Elghalia Djimi (Mendebaldeko Sahara)

“…izuaren zirkulu horretatik ateratzeko gizarte zibil gisa antolatu behar genuela pentsatu genuen… giza eskubideen alorrean lan eginez”

Marokoko Estatuak eragindako Giza Eskubideen Urraketa Larrien Biktimen Saharako Elkartearen presidenteordea

Elghalia Djimi-ren testigantza osoa Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Zuzendaritzak argitaratu zuen Giza Eskubideen defendatzaileen testigantzak (1. Zk.) izenekoaren barruan. Bertsio osoa gaztelaniaz, euskaraz eta arabieraz aurki daiteke hemen:  https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/defensores_derechos_humanos/es_def/adjuntos/Defensores-testimonio.pdf. Iturri horretatik jaso da hemen euskaraz aurkezten dugun laburpen hau.

Foto: Hegoa.

Jatorria

El Ghalia mint Abdalahi uld Mohamed naiz, eta 1961ko maiatzaren 28an jaio nintzen, Agadiren, Maroko-ko Hegoaldean. Joan den mendeko 20.eko hamarkadan, gutxi gorabehera, Marokoko Hegoaldera alde egin behar izan zuen Mendebaldeko Saharako familia batekoa naiz. Aitaren aldeko amama, Fatimetu Ahmedsalem Baad, Mendebaldeko Saharako basamortuan jaio zen. Garai hartan, han, zenbait triburen arteko borrokak zeuden. Batzuek besteei egiten zieten eraso, eta ondare guztia kentzen zieten. Amamaren aita Mauritaniako tribu baten razzia1 baten biktima izan zen; gamelu bat baino ez zieten laga. Gertaera horren ostean, birramamak seme-alabak hartu (nire amama eta amamaren nebak) eta basamortuan barrena bidaiatzeari ekin zion. Guleiminera jo zuen, Marokoko hegoaldera, laguntza eskaini ahal zieten senitartekoak baitzituen han.

Urte batzuk geroago, 30.eko hamarkadan, berriz lekualdatu ziren, Ifni aldera. Amamak espiritu zabala zuen, eta lan egin eta autonomoa izan nahi zuen. Agadiren lana bazegoela jakin zuenean, bertara lan egitera joatea erabaki zuen, eta, hasieran, amarekin utzi zituen hiru semeak. Agadireko fabriketan hasi zen lanean amama. Lehenik, 1949an, sardina-kontserben fabrika batean. Geroago, 50.eko urteetan, laranjak esportatzen zituen enpresa batean hasi zen. Behin nolabaiteko egonkortasun ekonomikoa lortuta, Ifnira itzuli zen, eta semeak hartu zituen Agadireko eskolara eramateko (garai hartan, Agadir Frantziaren kolonia zen).

Aitak 18 urte zituen 1958an. Petrolio-prospekzioak egiten zituen Italiako enpresa batean hasi zen lanean. Hemezortzi urte bete berria zen aita, eta oso modernoa zen. Saharar gehienek ez bezala, gustuko zuen praka bakeroak janztea, eta horregatik, italiarrak Jeany (jeans hitzetik, baina Djimi ahoskatuta) deitzen hasi zitzaizkion. Handik datorkit abizena.

Ezin dut nitaz berba egin amama aipatu gabe. Nire bizitzaren erreferentea da, eta Agadireko komunitate sahararrean ere eragin handia izan zuen. Hiri hartan bizi izaten jarri zenetik, Saharatik Marokorako bidean zihoazen saharar asko igaro zen amamaren jaimatik, lehenik, eta haren etxetik gero.

Militantziaren hastapenak. Amamaren desagertzea

1983aren amaieran Las Palmasera joan nintzen, lagun bat bainuen bertan, eta azaldu nion Fronte Polisarioarekin harremanetan jarri nahi nuela.

1984ko apirilaren 4an, asteazkena, etxeko atea jo zuten: bi marokoar ziren, eta etxekoandrea non ote zegoen galdezka zetozen, eta zuzenean sartu ziren amamaren logelaraino, baimenik eskatu gabe. Haietako batek txandala eta Real Madrid taldearen kamiseta zeramatzan. Amamak otoitza amaitu berria zuen… Horma osoa hartzen zuen armairu handi bat ireki zuten gizonek, eta handik kutxa bi atera zituzten. Hantxe zituen gordeak amamak berarentzat balio handikoak ziren gauzak: semeen gutunak, dokumentazioa eta beste gauza pertsonal batzuk. Paperen artean ateratako argazki batean ni agertzen nintzen, Europar erara jantzita. Ni ote nintzen galdetu zidaten. Segituan esan zidaten: Poliziak gara; zure amonak kalera irteteko jantzi behar du, eta gurekin etorri behar duzu… Ondoren auzoan zabaldu zuten gurean armak zeudela, jendeak pentsa zezan amama arrazoi batengatik eramaten zutela.

