koa deiturikoa, “Las Hojas”ekoa, eta beste hainbat, 200 baino gehiago, eta banakako pertsonen 200 kasu baino gehiago. Nik jendea jasotzen nuen, eta lekukotzak emateko ekartzen nuen hona. Neuk ere jasotzen nituen, eta denak elkartzen nituen zertan ari ginen jakin zezaten. Jende askok eskatu zigun laguntza haien hildakoak non zeuden jakiteko, zer gertatu zen kontatzeko. Bitartean, nire senitartekoen bila ere aritzen nintzen eta beste hainbat eta hainbat pertsonaren senitartekoen bila; Jendeari laguntzen, gorpuak hilobietatik ateratzeko presioa eragiten.

Kideen senitartekoen gorpu asko aurkitu ditugu, 30 urte hauetan bilaketa asko egin ditugu. Nik 12 urte eman nituen CPDH “Madeleine Lagadec” batzordearekin gatazka armatua gogorren bizi izan zen lekuetan, Perquinen eta Arambalan, desagerrarazitako jendearen bila. Oso lan gogorra izaten zen epaileak gorpuak hobitik ateratzeko konbentzitzea, baina kasu askotan lortu genuen, 700dik gora kasutan. Beste lan bat izaten zen gero eta jende gehiago batzea, jende gehiago izatea gauzak kontatzen, jende gehiago aritzea desagertuen bila, desagertutako pertsona guztien izena berreskuratzea. Tai gabe, hilketen eta torturen lekukotzen bila jarraitzea. Senitartekoentzat heriotza-agiri asko eman ditugu.

Memoria berreskuratzea, klase kontzientzia eta geroratutako doluak

Niri oso zaila egin zitzaidan historia hori guztia berreskuratzea; ez nion nire buruari begiratzen. Zer gertatu zitzaidan ere ez nekien. Gogoan dut lan bat egiten aritu nintzela Victor Hugo Mata abokatuarekin, luze hitz egin genuen, giza eskubideei buruzko hitzaldiak ematen genituen, elkarrekin joaten ginen, eta nik esaten nion: “Ez, ni ez ninduten torturatu”, nik pentsatzen nuelako torturatzea zela norbera zauriz beteta uztea, eta berak esaten zidan “kontadazu zer egin zizuten”, nik bizi izandakoa kontatzeko, eta orduan nik egin zidaten guztia kontatu nion, baina niretzat hori ez zen tortura, eta berak esan zidan: “Kontatzen ari zaren hori guztia tortura da”, eta apurka-apurka orientatu egin ninduen, lagundu egin zidan bizi izan nuena ulertzen, torturak zer ziren. Nik ez dut orain arte dolurik bete ahal izan, eta orain ari naiz hori dena lantzen, baina ezin izan dut dolurik egin.

Negar egin dut, negar egiten ikasi dut. Dolores ahizpak ez zuen negarrik egiten, eta horrek hil zuen. Nik berarekin ikasi nuen indartsu jokatzen, baina nik negar egiten nuen zorionez, eta ahizpak negarrik egiten ez zuela ikustean txarto pasatzen nuen; ahizpa gogorra baitzen, eta nik horrelakoa izan nahi nuen, baina ezin nuen. Jende askok elkarrizketatu du nire ahizpa, eta niri ere galdetu izan dizkidate hainbat gauza. Ahizpak bere historia ere kontatu du, eta gogor borrokatu da.

Niretzat oso garrantzitsua izan zen Monsinore Romeroren19 kanonizaziora joatea. Joateko txartela opari egin zidaten, eta nire bizitzako unerik garrantzitsuenetako bat izan zen; horrekin, nire hutsune guztiak bete nituen, Monsinore Romero oso garrantzitsua izan zelako niretzat. Berak erakutsi zidan Justizia zer den, eta nik jakin nahi nuen zergatik hasi zen jendea antolatzen, ez baitzen oker jokatzeko, jendea antolatu zen gosez hiltzen ari zelako, eta nik hori dena bizi izan nuen eta Europan zehar hori kontatzera joan nintzen Monsinore Romero kanonizatu zutenean, gure Memoria delako, garrantzitsua delako jakitea zergatik gertatu den gertatu den guztia.

