es / eu

Nora Ahmetaj1 (Kosovo)

“Gizarte zibila ez zen inoiz gelditu. Ez zion inoiz laguntzeari utzi. Inoiz ez.”

Aktibismoaren hasiera

Nora Ahmetajren aktibista ibilbidea 1990eko hamarkadan hasi zen, herritar albano-kosovarrak, Kosovon, indarkeriarik gabeko erresistentzia zibilaren mugimendua pizten hasi ziren urteetan, hain zuzen. Hiriburuan, Pristinan, jaioa da. Hogeita bost urteak beteak zituela hasi zen modu aktiboan indarkeriarik gabeko mugimenduan parte hartzen, eta Giza Eskubideen alorrean ikertzaile jarduten. “Aurreko protesten oroitzapenak baditut, meatzarienak eta ikasleenak, baina haurra nintzen, zortzi edo bederatzi urte baino ez nuen izango”, azaldu du. Lurralde hartan, 1980tik aurrera antolatzen hasi ziren etengabeko protestez ari da.

Josip Broz Tito hil ondoren eta Jugoslavia banatzen hasita, 1980.eko hamarkadaren hasieran, Kosovoko giro politiko, sozial eta ekonomikoa oso nahasia zegoen. Hamarkada horretan, dio Ahmetajek, "hiriburuan egoera ez zen txar-txarra, baina giroa usaintzen zenuen, bai eta haurra bazinen ere”. Egoera txartzen ari zela nabarmena zen eguneroko gauzetan: “ezin zinen identifikazio-agiririk gabe ibili kalean; Serbiako (orduan Jugoslavia) polizia kalean ikustean beldurtu egiten zinen; eskoletan, ikasle albaniarrak eta ikasle serbiarrak elkarrengandik bereizten hasi ziren… Ezinezkoa zen egoera horretan haztea eta zure inguruan ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzea".

Gogoan du, “egun batetik bestera, konturatu nintzen herritar albano-kosovarrak gehiengoa zirela Kosovon; konstituzioaren arabera Jugoslaviako parte zena, baina bigarren mailakoa”. 1980.eko hamarkadan, herritar albano-kosovarren eta serbo-kosovarren arteko apartheida sendotu zen: segregazioa eremu guztietara zabaldu zen, herritar albano-kosovarrek herritar serbo-kosovarrei eskualdatu zieten boterea eremu garrantzitsuenetan (lurraldeko Alderdi Komunistaren buruzagitza, fabrika garrantzitsuenak, eskolak), etab. 1989an, Slobodan Milosevic boterera iritsita, egoera are gehiago nahasten hasi zen. Urte hartan bertan, Milosevicek aldekotasuna eskaini zion serbiarren nazionalismoari Kosovon eman zuen diskurtsoetako batean. Ekimen independente oro indargabetu zuen berehala, eta konstituzio- eta lege-sistema berriak jarri zituen abian. Albaniako herritarren kontrako hainbat eta hainbat neurri errepresibo ere bai. Milosevic boterera iritsita, areagotu egin ziren protestak Kosovon; lehenik, meatzariak, eta ondoren, ikasleak. “Inoiz ez zitzaidan bururatuko halako segregazio eta gatazka bortitzak biziko nituenik, eta bi egoera horiek bakearen aldeko aktibista sozial gisa biziko nituenik”, egiten du gogoeta ia hamarkada bat geroago. “Gaur egun indarkeriarik gabeko erresistentzia zibilaren garaia gerrak eztanda egin aurreko hamarkadarekin lotzen den arren, erresistentzia askoz lehenago hasi zen, nik hamar bat urte nituela. Protesten artean hazi ginen, mota eta maila guztietako protestak ziren, baina etengabeko protesten artean hazi ginen”, gogoratzen du, bere belaunaldi osoa aipatuz.