Egun horretan bertan, ilunabarrean, saski bat janariz bete genuen eta polizia-etxera joan ginen, amamak baraualdia amai zezan. Galdetu ziguten zertarako agertu ginen han. Eta esan genien polizia-auto batean eraman zutela amama. Amamaren janariaz beraiek arduratuko zirela erantzun ziguten. Etxera itzuli ginen. Amamak 60 urte zituen garai hartan. Ez genuen berriz ikusi.

Amama desagertu zenean, gure familia umezurtz bezala geratu zen, eta gure aitak amaren eta nire hiru neba eta ahizparen (denak ni baino gazteagoak) pasaporteak tramitatu zituen herrialdetik ateratzeko.0} Nik Agronomia ikasten jarraitu nuen Eskola Teknikoko barnetegian, harik eta 1985ean ikasketak amaitu nituen arte. Amamarekin gertatutakoaren ostean, ikaratuta nengoen, eta ez nintzen ausartzen nire izuei buruz inori berbarik egiten.

Ikasketak 1985ean amaitu nituen, eta 1986ko ekainean, lan egiteko kontratatu ninduten Aaiunen, Nekazaritzako Probintzia Zuzendaritzan. Garai hartan jarraitu nuen atzerrira bidaiatzen eta lan militantea egiten. 1987an, Las Palmasera joan nintzen batean, informatu zidaten nazioarteko batzorde batek bisitatuko zuela Sahara, eta une aproposa zela, horrenbestez, zenbait ekintza egiteko: saharar bezala agertu, okupazioa salatu, bandera sahararrak eta pankartak atera eta lurralde okupatuetan izan ziren bortxaketa guztiak salatzeko, batez ere jendea desagerrarazi izana.

Atxiloketa, torturak eta desagerraraztea

1987ko azaroaren 20an desagerrarazi ninduten. Azaroaren 16an, Agadiren nengoen, Aaiunera bidaiatzeko prest, 18an material batzuk jaso behar nituelako, nazioarteko batzordearen aurrean erabiltzeko. Azaroaren 20an, gutunak hartu, gutun-azal batean sartu, eta hanketan itsatsi nituen.  Ondoren, pasatu zizkidaten bi banderak ere hartu eta barruko tunika bati lotu nizkion kateorratzekin, eta lanera joan nintzen. Arratsaldeko 15:45 aldean, laneko arduraduna agertu zen nire bulegoan, eta bere bulegora laguntzeko esan zidan. Hantxe, militar jantzitako gizon bi zeuden, turbanteak jantzita biak. Haietako batek esan zidan: “poliziak gara, eta zurekin hitz egin nahi dugu une batez. Gurekin jaitsi behar duzu". Hirurok jaitsi ginen, lantokiko ate nagusitik irten ginen eta Land Rover baten atzeko partera sarrarazi ninduten. Berehala konturatu nintzen hura ez zela bi minutuko kontua izango, eta nire burua mentalki prestatzen hasi nintzen: beldur nintzen desagerraraziko ote ninduten.

[Atxiloketa zentrora iristean] Minutu bi eskas igarota, gizon asko agertu ziren: lurrin usaina zerien eta beste gizon batzuek ez bezalako oinetakoak zeramatzaten, urratsen zaratetatik antzeman zitekeenez . Lurrera bota, eta arrastaka eraman ninduten itaunketa- eta tortura-aretoraino. Kontuan hartu behar da Nazio Batuen eta Batasun Afrikarraren batzordearen bisita zela-eta, zerbitzu sekretuetako jendea eta Barne Ministerioko buruzagiak etorriak zirela Rabatetik Saharara.  Hantxe zeuden buruzagi guztiak.

Gutunak eta banderak aurkitu zizkidatenez, itaunketak nirekin hastea erabaki zuten. Esan nien Europara atera nintzenean bakarrik izan zuela harremana Polisarioarekin , amama desagertua aurkitzeko edozein gauza egiteko prest nengoelako. Begiak estaliak nituen, eta obsesionatuta nengoen inoren daturik ez ematearekin, hori eginez gero, jende asko eror zitekeelako. Haiek mehatxatu egiten ninduten, eta esaten zidaten burmuina garbituko zidatela, hilko nindutela. Eta pistolaren kanoia ahoan sartzen zidaten. Orduak igaro ahala, gero eta nahasiago nengoen. Ezin nituen ikusi, baina ahots asko entzun nituen, zarata asko; batzuek alde batetik hitz egiten zidaten, eta beste batzuek, bestetik. Oinetatik eta eskutik tiraka ibiltzen ziren; lurrean nengoen eserita. Banku txiki bat zegoen, 30 edo 40 zentimetro ingurukoa, eta eskuak eta oinak lotu zizkidaten bankura, burua zintzilik utzita, kanporantz. Estu-estu lotu ninduten bankura. Ondoan kubo bat zegoen, txizaz, detergentez, eta gatz ugariz eta sufrez betea. Oihal-zati bat jarri zidaten aurpegian, oso zikin eta bustita zegoen. Gainetik, kuboko likidoa botatzen zidaten. Likidoa ahotik eta sudurretik sartzen zitzaidan, eta ito egiten ninduen. Itotzen nintzenean, gizon batek zaplaztekoak ematen zizkidan, gogor, arnasa errekuperatzen nuen arte. Aldi berean, beste gizon batek oinazpietan jotzen ninduen, oso gogor, borra batekin. Une batez gelditu egiten ziren, baina gero berrizen egiten zidaten itaunketa, eta nik behin eta berriz esaten nuen amama Fatimetu bilatzea besterik ez nuela egin.