Ni ez ninduten PRTCn antolatzera behartu, hala sentitzen dut, nik baneukan sufrimenduaren eta pobreziaren berri, jakitun nintzen ez geneukala urik etxean, ez argirik, ez jatekorik; jakitun, lastozko etxe batean bizi ginela… eta horrek guztiak pentsarazi egin zidan, eta horregatik ulertzen nuen ondo Monsinore Romerok esaten zuenean ezetz, hori ez zela duintasuna, eta guk duintasunerako eskubidea geneukala. Nire neba-arrebetako inor ez zen eskolara joan gurasoek ez zutelako dirurik, jateko ozta-ozta, eta gogor egiten zuten lan eguzkitik eguzkira.

Eta horrela hasi nintzen ni klase-borrokari buruzko kontzientzia edukitzen; Biblia irakurtzen nuen, Monsinore Romeroren homiliak entzuten nituen, eta horrela ikasi nuen. Horrek guztiak erakutsi zidan ez nuela errudun sentitu behar pobre izateagatik, ez genuen ezer zor, eta horregatik hasi nintzen katekesia ematen. Lehen ez genuen ezer, orain badugu Errepublikako Konstituzioaren berri, eta badakigu lehenengo artikuluak diola Estatuak eta presidenteak familiaren ongizatea jagon behar duela. Baina lehen ez genekien halakorik, ez zen guretzat, ez, gugana ez zen halakorik iristen, eta horregatik izan zen garrantzitsua ikastea, prozesu horri esker jakin baikenuen eskubideak genituela, lehen hori ere ez genekien, eskubideak ez ziren guretzat.

Eta memoriaren lanketa horrekin ere ikasi egin dugu, eta kontatu egin dugu. Ordezkariei eta “Monumentua”20 ezagutzera etorri diren pertsona guztiei kontatu diegu. Hainbat batzordetan egin dugu lan: Monumentuaren aldeko batzordean eta Memoria Historikoaren aldeko batzordean. Ez digute onartu, ordea, abuztuaren 30a Behartutako Desagerrarazteen Egun Nazionala izendatzea. Memoriaren alde jarraitzen dugu borrokan, oroimenezko egun horren alde.

Abuztuaren 30a desagerrarazitako pertsonen Eguna izatea lortzeko borroka

76 urterekin, hiru batzordeetan jarraitzen dut: CODEFAM, COMADRES eta COMAFAC. Batzar Nagusian idatzi bat aurkeztu dugu abuztuaren 30a desagerrarazien eguna izendatzeko, baina ez digute ezer erantzun. Gatazkaren biktima asko izan dira hainbat lekutatik etorriak, onartu genuen, topaketa egin genuen, eta hiru egun eman ditugu lagungarri izango zitzaigun Legea lantzen, abuztuaren 30a onar zezaten zergatik borrokatzen ginen ulertzeko, 25 puntu jaso genituen eta Batzat Nagusian aurkeztu genituen, baina ez dugu erantzunik jaso.

Ez dugu gauza zehatz bakar bat ere lortu horrekin. 20421 Dekretua, Dekretu Betearazlea denez, presidente berriak zakarretara bota zuen, eta FMLNren aurreko Gobernuak, berriz, Lege bihurtuko zukeen. Dekretu hura Lege bihurtu behar zuten haiek [FMLNk] eta ez zuten egin, eta horrek lan asko zapuztu du, ez baitzuten ezer bermatu, eta horiek dira orain FMLNk dituen ondorioak, ez zuten bermatu, ez zuten egindako lan guztia kontuan hartu, eta lan handia da, erakunde asko daude tartean (PROBUSQUEDA, CONABUSQUEDA, CRISTOSAL) eta jende asko ari da Memoriaren onarpenerako lanean, eta ez dugu ezer lortu. Zeregin handia dago oraindik.

2017ko ekainaren 4an hil zen Dolores Hernandez, nire ahizpa. Berak sortu zuen Memoriaren Batzordea, eta duela gutxi nire lehengusina ere hil zen, seme bat desagerrarazia eta beste bai eraila zituen, eta haiek ezin izan dute egindako lan guztiaren emaitza ikusi. Eta nik zin egin diot Dolores zenari, ez naizela hilko ezer lortu aurretik. Nagusiak gara dagoeneko, herren gaude, osasun arazoak ditugu eta ez gaude, jada, sasoiko honetan jarraitzeko, gaixorik gaudelako.