Indarkeriarik gabeko erresistentzia-mugimenduan parte hartzea

1990eko hamarkadaren hasierarako itxuratzen hasia zen indarkeriarik gabeko erresistentzia zibilaren mugimendua. Meatzariek hilabeteetako itxialdia egin zuten Trepça-ko meatzetan segregazioaren aurka protestatzeko. Segregazioak, izan ere, alderdi politikoan ez ezik, haien lanetan ere eragiten zuen, meatzeen kudeaketa serbiarren eskuetatik serbo-kosovarren eskuetara aldatu baitzen. Geroxeago, ikasleen protestak ere gehitu ziren, unibertsitatekoak batik bat, Milosevicek hartutako neurrietako bat ikastegi eta zentro akademiko guztiak albano-kosovarrentzat ixtea izan zen. “Ezinezkoa zen ezer gertatuko ez balitz bezala jardutea. Nire gurasoen belaunaldi osoa lanik gabe geratzen ari zen. Hilabete gutxian, herritar albano-kosovar ia denak lanik gabe zeuden, eta lanpostuari eutsi ziotenak albano-kosovarren aldeko kausaren traidore edo desleialtzat jotzen ziren. Bestalde, familia batzuek bazuten aukera seme-alabak atzerrira ikastera bidaltzeko. Salbuespenak ziren, baina, oro har, albano-kosovar gehienak lanik gabe geratu ziren goizetik gauera eta, ondorioz, bizitzeko baliabide oso gutxirekin”.

Testuinguru horretan, Kosovoko Liga Demokratikoa (LDK) –lurraldeko alderdi politiko garrantzitsuena, 1989an sortua, Berlingo Harresia erori ondoren, eta Alderdi Komunistatik harago, alderdi politikoen sorrera ahalbidetzen hasi zenean– indarkeriarik gabeko erresistentzia mugimendua itxuratzen hasi zen.  Hainbat sektorek indartu zuten aukera hori lurraldean serbiarrek eragiten zuten presioaren aurrean, eta alderdia sortzeak eta lurralde osoan hedatzeak, erresistentzia zibilarekin zuzenean identifikatzea ahalbidetu zuen. Hauteskunde klandestinoak egin ziren, eta gobernu paraleloa sortu zen (Kosovoren independentzia aldarrikatu zuena 1991ean, haren aldeko erreferenduma egin ostean), bai eta hezkuntza-sistema, osasun-sistema eta zerga-sistema propio paraleloak ere, mugimenduari eta estatu paraleloari ekonomikoki eusteko. “Seme-alabak atzerrira bidaltzeko dirurik ez zuten familietakoak ginenek hezkuntza-sistema paralelo horretan jarraitu genituen ikasketak. Niri, egia esan, ez zitzaidan inoiz gustatu. Eskola klandestinoetan ikasten genuen, irakasleek eta zenbait familiak xede horretarako utzitako sotoetan. Soto horiek lepo eginda zeuden, eta irakasleek ahal zutena egiten zuten, baliabiderik gabe. Baina, hala ere, denek ezin izan zituzten ikasketak amaitu. Ezin zenuen, esaterako, medikuntza, arkitektura, elektromagnetika eta halakorik ikasten jarraitu, ez genuelako horretarako baliabide materialik. Hala ere, milaka ikaslek jarraitu genituen ikasketak baldintza haietan”, kontatzen du.

Aldi berean, mutil gazteak eta gizonak atzerrira joaten hasi ziren; Mendebaldeko Europara eta Amerikako Estatu Batuetara. Bi helburu zituzten: Jugoslaviako armadak atxikitzea saihestea, alde batetik, haietako asko hilkutxatan itzultzen zirelako etxera; eta bestetik, familiei lagundu ahal izateko lan egitea.  “Indarkeriaren intentsitatea aldatzen joan zen 1990eko lehenengo hamarkadan. Gerra hasi zen Eslovenian, gero Kroazian, ondoren Bosnian, eta gu zain. Zain geunden, bi aukeretako baten zain, hain zuzen: une batetik bestera Kosovon ere lehertuko zelako, edo atzeratzen joango zelako egoera jasangaitza izan arte. Bagenekien gerra haietan zer gertatzen ari zen, baina jende askorentzat ezinezkoa zen gertaera haiekiko interesa ere erakustea, bizi genuen egoera lazgarria zelako".