Tortura- eta itaunketa-aretoan, Abdelaziz Alabouch, DSTko buruak, esan zidan: “Begira, Ghalia, zure etorkizunean pentsatu behar duzu. Emakume gaztea zara, eta polita, eta aukera aparta daukazu: zeinekin eta Hafid Ben Hachem buruarekin egongo zara. Oso gizon errespetagarria da, eta Dris Basri Barne ministroaren eskuineko eskua, itaunketan kontzentratu behar duzu, eta ahalik eta hobekien erantzun behar diozu”. "Prest gaude zu askatzeko, bai eta zure amama ere, zurekin zer jende dagoen esaten badiguzu. Hafid Ben Hachem, Inteligentziako goi-buruak zurekin negoziatzeko eta, zure jendea nor den esaten badiguzu, ondo tratatzeko agindu digu. Berarengana eramango zaitugu”.

Txalet batera heldu ginen. Egongelan gizon bat zegoen sofa batean eserita, eta jende asko haren inguruan, zutik. Hauxe esan zidaten: “Ben Hachem gure buruzagiarengana joan”. Harengandik gertu eseri nintzen, eta esan zidan: “Zorionak, Ghalia, une onean heldu zara. Lagundu nire gizonei; hori egiten baduzu, prest nago zu askatzeko, bai eta zure amama ere”. “Gaztea zara. Zu bezalako emakume asko, batez ere funtzionarioak direnak, gobernadoreak antolatzen dituen festa marokoarretara etortzen dira”. Erlojua begiratu zuen, eta esan zidan: “Orain hamarrak dira. Datozen bi orduetan inork zu ez ukitzeko agindua emango dut. Laguntzen baduzu, bihar kalean izango zara”. Ez nuen erabat sinetsi amamarena, norbaitek esana zigulako ospitalera eraman behar izan zutela, memoria galduta zuelako torturaren ondorioz.

Aulki bat eman zidaten, eta Lemhaui izeneko gizon bat etorri zen, Aaiuneko polizia judizialeko burua. Aurpegiz ezaguna nuen. Eta itaunketa guztia errepikatu zuen. Eta nik ere berriro errepikatu nuen lehen kontatutakoa, eta orduan, erlojuari begiratu, eta esan zuen: “Ia gauerdia da. Pentsatu zure amamarengan”. Eta azkenik, “Ez duzu hitz egin nahi?” Orduan haren nagusiari deitu zioten, eta hark esan zuen: “Torturatu ezazue berriro”. Eta berriz torturatu ninduten: lehenengo bankuarena, eta gero, elektrodoak. Elektrizitate-sorgailu gorri bat zuten, eta ontzi makur bat, ur apur batekin. Elektrizitatea deskargatzen zidaten behatzetan, eta hatzetan, eta belarrietan. Izugarria zen. Eta berriz bankura, eta pistolaz mehatxatzera: “Bortxatu egingo zaitugu, akabatu egingo zaitugu”. Haserre zeuden, ez nuelako aprobetxatu emandako aukera. Goizeko hirurak aldean, konortea galdu nuen, eta hasi nintzen zenbait gauza kontatzen. Kontraesanez betetako aitorpena egin nuen.

BIR “Interbentzio Azkarreko Batailoia” espetxea eta PCCMI “Interbentzioko Konpainia Mugikorren Aginte Postua”

Larunbat osoa eman genuen itaunketa-zentroan. Ez dut gogoratzen zergatik galdu nuen konortea, baina Aminetuk hala izan zela esan zidan. Berak kontatu zidan gero, parte hori memoriatik ezabatuta dudalako, zelako torturak egin zizkidaten larunbatean. Igandean, taldeko guztiak (kanpokoekin harremana genuenak ginen) hondartzako leku batera eraman gintuzten; koloniaren garaian, BIR deitzen zioten denek. Une batez, BIR zentrora eraman gintuen Land Rover hura gelditu egin zen, eta jaisteko esan ziguten. Torturen ondorioz, oso handituta nituen hankak, ez ezin nuen ibili, ez eta oinak lurrean bermatu ere. Autotik jaistean harea sentitu nuen, eta olatuen hotsa entzuten zen. Bat-batean, akordura etorri zitzaizkidan amamaren etxean entzundako istorioak, hobietan bizirik lurperatutako saharar jendeari buruzkoak. Pentsatu nuen lurperatu egingo gintuztela, eta hil behar banuen, ez nuela sandaliarik behar, eta ez nituen jantzi. Zer pentsatzen ari nintzen asmatu izan balu bezala, zaindari batek esan zidan: “Urdanga! Hartu zure sandaliak” “Ez uste hain azkar hilko zaretenik. Apurka-apurka hiltzen utziko zaituztegu”.