Prekaritatearen gainetik, helburua lortu arte

30 urte hauetan nire kideak eta ni borrokan aritu gara, eta ez dugu beti laguntzarik jaso eta, bueno, gaur egun, nire seme-alabek zertxobait lagundu didate, nik bakarrik ezin izango nuen eta. Lan guztia dirurik gabe egin dugu, autobus-txartela ordaintzeko ere ez genuen. Hori, eta genekien apurrarekin. Bizitza osoa daramat lanean, baina CPDH “Madeleine Lagadec” batzordean eman nituen 12 urteak soilik egon naiz Gizarte Segurantzan; bizitza osoan 12 urte soilik kotizatu ditut; 3000 $ko kalte-ordaina eman zidaten erretiratu nintzenean, hori besterik ez. Nik ez du alargun-pentsiorik, ez bestelako ezer, 200$-ko laguntza bat baino ez dut, jasandako torturen ondorioz, elbarri geratu nintzelako. Belaunean ebakuntza egin berri didate, baina bizkarrezurra ere gaizki daukat, eta hala ere, asko kostatu zitzaidan laguntza hori lortzea. Atzera eta aurrera ibili behar izan nuen.

Nik daukadan guztia partekatzen dut beste kide batzuekin, behar handia dago oraindik, eta niretzat dirua ez da garrantzitsuena. Baina zaila da borrokan jarraitzea, amentzat batez ere; batzuk urrutitik datoz, eta ez dute laguntza bakar bat ere, eta batzuetan bidaia ordaintzeko ere ez dute dirurik izaten. Baina ez dugu etsiko, sinetsita nago borrokan segituz gero lortuko dugula. Baina horretarako, laguntza gehiago lortu behar dugu. Arazo larri bat dugu, gaur egungo gazteak euren gauzez arduratzen dira: lana bilatu, bizitzeko lain irabazi… Eta guk esaten dugu gu ez gaudenean gure seme-alabek jarraituko dutela, baina agian asko esatea da, zaila da…

Baina borrokatu egin behar gara Jainkoak bizirik gaituen bitartean, nik hitza eman diot nire ahizpari, hau dena ezin baita horrela geratu. Lortu egin behar dugu!. Abuztuaren 30a Desagerrarazitako Pertsonen Egun Nazionala izatea lortzea, gutxienez, hori ahizpari zor diot. Nik lanean jarraitzen dut, eta gauza on bat badut, edonori deituta laguntzera etortzen da berehala; beraz, mobilizazioak egiten jarraitzen dugu, eta jendea etorri egiten da laguntzera. Nik gonbidatu egiten ditut, etor daitezen, mobilizatu egiten ditut parte har dezaten. Amak gaixorik daude, eta zaindu egin behar dira. Guk elkar zaintzen dugu, egoera gogorren erdian, atseden hartzen dugu, baina borrokan jarraitzen dugu

[Testigantza hau Tania Cañasen laguntzarekin jaso da. 2020ko urtarrila]

1. San Vicente El Salvador osatzen duten 14 Departamentuetako bat da. Herrialdearen ekialdean dago, eta gatazka armatuak oso gogor jo zuen.

2. Cristiani familia, El Salvadorreko kafe-soro jabeen oligarkiakoa. Familia horretakoa zen Alfredo Cristiani, ARENA alderdiko politikaria eta El Salvadorreko presidentea 1989-1994 aldian.

3. Soldata langile batek lan egindako egun bakoitzeko jasotzen duen diru kopurua da.

4. Dolores Hernandez, 1980ko martxoan hil zuten Salvador Mirarekin ezkondua, Andresen ama, 1980an desagerrarazia; “Camilo Turcios”en ama, 1991n borrokaldian eroria; “Juancito”ren ama, 1989an borrokaldian eroria.

5. Colon izenekoa El Salvadorreko txanpona izan da 1892az geroztik. 2001ean Estatu Batuetako dolarrarekin ordezten hasi ziren apurka-apurka.

6. El Salvadorreko Heriotzaren Eskuadroietako parte bat. Eskuin muturreko talde paramilitarrak, El Salvadorreko Gatazka Armatuan eratuak.

7. Garai hartan, “antolatzea” zen diktaduraren kontra zegoen erakunde politiko, sozial edo militarren bati lotzea.

8. “Korridorea” etxebizitza estrategikoak hartzen zituzten familia batzuk osatzen zuten; une hartan “klandestinitaterako” bidean, hiritik mendialdera ezkutatzera zihoazenei funtsezko elikagaiak eta produktuak hurbiltzeko.