Gizarte zibila indarrez piztu zen Bosniako gerraren testuinguruan. Ikasleen eta emakumeen zenbait ekimen, esaterako, egoera salatzeko protestak antolatzen hasi ziren; bi ikuspegirekin: Jugoslavia hartzen zuen ikuspegi orokorra, alde batetik, eta Kosovo hartzen zuen tokiko ikuspegia, bestetik. “Zer egin genuen… Bada, ekimenak antolatu genituen gatazka areagotzea eragozteari arreta jartzeko, eta egoerak txarrera eginez gero, hemen ere zer gerta zitekeen ikusarazteko. Orain, atzera begiratzen dudanean, ezinezkoa zela ikusten dut. Finean, bagenekien guk ere prozesu berbera bizi izan beharko genuela", aitortzen du. Ibrahim Rugovak, LDKko liderrak, indarkeriarik gabeko jarrera indartu zuen, eta halaxe helarazi zion gizarteari: “gogoan dut Rugovak esaten zuela: ’pazientzia izan, dena konponduko da'. Orain konturatzen naiz ez zeukala Serbia moduko etsai bat borrokatzeko gaitasunik. Berak ikusten zuen, gainerako guztiek orain ikusten dugun bezala, gure ahultasuna antolakuntzarik eza zela. Eta hortik zetorren indarkeriarik gabeko mugimenduaren antolakuntzaren indarra eta, batez ere, diasporak mugimenduaren alde egiteko jarritakoa”. Hamarkada haren ezaugarria izan zen indarkeriarik gabeko erresistentzia-mugimendua indartzea; halaber, hamarkadaren amaieran, haren suntsitze azkarra. “Hildakoak gertatzen ziren bakoitzean hainbat protesta antolatzen ziren: manifestazio jendetsuak, protesta-ekitaldi xumeagoak, desobedientzia zibileko ekintzak. Gauza bat ikusten zen oso argi: herritar albano-kosovarrak etengabe zapalduta zeudela, eta beharrezkoa zela borrokatzea. Ordura arte, borroka hori indarkeriarik gabeko borrokarekin identifikatzen zen. Testuinguru horretan hasi ziren ibilaldi jendetsuak ere, gertatzen ari ziren hilketengatik protesta egiteko. Hainbat modutan ahalegindu ginen, 1997 ingurura arte”.

Hiriko emakumea

Ahmetaj zintzoa da: “Hiriko emakume baten ikuspuntutik mintzo naiz; nire familia liberala eta hezia da". Horrekin aipatu nahi ditu, batez ere 1990eko hamarkadan, nolabaiteko hezkuntza jaso zuten eta etxetik kanpo (batez ere Pristinan, hiriburuan) ere lan egiten zuten emakumeen eta landa-eremuetako emakumeen artean zeuden ezberdintasunak; azken horiek ez zuten hezkuntza-sisteman sartzeko aukerarik izan, eta ez zuten familia-espazio pribatua uzteko aukerarik ere. “Aipatu nahi dut beharrezkoa delako kontuan hartzea. Ez geunden egoera berean gu eta haiek”. Hala, bada, gatazka lehenago iritsi zen landa-eremuetara, eta indarkeria ere are gogorragoa zen eremu hartan. Artean, gizarte albano-kosovarra gizarte patriarkal eta iragazgaitza –zentzu guztietan– zen arren, hiri-eremuen eta landa-eremuen arteko ezberdintasunak oso agerikoak ziren. Landa-eremuetako oso emakume gutxik zuen hezkuntzarako aukera. Emakume askorentzat, familiaren etxea uztea pentsaezina zen, familiako gizon batek lagunduta ez bazen. “Beste udalerri batzuetako zenbait emakumek bat egiten zuten Pristinako protesta eta manifestazioekin, baina gutxiago ziren”. Ahmetaj-ek horren inguruko gogoeta egin du: “egia da Anton Cetta irakasleak hasitako adiskidetzearen aldeko mugimenduaren bitartez lurralde osoko emakume asko espazio publikoan parte hartzen hasi zirela". Adiskidetzearen aldeko mugimendua indarkeriarik gabeko erresistentzia-mugimenduaren batasunari eutsi zion proiektu garrantzitsuenetako bat izan zen. Ehunka familia bizi ziren vendetten mehatxupean; odol-feudoak deitzen zitzaien. Horren oinarria Leke Dukagjini-ren Kodean oinarritutako Albaniako tradizioa zen: “begia begi truk, bizia bizi truk”. Horrela, familien ohorea babesten zen kanpoko mehatxuen aurrean; baina 1990eko hamarkadan, ehunka familia zeuden bertako kideren bat hilko zutelako mehatxupean, tradizio horri jarraikiz. Cettak abian jarri zuen adiskidetzearen aldeko mugimendua, odol-feudoak indargabetzeko. Urte gutxiren buruan, herritar albano-kosovarren batasunari lagundu zion dinamika hori desagertu egin zen. “Egia da emakume askok hartu zutela parte mugimendu horretan. Haietako asko, euren familien eta espazio pribatu eta familiarren iltzatzen zituzten tradizio patriarkalen kontra agertzen ziren, bide batez. Emakumeak, oro har, etengabe ari ziren bi mailatan borrokan: lehenik, familian eta etxe barruan; eta bigarrenik, nazioan. Nire kasuan, ordea, nazio maila soilik zegokidan; nik ez bainituen Kosovoko beste zenbait lekutan emakume gehienek izan zitzaketen arazo horiek”, aitortu du Ahmetajek. “Pristinan, esaterako, emakumeak borrokatu egin behar izan ziren LDKn parte hartu ahal izateko ere. Hala eta guztiz ere, han izan ziren une oro”.