Begiak estalita jarraitzen genuen. Halaxe egon ginen hiru urtez eta zazpi hilabetez. Aske utzi baino lau egun lehenago kendu zizkiguten bendak begietatik. Sidatik eta Sharif Boicha izeneko beste gizon bat ere, biak itsuak, begiak estalita eduki zituzten hainbat hilabetez. Eraikin batean sartu gintuzten; BIR zentroko kuartela zela jakin genuen gero, eta sartzean, kiratsa jasangaitza zen. Aurrena pentsatu nuen hantxe zegoela 1976an desagerrarazitako jende guztia. Gainera, sartzean, lurrean zegoen emakume batekin egin nuen estropezu, eta ukitu nuenean, argal-argal zegoela konturatu nintzen.  Baina geroxeago, beste aldean, beste emakume bat haztatu nuen, eta hura, berriz, sasoi oinean zegoen, eta ondorioztatu nuen azken bizpahiru egunetan atxilotutako jendea zela, nire modukoa. Ziega bat zen, 3 metro bider 3 metro, gutxi gorabehera. Hantxe giltzapetu gintuzten 19 emakume. Senarrak geroago kontatu zidanez, gela handixeago batean, 4 metro bider 4 metro izan zitekeena, 70-80 gizon inguru zeuden pilatuta.

Handik astebetera, Nazioarteko Batzordea joan egin zen Saharatik, eta Aaiunera eraman gintuzten berriz, PCCMI2 zentrora. Aste horretan buruari buelta eta buelta aritu nintzen, itaunketan gertatutakoa burutik kendu ezinik. Konturatu nintzen, ezen, nahiz eta Marokoko informazio zerbitzuak ahalmen handikoak zirela uste genuen, ez zekitela ezer nitaz. Maiz atzerrira joaten nintzela; askoz gehiagorik ez. Hala, bada, pentsatu nuen ahalegindu behar nuela bertsio koherentea ematen, kontraesanik gabea, eta ez nuela inor inplikatu behar.

Itaunketa-txanda horretan gertatutakoak jota suntsituta utzi ninduen. Biluzarazi egin ninduten, goitik behera; begietako benda baino ez nuen jantzita, eta foku bat antzeman nuen nire gainean. Barrezka hasi ziren, ukitu egiten ninduten, eta borra batez jo. Nik 26 urte nituen, eta ez nintzen inoiz gizon baten aurrean biluzi; ezin nuen sinetsi arabiarrak zirela, musulmanak. Izan ere, ez zegoen gizon bakarra, gizon asko zeudela antzematen zen, eta denak ari ziren barrezka. Inoiz ez nuen nire burua halako gauza bat jasateko prestatu, eta hondoa jo nuen.

Lehenengo askapenak, zelatariak

Hiru hilabete luze gatibu egon ondoren, otsailaren 27an edo 28an, zelatariak etorri ziren, eta esan ziguten: “denak dutxara”. Atxilotu gintuztenetik, dutxatzeko aukera izan genuen lehenengo aldia zen. Azarotik atxilo zeudenetako batzuk askatu behar omen zituzten. Nirekin zeuden bederatzi emakume askatu zituzten, Osasun Ministerioko funtzionarioak, eta beste funtzionario batzuk ere bai. Egia esan, jende hori guztia hiru hilabetez eduki zuten atxikia, ezer galdetu gabe, ez eta izena ere, lehendik bazekitelako. Jende hori guztia beldurtu egin nahi zuten, eta beldurrezko mezu hori gizartean zabaldu.

Gatibu horiek askatu ondoren, apurtxo bat baretu zen giroa. Zelatari batzuek gupidatsuago jokatzen zuten, eta ondoko emakumearekin berba egiten uzten ziguten, ahapeka. Baina gauza handirik ez, kartzelan geundelako, eta esparru haiek ziegak zirelako: horma handiak zituzten, eta ez zegoen ziegen artean komunikatzerik. Gauza txikiak genituen: ahapeka berba egin, baina kantatzea inola ere ez, edo begietako benda apur bat altxatu, poliziarik ez zegoenean gertu. Hala irakurri ahal izan genituen hormetan handik igarotakoen izenak eta datak. Leku hori 1976az geroztik erabilia baitzuten, eta jende asko igaroa zen bertatik.

4 metro bider 1 metroko ziega batean nengoen. Ziegan, nirekin, erditu berri atxilotu zuten emakume bat zegoen; jaioberria kendu eta kanpoan utzi zioten. Min handia zuen bularretan, esnea igo zitzaiolako. Guardiak urrutiratzen zirenean, esnea ateratzen laguntzen nion, bularreko mina arintzeko. Gure eginkariak komunean egiten uzten ziguten, baina zelatariak han egoten ziren beti, eta ez ziguten gure burua garbitzen uzten, debekatuta geneukan. Hiru hilabete eman genituen arropa berarekin, eta gure burua garbitu gabe. Denbora hori guztia dutxatzeko ez garbitzeko aukerarik gabe. Gainean pilatuta geneukan sekrezio-nahastea pentsaezina da, hileko eta guzti. Azkenean, arkakusoz beteta nituen burua eta gorputz osoa. Ilea luzea nuen, eta erori egin zitzaidan, soilguneak geratu zitzaizkidan buruan. Uste osoa nuen hantxe amaituko zirela nire egunak, inoiz ez nintzela handik irtengo. Baina, bitxia den arren, horrexek ematen zidan indarra, eta nire jendeari laguntzeko gogoa, trantze hartatik ahalik eta ondoen igarotzeko.