9. Zumezko edo bestelako material malguz egindako otzara, aho zabalekoa, oro har emakumeek kalez kale saldu ohi dituzten produktuak garraiatzeko erabiltzen dutena.

10. FMLNko militanteei hala esaten zitzaien lagunartean.

11. Erakunde iraultzaileei atxikiriko pertsona baten hilketa bat (atxiloketa edo desagerraraztea ere bai) aipatzeko modua.

12.   Atentatu horretan 12 pertsona hil zituzten, Estatu Batuetako Itsas Armadako 4 infante barne. PRTCk bere gain hartu zuen ekintza.

13. Erasoaldia, Azken muturrerainoko Erasoaldia edo Faxistak kanpora Erasoaldia izenez ere ezaguna, FMLNk egindako ekintzarik entzutetsuenetakoa izan zen, bertako milizianoak hiriburura eraman zituzten. 1989ko azaroaren 11n hasi zen eta abenduaren hasierara arte iraun zuen.

14. Erasoaldirako, gezurrezko hainbat ekintza antolatu ziren, ezkontzak, esaterako, eta horiei esker, antolatutako pertsonek leku batetik bestera joan eta elkartzea lortu zuten, susmorik eragin gabe.

15. Azaroaren 16ko goizaldean, Indar Armatuetako Atlacatl Batailoiak 6 apaiz jesuita eta haren bi zerbitzari hil zituen, Jose Simeon Cañas Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean (UCA). “UCAko Martiriak” izenaz dira ezagunak. Gaur egun oraindik epaitu gabe daude hilketa haren egile intelektualak.

16. 1992ko otsailean Bakearen Akordioak sinatu ondoren, FMLNko borrokalariek armak eman zituzten eta bizimodu zibilera itzuli ziren.

17. “Madeleine Lagadec” Giza Eskubideen Sustapenerako Zentroa, DPDH, Centro Medelin Lagadec izenez ezaguna. Sofia Hernandezek, Lucia Iriartek eta Lidice Navasek sortu zuten.

18. ONUSAL, Nazio Batuen Behatzaileen Misioa El Salvadorren, 1991tik 2015era izan zen herrialdean, gutxi gorabehera.

19. Monsinore Oscar Arnulfo Romero, gaur egun Amerikako San Romero, 2018an kanonizatu zuten. 1980ko martxoan hil zuten El Salvadorreko estatuak eragiten zituen bidegabekeriak eta giza eskubideen urraketak salatzeagatik. Hilketa hartatik hogeita hamaika urte igaro ondoren jakin zen hiltzailearen izena, Guardia Nazionala zeneko II. Sekzioko azpi-sargentua eta Errepublikaren presidente ohiaren segurtasun taldeko kidea. Hark esandakoaren arabera, krimen hura egiteko agindua Roberto D'Aubuisson maiorrak eman zion, heriotzaren eskuadroien sortzailea eta ARENA sortzailea. Marisa D'Aubuisson, Roberto D'Aubuissonen arrebak, El Salvadorreko apezpikuaren beatifikazioa sustatu zuen fundazioa sortu zuen urte batzuk geroago.

20. Monumentuan –San Salvadorreko Cuscatlan Parkean dagoen granitozko horma bat– gatazkaren biktima zibilen 25.626 izen jaso ziren lehenengo fasean, eta 2003ko abenduaren 6an inauguratu zuten. Inaugurazioaren ondoren, jende askok eskatu zuen izen gehiago atxikitzea; beraz, informazio biltzeko bigarren fase bati ekin zion Batzordeak. Horren ondorioz, 2008ko martxoaren 15ean, plaka berriak inauguratu ziren beste 3.169 izenekin. Bigarren etapa horretan, 1970etik 1992ra gertatutako 194 sarraskiren erreferentziak ere jaso ziren.

21. 204/2013 Dekretu Betearazlean lau erreparazio neurri jasotzen ziren: errehabilitazioa, kalte-ordainak, duintzea eta gertatutakoa errepikatuko ez zelako bermea; eta horiek denak betetzeko, Estatuko hainbat erakundek zeregin garrantzitsua zuten. Baina gobernua aldatu denez, Dekretua ez dago indarrean.