Kontzientzia feministaren sorrera

"Aktibista eta gerra-krimenen ikertzaile ibilbidea Giza Eskubideen eta Askatasunaren Defentsarako Kontseiluan (Council for the Defense of Human Rights and Freedoms) hasi zen. 1989an sortutako erakundea zen, eta Kosovon gertatzen ari ziren giza eskubideen urraketa guztiak identifikatzea eta erregistratzea eta biktimei laguntzea zuen xede. Indarkeriarik gabeko erresistentzia-mugimenduaren gunetik hurbil zegoen, eta erakundeak lurralde osoan zituen kontaktuak, eta udalerri guztietan gertatzen zenari buruzko informazio zehatza jasotzen zuen. Denbora laburrean, indarkeriarik gabeko estrategiaren parte bihurtu zen Kontseilua ere: “gogoan dut berehala iristen ginela gertaeren lekura, eta biktimak eta inguruko pertsonak animatzen genituen indarkeria erabil ez zezaten, indarkeriarik gabeko jarrerari euts ziezaioten”.

Hala ere, lan gogorraren eta Belgraden eman behar izaten zituen aldien ondorioz, laguntza-sarea bilatu behar izan zuen. “Halaxe aurkitu nituen Beltzez Jantzitako Emakumeak”, gogoratzen du. “Nolabait, gorputzean pilatzen nuen estres guztia kanporatu behar nuen. Nire lanaren eraginez, gorputzean pilatzen zitzaidan energia negatibo guztia hustu behar nuen. Haiengandik asko ikasi nuen, baina ez hori bakarrik; Jugoslavia osoko egoera politikoari buruzko iritzia parteka nezakeen haiekin. Gertatzen zenari tarte bat aldenduta begira niezaiokeen, gertaerak beste ikuspegi batetik azter nitzakeen. Haiei esker indartu nuen nire bakezaletasuna eta nire aktibismo soziala. Inoiz ez nuen inolako indarkeriarik erabili, ezein zentzutan, baina Beltzez Jantzitako Emakumeen bitartez, nire bakezaletasun tinkatu egin zen. Eta horrekin batera, nire kontzientzia feminista ere bai”. Ahmetaj Beltzez Jantzitako Emakumeen sarean aktiboki parte hartzen zuten emakume kosovar gutxietako bat izan zen. “Lehen eskutik ikasi ahal izan nuen emakumeek nola bizitzen zituzten gatazkak, askotariko gatazkak, Bigarren Mundu Gerratik ordura arte. Bai eta nola bizi zuten gizarteen berreraikuntza, gerraosteko garaiak. Eta Balkanetako hainbat lekutatik zetozen askotariko emakumeen ezagutzaren bidez ikasi nuen. Belgradera Espainiatik, Italiatik, Jerusalemetik, New Yorketik, Erresuma Batutik, Holandatik, Egiptotik eta beste hainbat lekutatik ere iristen ziren. Mundu berri baterako atea ireki zitzaidan”.