Hasierako taldetik 40 gizon geratu ziren, 14 edo 15 bat ziega bakoitzeko. Emakumeen talde finkoa genuen, 10 ginen, nahiz eta batzuetan beste batzuk ekartzen zituzten aldi laburretarako. Zelatari batzuk gu hobeto tratatzen hasi ziren, beste batzuek, berriz, jarraitu zuten ahalik eta ankerren jokatzen. Gizon zahar batek, guardiako buruak, askatasun apurtxo bat uzten zigun, guardia egitea egokitzen zitzaionean. Komunera joan nahi genuenean, batzuetan utzi egiten zigun beste ziega batean zegoen senideren edo lagunen batekin elkartzen. Orobat, gau batzuetan ere utzi egiten zigun adiskideen edo senideen ziegara joaten, eta gaua hantxe pasatzen.

Hiru kideren ihesa

Hiru kidek ihes egin ostean, dena aldatu zen; bai eta ziegen banaketa ere. Korridorean zeuden emakumeak ziega batean sartu zituzten. Emakumeetako bat, gajoa, memoria galtzen hasi zen bizpahiru hilabeteren ondoren. Bitiligoak jota zegoen, eta alperrik galduta geratu zen, zikinkeria, azaleko gaixotasuna eta arkakusoen ziztadak zirela-eta (hazka egiteagatik infektatu egiten zitzaizkion). Ez zuen jan nahi izaten, eta bakarrik sartu zuten ziega batean. Aminetuk ahalegin handia egin zuen emakume hari laguntzeko, senidea zuen eta. Emakume hori, ordea, ez zen inorekin fidatzen, eta bere burua baztertzen hasi zen. Gainerako emakumeok, nahiz eta lehendik elkar ezagutu ez, gure militantzian bat eginda sentitu ginen, eta horrek elkartasunezko lotura oso estuak sortu zituen gure artean, eta oso lagungarria zen hori guretzat. Esperientzia horrek indartu egin gintuen denok, emakume horiek eta ni. Emakume hura, berriz, gero eta ahulago zegoen. Ez zuen jan nahi. Oso idorreria larria zuen, eta hilko ote zen beldurrez, eskatu genion poliziari hari laguntzeko botikaren bat ekartzeko. Eskuak baliatuta ere lagundu behar izan genion kaka egiten.

Tratu hori emanez suntsitu nahi gintuzten; irainez, kolpez, umiliatuz, garbitzen edo arropaz aldatzen ez uzten. Horrela gure kausa alboratu egingo genuela uste zuten. Baina gehienok gainditu ahal izan genuen egoera hura, Jainkoari eskerrak, eta gure ideiak indartu egin ziren. Oinaze ugari pairatu genuen, eta eragina izan zuen askoren osasunean. Aminetu, esaterako, oso osasun ahula zuen, gaixorik ibiltzen zen beti; baina sufritzeko gaitasun handia erakutsi zuen, benetan mirestekoa. Indar moral gaindiezina zuen. Zorigaizto asko pairatu genituen; horrek, ordea, lagundu egin zigun gure izaera eratzen, indarra eman zigun aurrera jarraitzeko, bide onean ari ginela sentitzen genuen. Esperientzia horrek nire usteak eta determinazioa indartu zituen.

Hassan II.aren kumeak

1988. urtean, Marokok gazte saharar talde bat hautatu zuen eskoletan, merezimendu akademikoen arabera. Guztira, Saharako 6.000 eta 7.000 gazte, eta Marokoko3 barne aldera bidali zituen. “Hassan II.aren kumeak” deitu zitzaien. Asmoa haien bizimodua aldatzea zen; bai eta haien pentsamoldea ere. Drogak, alkohola, prostituzioa eta bestelako arazo batzuk dituen gizarte batean sartu zituzten. Baina gazte horietako batzuk Polisarioan sartzen ahalegindu ziren, eta, horretarako, Ekialderantz jo zuten. Poliziak aurkituz gero, atxiki eta BIR zentroan atxilotzen zituzten. 6 edo 7 hilabetez edukitzen zituzten atxilo, eta ondoren aske uzten zituzten. Behin ziega txiki batean izan nintzen; aterik ez zeukan, eta areto horretara ematen zuen. Aurrez aurre gazte bat nuen. Ikusi ahal izan nuen, noizean behin, apurtxo bat altxatzen nuelako begietako benda. Gainerakoentzat ez zen erraza antzematea, ez baitzen ezer entzuten; debekatuta zegoen hitz egitea, eta guardien boten hotsak baino ez ziren entzuten. Hala, bada, mutil hori Hussein Beicha zen, Cherif Beicharen (nirekin preso egon zen gizon itsu haietako bat) arrebaren semea. Harekin zelan komunikatu pentsatzen jarri nintzen, erabat debekatuta baitzegoen elkarri hitz egitea.