"Orain konturatzen naiz aldibereko aktibismoa izan nuela. Kosovon lan egin eta protestetan parte hartzen nuen bitartean, Beltzez Jantzitako Emakumeen taldeko kide nintzen Belgraden, Milosevicen kontra protestan. Ezin sinestekoa zen Belgradeko hirigunean protestak antolatzea albanieraz idatzitako pankartekin; bakea nahi genuela adierazteko, edo emakume albaniarrak gure ahizpak zirela adierazteko. Urte haietan probokazio hutsa zen hura: jipoitu egiten gintuzten, mehatxatu… Baina ekarpenak egiten genituela eta ikasi egiten genuela ere sentitzen genuen, eta harro geunden egindakoaz”. Ahmetaj jakitun da, ordea, Beltzez Jantzitako Emakumeen kolektiboa osatzen zuten emakumeen artean –hain jatorri eta esperientzia ezberdinetakoak izanik– desadostasunak ere egon zitezkeela. “Hala ere, inoiz ez nintzen baztertuta sentitu albano-kosovarra izateagatik. Sarritan eztabaida gogorrak izaten genituen, oso eztabaida emozionalak, eta denek esaten genuen behar genuen guztia. Baina gure artean ez zegoen bestelako agendarik. Jarrera bateratua genuen: gu denak kaltetzen gintuen erregimena zen”.

Emakumeen protestak

Ahmetajek azpimarratu nahi du nola antzematen eta tratatzen zen emakumeen kontrako indarkeria Kosovon. “Garai hartan gustatzen ez zitzaidana da, eta oraindik ere ez zait gustatzen, emakumeen kontrako indarkeria nola tratatzen zen; etxeko indarkeria, batik bat. Hainbat indarkeria mota etengabekoak ziren: hezkuntzarako irispiderik eza, enplegurik eduki ezina, mugitzeko edo adierazteko askatasunik eza... Eta emakumeen kontrako etxeko indarkeria ere bai. Baina geroko uzten zen dena; bigarren edo hirugarren mailakoa zen, helburu nagusiaren aldean: erregimen serbiarraren kontrako eta Kosovoren independentziaren aldeko borroka. Gaur egun ere halaxe gertatzen da. Ez nuen gustuko orduan, eta orain ere ez”. Argi mintzo da: “nire ustez, maila guztietan lan egin behar da: ezin duzu esan, ‘OK mutilak, orain zuen emazteak jo eta jipoitu ditzakezue, gauza garrantzitsuagoak ditugu esku artean'. Hori zen Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) askok, emakumeez osatutakoek batez ere, zuten auzia: giza eskubideen defentsa eta emakumeen eskubideak. Baina ideia nagusia zen lehenik eta behin etsaiaren kontua ebatzi behar zela, eta ondoren, gainerako guztia. Jakina, ez genuen ondo lan egin, eta gaur egun oraindik, emakumeen kontrako etxeko indarkeriaren neurria izugarria da”, azaldu du.

Indarkeriarik eza vs. Borroka armatua

1997. urtez geroztik, gutxi gorabehera, eta aldi berean, Kosovoko Askapenerako Armada (ELK) sortzen joanak ziren. “Hori ez genekien. Orain, atzera begiratzean, ikus dezakegu diasporan eratu zela luzaroan; eta bitartean gu, hemen, ahal genuen guztia egiten ari ginen: erreakzionatzen, funtsean. Haren ikuspegia zen ez genuela ezer lortuko bide baketsuetatik. Egun batetik bestera, etsipena eta nahasmena gailendu ziren gizarte osoan. Gu, gizon eta emakumeok, protestan ari ginen eta polizia serbiarrak fisiko eta psikologikoki suntsitzen gintuen bitartean, gure batasuna eta gure arteko elkartasuna urratzen ari ziren, eta ELK Kosovoko erdigunean agertu zen, egoera larrien zen lekuan. Etsigarria izan zen. Etsigarria eta nahasgarria. Egoera nahasgarria zen; izan ere, inork ez zekien nor ziren, zer egiteko asmoa zuten, zergatik agertu ziren une hartan, zer gertatuko zen indarkeriarik gabeko erresistentzia zibilarekin… Oro har, herritarrak shock egoeran zeuden, erabat. Baina, beste alde batetik, sentipen baikor bat ere bagenuen. Askok pentsatu genuen, ‘ondo, orain Serbiak ikusiko du beste indar bat ere badela’”, azaldu du. Gogoratzen du herritar asko jakitun zela –batez ere urteak aurrera joan ahala– ezinezkoa izango zela gerra saihestea edo herritar albano-kosovarren helburuak nazioarteko inolako laguntzarik gabe lortzea. “Edonola ere”, dio, "nahiago dut nire aktibismo sozialari begiratu; izan ere, 1997tik aurrera, eta gizarte zibileko emakume naizen aldetik, gerra krimenak ikertzen aritu naiz. Kosovon ez ezik, herrialde osoan jardun dut".