Egun haietan plastikozko plater urdin eta zuri batzuk eman zizkiguten, eta plastikozko edalontzi bana ere bai. Nire platera zuria zen. Begiak estaltzen zizkidan bendaren hari batzuk askatzea bururatu zitzaidan. Hari zatitxo haiek erabili nituen platerean idazteko, listuz bustita. Lehenik nire izena, Elghalia Abdalahi Djimi. Ondoren, banan-banan, han geunden pertsona bakoitzaren izena. Izen bat osatzen nuen bakoitzean, kolpetxo bat jotzen nuen, eta hark burua biratzen zuen. Horrela irakurri ahal izan zuen nik plateraren gainean marrazten nuena. Horrela, gure egoeraren berri eman nion, egunez egun.

Igande odoltsua

1990eko urriko egun batean –urriaren 20a, hain zuzen, larunbata– niri egokitu zitzaidan arropa garbitzea. Hortaz, guardiako buruari esan nion neben arropa garbitu behar nuela, eta ezetz erantzun zidan, bero handia zela, eta ez zuela eseri nahi ni zelatatzeko arropa garbitzen nuen bitartean, kiratsa zeriolako. Bost litroko ur-txanbilak zeuden, ziegako bana edo bina ematen zigutelako. Txiza egiteko edo eskuak garbitzeko erabiltzen genituen. Hala, bada, guardia batek komunetara lagundu zidan; usain txarreko alkandora zikin horiek hartu, eta txanbilean sartu zituen. Guardiak esan zidan: Aizu, Ghalia, zure erruz arazoak izango al ditut guardia buruarekin. Eta nik erantzun: ez arduratu, ez baduzu amaitu arte nire zain egon nahi, ziegan garbitu dezaket arropa.   Urdandegira bueltan, guardia burua aurkitu genuen atean, eta esan zidan: “Zuk uste duzu zuk nahi duzuna egin behar dela. Gehiegi eskatzen duzu. Bada, ez. Gogoan izan preso zaudela, eta hemen ez dagoela sindikaturik. Hartu”. Eta txanbila emateaz batera, zaplazteko bat eman zidan. Eta nik, txanbila jaso, eta zaplaztekoa itzuli nion. Guardia hura Ekialdeko eskualde batekoa zen, eta han ez daude ohituta emakumeok gizonei ozen berba egin edo egindako eraso bati erantzutera. Lurrera bota ninduen kolpeka, eta begietako benda askatu zitzaidan. Zalaparta handia sortu zen, eta jende guztiak ikusi eta entzun zuen han sortutako liskarra.

Bitartean, Lesiad izeneko kide batek mezu bana bidali zuen ziega guztietara: ni nire ziegara itzuli arte, gose-greba egiteko proposatzen zuen mezuan. Afalordua iristean inork ez zuen jan nahi izan, eta bazter batean utzi zuten janaria. Kideek gosaria errefusatu eta ordubete eskasera, txakurren uluak entzun ziren, ozen. Erreserbako poliziak ziren, eta ziegatan sartu ziren, zakur eta guzti, egurrezko borrak eskuetan. Emakumeen eta gizonen garrasiak entzuten ziren, eta borrez emandako kolpeen hotsa.

Ziegatako jendea masakratu ondoren, areto handira etorri ziren; han nengoen ni, lurrean eserita eta eskuak bizkarrean eskuburdinez lotuta. Soineko bat eta buruan oihal-zati ñimiño bat besterik ez neraman. Koronelak agindu zuen eskuak gorputzaren aurreko aldean eskuburdinez lotzeko eta, segituan, ostikada bat eman zidan. Eeee, Polisarioko urdanga –esan zidan–, Zergatik jo duzu poliziako burua? Zuk ez daukazu uniformez jantzitako inor ukitzeko eskubiderik. Ez al dakizu heriotzaren zain zaudela hemen? Azaldu nion guardiak eman zidala aurretik niri zaplaztekoa, eta nik arropa garbitzen uzteko eskatu niola, besterik ez nuela egin; luzaroan ur zikinetan utziz gero, arropa kutsatu eta alergia asko sortzen digulako. Beti berdin ibiltzen nintzela erantzun zidan, eta 32 egunez isolatuta egotera zigortu ninduen. Une horretan sentitu nuen han zakur bat zegoela, eta hura askatzeko agintzen zuela koronelak. Gainera etorri zitzaidan animalia. Senari jarraituz, aurpegia babestu nuen eskuekin, eta zakurrak hozka egin zidan besoetan eta bizkarrean. Tortura-aretoan isolaturik eduki ninduten 32 egunez.