Garai hartan sortu ziren emakumeen lehenengo erakundeak, eta aktiboki parte hartzen hasi ziren lurralde osoan emakumeen eskubideen alde. Kausa beraren alde, ibilaldi eta protesta propioak ere antolatu zituzten. “Ondo gogoan dut Drenican antolatu zen ibilaldia. Milaka emakumek hartu genuen parte. Gutako bakoitzak, kiloko ogi barra bana generaman”. Ibilaldi hura hainbat aktibista feministak antolatu zuten Drenican, Kosovo erdialdean, gertatzen ari zena ikusarazteko. Drenican, agertua zen, jadanik, ELK eta armada serbiarraren erasoak etengabeak ziren. Nazioarteko arreta lurraldean gertatzen ari zen guztiak jartzea zen helburua; baina, aldi berean, emakume kosovarren egoera ere erdigunean jartzea. “Mezuaren baitan, erakutsi nahi genien Drenicako herritarrei haiengan pentsatzen genuela, haiekin bat egiten genuela, eta janaria helaraziko geniela. Helburua zen Pristinatik Skenderajera oinez joatea, baina debekatu egin ziguten. Ibilaldi hura Fushë Kosovë (Pristinaren mugakide) udalerriraino soilik iritsi zen. Poliziak geldiarazi egin gintuen. Baina mezua indartsua izan zen”. Eta, bai, lehenengo komunikabideak gatazkara erakartzea lortu zuen. Ez indarkeriarik gabeko erresistentziak ez ELKk lortu ez zutena.