Behin batean, guardia sardina-ogitarteko bat jaten ari zen eta niri “aho gozoa egiten ari zitzaidan”, beti gustatu izan zaidalako arraina jatea, baina inoiz ez diet guardiei ezer eskatu, eta janaria eskaintzen bazidaten, eskerrak ematen nizkien, baina ez nuen onartzen. Ez nuen mesederik zor nahi, eta haserretu egiten nintzen apur bat kideren batek guardiei zigarrokinak eskatuz gero. Baina guardiari sardina-hondartxo batzuk erori zitzaizkion lurrera, eta handik pasatzen zen inurri batek hartu zituen. Baina zorte handia izan nuen, guardia kanpora irten zen, eta une hartan inurria nire ondotik igaro zen. Sardina-hondarra kendu nion inurriari, eta jan egin nuen. Pena handia eman zidan inurriak, baina ezin izan nion eutsi.

Preso hartutako emakumeenganako tratua

Zaila da sexuan oinarritutako tratu txarrez hitz egitea, sexu-gehiegikeriaz. Halakoetan, emakume gehienak ezinean ibiltzen gara, kosta egiten zaigu, baina han tratu txar sexualak ere pairatu genituen. Bazen, gainera, abusatzen zutenak zigorrik gabe geratzeko beste faktore bat: begiak estalita izaten genituen denok; beraz, ezin genituen beste emakumeei egindako erasoak ikusi. Batez ere hasieran izan zen hori. Norbait etortzen zitzaizun, eta musu ematen zizun, edo eskua bularren artean sartzen zizun.

Isolamenduko ziegan eduki nindutenean, polizia ofizial bati –Sabar zuen izena– esan nion guardia batzuek, ikusterik ez genuela baliatuz, emakumeez abusatzen zutela, eta hori onartezina zela; eta are onartezinagoa zela, gainera, burua galdua zuen batez abusatzea, Yaggarekin gertatzen zen bezala. Sionistak ematen zutela esan nion, eta minduta galdetu zidan zergatik esaten nuen halakorik. Orduan azaldu nion biluzarazi eta laidoztatu egin nindutela atxiloketaren aurreneko astean, eta pentsaezina dela musulman zintzoek halakorik egitea. Orduan erantzun zidan edonola ere, han gertatutako ezer salatzeko aukerarik ez genuela izango, finean, hiltzera eraman gintuztela bertara.

Erresistentzia. Gezurra dirudien arren, bizi izan genuena bezain egoera lazgarrietan ere, izaten genituen une pozgarri batzuk ere. Esaterako, guardia laxo samarren bat egokitzen zitzaigunean, “Juaimet (jaima txikia) Um Ennur” izeneko Saharako jolas batean aritzen ginen. Jolasa, jolaskideen artean “ezkontzak egitean” datza. Jolas horretan, niri Dafarekin (nire egungo senarrarekin) ezkontzea egokitu zitzaidan, eta Amineturi ere gerora bere lehenengo senarra izango zena egokitu zitzaion, eta beste neska bat ere jolasean egokitu zitzaion mutilarekin ezkondu zen. Dafa oso gaixo jarri zenean, eta gaixo zeudenak gure ziegatik gertuago zegoen batera ekarri zituztenean, zutik jartzen ginen haiei guztiei adorea emateko, eta esaten genien askatzen gintuztenean joko horretan arituko ginela “Juaimet Um Ennur”. Nork esango zigun guri benetan ezkonduko ginela jolaseko gizonekin?

Erresistentziarako barneko antolakuntza oso garrantzitsua zen adoreari eusteko. Emakumeen taldea askotariko pertsonak ginen, baina denak ausartak. Batzuek sakonean ezagutzen zuten sahararren kausa; beste batzuk aldekoak besterik ez ziren. Batzuk ikasiak, beste batzuk ez horrenbeste. Emakume guztien artean ikasteko antolatzea erabaki genuen. Gure erresistentziarako alderdi garrantzitsua izan zen hura egoera hartan. Hasieran tea eta azukrea erabiltzen genituen; tea loditzen uzten genuen idazteko tinta legez erabili genezakeen arte. Geroago, ezkutuan, papera eta boligrafoak ematea lortu genuen. Aminetuk eta biok frantses apurtxo bat ere irakasten genien gainerako kideei.

Azken aldian, artikulu baten bidez jakin genuen Maroko eta Fronte Polisarioa Bake Plana prestatzen ari zirela, eta aurreikusita zegoela presoak eskatzea, eta beste batzuekin trukatzea.  Erreferendumerako kanpaina irudikatzen hasi ginen orduan, eta horretan lan egiteko antolatzen. Elkarri esaten genion, guk auzo honetan egingo dugu lan, eta zuek beste hartan, eta mezu politikoen edukiaz eztabaidatzen genuen. Hiru urte baino gehiago gatibu egon ondoren, egoera hura pozgarria izan zen erabat; zure kausaren alde lan egingo duzula pentsatzea eta askapenaren azkeneko etapan parte hartzea: autodeterminaziorako erreferendumean.

Azken garaia. Askapena

Askatu gintuzten egunera arte ez ginen guztiz ziur aske utziko gintuztenik. Bageneukan su-etenaren berri, eta esan ziguten lau egunen buruan askatuko gintuztela, baina beti geratzen zaizu zalantza izpi bat. Dena dela, azken garaia askoz hobea izan zen, erreferendumerako kanpaina prestatzen eta jendea animatzeko zer esango genuen prestatzen ibili ginelako. Horrek denak asko lagundu zigun. Azkeneko egunean, emakumeei mehlfa bana eta oinetako batzuk eman zizkiguten, eta polizia-autoetan eraman gintuzten familia-liburua egiten den bulegoetara.  Gure familia non bizi zen galdetzen ziguten han. Gure auzotik gertu zegoen administrazio bulegoan utzi ninduten, eta handik ia bili kilometro egin behar izan nituen oinez. Bidean aspaldiko lagun bat aurkitu nuen, baina ez ninduen ezagutu. Familiei debekatu egin zieten gure itzulera ospatzeko jaiak edo ekitaldiak egitea, baina jendea etxera etortzen zen gu agurtzera eta zoriontzera. Askorentzat heroiak ginen.

Bizitza, berriz

Bai 1991n bai 1992an Aaiunera itzuli nintzen nire lanpostua erreklamatzeko; azkenean berreskuratu nuen, 1993aren amaiera aldean. Ni aske utzi ondoren, berriz jarri nintzen Fronte Polisarioarekin harremanetan, laguntzeko prest nengoela jakinarazteko. Haiek esan zidaten atseden hartzeko tarte batean, apur bat suspertu arte; baina ni ezin hobeto sentitzen nintzen, eta zenbait kontaktu egiten hasi nintzen.

1994ko udan, topaketa bat antolatu zuen aitak Holandako etxean, Donatella Roverarekin. Donatella Amnistia Internazionaleko arduraduna zen Afrikako Iparralderako eta Ekialde Erdirako. Donatella eta aitaren laguna zen Holandako beste emakume abokatu bat etorri ziren. Donatellak Holandan geratu eta asilo politikoa eskatzeko proposatu zidan, Amnistia Internazionalaren laguntzaz, dokumentazio guztia prestatuko zidatela. Nik erantzun nion Amnistia Internazionalak edo beste edozein GKEk gu laguntzeko gogorik bazuten, gure lurraldean bertan, Mendebaldeko Saharan lagun zezatela. Izan ere, giza eskubideen defendatzaileak behar genituen, eta behar ditugu oraindik ere, mundu osoari kontatzeko zer gertatzen den Mendebaldeko Saharako Lurralde ez Autonomoan. Horrela adostu genuen Amnistia Internazionalarekin lurralde okupatuetatik jardungo genuela lankidetzan, eta AFAPREDESAk iheslariak dauden kanpamentuetatik egingo zuela (han lan handia egiten du, eta, hein batean, hari esker askatu gintuzten).

Giza Eskubideen defentsa

Irtetean konturatu ginen jendeak beldur handiarekin bizitzen jarraitzen zuela; ez ziren hitz egiten ausartzen, desagertutakoei buruz ezer esaten, ez eta pertsona haietaz galdetzen ere. Horregatik pentsatu genuen antolatu behar genuela gizarte zibil gisa izuaren zirkulu horretatik ateratzeko eta jendeari beldurra gainditzen laguntzeko, giza eskubideen alorrean lan eginez.

Handik aurrera, eta 2005. urtera arte, ASDVH eratzeko lan egin genuen: Marokoko Estatuak eragindako Giza Eskubideen Urraketa Larrien Biktimen Saharako Elkartea. Egia esan, oso izen luzea da elkarte batentzat, baina oso garrantzitsua zen argi uztea zer arlotan lan egin nahi genuen. “Saharako elkartea” izena soilik erabiliz gero, Polisarioko biktimatzat identifikatzen diren pertsonak hurbil zitezkeen, eta guk ez genituen kanpamentuak ezagutzen, eta ez genuen ikertzeko aukerarik, komunikazioa zaila zen eta. Askatu gintuztenetik oso erakunde serioekin lan egin genuen; hala nola, Amnistia Internazionalarekin edo Front Line Defendersekin, egiazko informazioa emanez; sinesgarritasuna izan da, eta da, gure kapitala. Elkartea 2005ean sortu genuen, Intifadarekin bat eginez.

1.Frantseseko razzia hitzetik, eta hura, aldi berean, Algeriako arabierazko ḡāzyah 'algara hitzetik. Erasoaldia, etsaia den herrialde baten aurka egiten dena, haren ondasunak harrapatzeko helburu bakarrarekin.

2. “Interbentzioko Konpainia Mugikorren Aginte Postua”, Espainiako armadako kuartel zahar batean kokatua, Aaiunen, ibaitik gertu. Atxiloketa-zentro klandestinoa izan zen 1993ra arte.

3. “Marokoar bihurtzeko” politika. Aurretik, debekatu egiten zitzaien sahararrei Marokora bidaiatzea edo bertan ikastea.