1998erako, egoera guztiz kontrolik gabe zegoen; ELK indartu egin zen baina gizarte zibila indarkeriarik gabeko erresistentzia zibileko mugimenduan konfiantza galtzen ari zen. “Beldurrak ahituta geunden. Gertatzen ari zen guztiarekin izututa. Aldaketaren bat gertatzeko zain geunden, eta, bitartean, gizarte zibila –eta garai hartan zeuden GKE gutxi batzuk– laguntza humanitarioa ematen aritu ginen. Gizarte-zerbitzuek –paraestatalak– lege-laguntza eta laguntza psikologikoa eskaintzen zuten, baina ezin genuen askoz gehiago egin: informazioa bildu, inguruan gertatzen ari zena helarazi, eta gutxi gehiago. ELK agertu izanak lekuz kanpo utzi gintuen. Hasieran, oso nahasita geunden. Baina gero konturatu ginen modu horizontalean, lurralde osoan zehar antolatutako sare bat zela, eta poztu egin ginen, hein batean, gurekin zeudelako. Ez geunden lasai, bagenekielako armada serbiarra oso indartsua zela sare horren aldean. Baina gatazka; hobe esanda, gerra, erabateko suntsipenera iritsia zen: gero eta hilketa gehiago, sarraskiak… Konturatu ginen ez zegoela atzera egiteko aukera bakar bat ere. ELK han zen, baina hilketak sarraski bihurtu ziren, eta herritar gehienak ihes eginak ziren, edo euren etxeetatik egotzi zituzten. Une batean, bonbardaketaren (NATOrena) une iristea nahi genuen denek. Emakumeek eta gizonek. Bonbardaketaren ondoren Bosnian zer gertatu zen jakin arren; bonbardaketekin gehien sufritu zutenak herritarrak izan zirela jakin arren. Egoera muturrekoa zen, batez ere 1999aren hasieran, Reçakeko sarraskiaren ondoren. Hain zen muturrekoa, ezen gehienen pentsamendua zen ‘bizirik edo hilda, bonbardaketa behar dugu’. Ezin genuen gehiago. Etsiak hartuta geunden”. Gogoan du, garai hartan, gizarte zibila bera ere NATOren nazioarteko interbentzioaren alde zegoela: “beste edozein sektore bezain interbentzioaren-aldeko ginen. Egoera pentsaezina zen. Gogoan ditut adiskideekin izandako eztabaidak. Jakitun ginen interbentzio posible batek zer-nolako sufrimendua ekarriko zigun. Bosniako esperientziagatik genekien. Baina egoera muturrekoa zen”. Bere laneko hainbat bizipen gogoratu ditu: “Lurraldearen mendebaldean, Deçanen, Pejatik hurbil, armada serbiarra eta ELK borrokatzen ziren bitartean, herritarrek ihes egin zuten euren etxeetatik. Traktoreetan, soinean zeramatzatena besterik ez. Emakume nagusiek negarrez kontatzen zuten egoera. Inoiz ez ditut hitz hauek ahaztuko: ‘Bizi izan ditugu gerrak lehendik ere, Bigarren Mundu Gerra eta eskualdeko beste gerra batzuk ere, baina hau izugarria da. Ematen duten tratua ez da gizaki batengandik beste batenganakoa, emakumeak bortxatzen dituzte, haurrak hiltzen dituzte, haurdun dauden emakumeak eta pertsona helduak ere bai’. Emakume haiek hobeto ezagutzen zuten Genevako hitzarmena, alde batean zein bestean borrokatzen ziren gizonek baino. Beste emakume bat ere gogoratzen dut, galdera hau egiten zuen: 'Zer nolako armada dira hauek? Bizi izan ditugun beste gerra batzuetan gizonak gizonen kontra borrokatzen ziren. Eta ez emakumeen kontra, haurren kontra, pertsona nagusien kontra’”.

Ahmetajek amorru handienaz gogoratzen duena ELKk hainbat hilabetez erabili zuen estrategia da: “Polizia serbiarra xaxatzen zuten erasoekin, eta gero erretiratu egiten ziren, mendietan ezkutatzen ziren. Emakumeak, pertsona nagusiak eta haurrak herrietan uzten zituzten, eta armada serbiarra iristen zenean, ez zuten inolako babesik, denari su ematen zioten. Nahita egiten zuten, bazekitelako heriotza gehiago eraginez gero nazioarteko erkidegoak esku hartuko zuela gatazkan. Gorrotatzen nuen jarrera hura. Ni landan nengoen, eta ikusten nuen gertatzen ari zena; ikusten nuen jendearen sufrimendua".

Inoiz geratu ez zen gizarte zibila

Ahmetaj zorrotza da horretan: “Gizarte zibila ez zen inoiz gelditu. Ez zion inoiz laguntzeari utzi. Inoiz ez. Askotariko pertsonen artean etengabeko eztabaidak izaten ziren, hemen eta han, baina inoiz ez ziren sartu beste talde edo erakunde batzuen zereginetan, batez ere emakumeenak baziren. Beti izan genuen harreman ona Serbiako, Bosniako eta Kosovoko emakumeekin; bai eta Mazedonia, Montenegro, Eslovenia eta Kroaziakoekin ere. Gainera, gizarte zibileko emakume aktibisten arteko harremana ez ezik, emakume politikoen arteko harremana ere bazen”. Azpimarratzen du Giza Eskubideen alorreko aktibista eta ikertzaile gisa izandako ibilbidean ikasitakoa: “Batzuetan, gatazka positiboa izaten zen, zure burua ebaluatu, eboluzionatu eta eraikitzaileagoa izateko aukera ematen zizulako. Batez ere, bizi genuen egoera kontuan hartuta. Horrela hazi nintzen eta ikasi egin nuen. Eta ez naiz damutzen askotariko jendearekin –bai eta Belgraden edo Serbiako beste leku batzuetan ere– izandako eztabaidez, oso eztabaida emozionalak izan arren. Horrela ikasten baitugu gure burua ulertzen; horrela ikasten dugu bizi dugun gizartea ulertzen; gure buruari eta bizi garen komunitateei begiratzen. Beste begi eta bestelako ikuspuntuetatik. Ariketa horrek alderdi positiboak eta alderdi negatiboak ikustea ahalbidetzen dizu; eta jarrera biktimista batetik harago joatea errazagoa da. Inoiz ez baitut rol hori gustuko izan. Lagundu egin zidan horrek, asko. Hitz egiten lagundu zidan. Baina ez dut inoiz gustuko izan”.

Serbiaren independentzia

1999an, azkenean, NATOk gatazkan esku hartu zuen. Hiru hilabete inguruan, martxo eta ekain artean, serbiarren posizioak bonbardatu zituzten, bai Kosovon, bai Serbian. Indar serbiarrak ekainean hasi ziren erretiratzen, eta Kosovo UNOren agindupean geratu zen, baina linbo moduko batean: Segurtasun Kontseiluaren 1244 Ebazpenak eskumena ematen zion UNMIKi (UNOren Misioa Kosovorako) lurraldea kudeatzeko, baina lurralde hura Serbiaren parte gisa identifikatzen jarraitzen zuen. 2008ko otsailean, Kosovok aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen eta Amerikako Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua eta Frantzia alde izan zituen berehala. “Independentzia-aldarrikapena irudipen bat baino ez zen izan”, azaldu du Ahmetajek “Denek uste genuen independentziak aldaketak ekarriko zituela: lana, segurtasun handiagoa… Bai zera. Segurtasunik eza, lan gutxiago eta desio gehiago. Independentzia aldarrikatu eta urteak igarota, aldaketa txiki batzuk besterik ezin dira egiaztatu”. Ahmetajek berak, Pristinan jaioa izanik, gerraurreko egoeraren eta interbentzio-osteko egoeraren arteko aldeak zein diren egiazta dezake: “Beti eduki izan dugu elektrizitatea hemen. Beti eduki izan dugu edateko ura; inoiz ez genuen ur- edo elektrizitate-hornikuntzaren etenik izan; zarama egunero jasotzen zen, ez zegoen orain dagoen zikinkeriarik, ez eta pentsatu ere”. Eta gogora ekarri du aurreko belaunaldiek antzinako Jugoslaviari buruz duten irudia ere: “Jende askok gogoratzen du nolakoa zen Titoren garaia; Jugoslaviaren urrezko garaia. Gizarte segurantza askoz hobea zen, lana bazegoen, hezkuntza ere bai, kalitateko osasun publikoa… Orain, gastuak ordaintzerik ez baduzu, ezin zara ospitalera joan. Ez duzu mediku-asegururik, ez duzu lanik eta dagoen lan apurra ez da kontratupeko lana. Soldatak ere oso txikiak dira. Bizirik irautea, bizirik irautea bera, oso zaila da. Horregatik, beti ahalegintzen naiz gerra aurreko Pristina eta gerra osteko Pristina bereizten. Ez daukalako zerikusirik batek bestearekin”.

“Oro har, herritarrak gogaituta daude egoera politikoaren mende egon behar izateaz. Politikan ez pentsatzeko irrikaz gaude; baina ez dugu besterik. Politikak arnasa galarazten digu. Jendeak bizimodu hobea besterik ez du nahi: oparotasun ekonomikoa eta lana. Eta kito. Bai, jende gaztea aldaketarako aldartearekin ikusten dut. 'Nahikoa da, nahiko nazioarteko esperimentu eta nahiko ustelkeria izan dugu' adierazten duen aldartea. Alde edukiko naute. Gaur egun haiengan dut konfiantza osoa. Ez beste inorengan. Nire belaunaldiak izugarriak bizi izan ditu, eta oso nekatuta dago. Ahituta. Baina gazteek indarra dute. Eta horri esker nago hemen".

1. 2013 eta 2014 urteen artean, Pristinan, Kosovon, Nora Ahmetaj aktibistari egindako hainbat elkarrizketatan oinarrituta dago Itziar Mujikak landutako testu hau.