Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

"Insumisas"-ek film labur onenaren saria jaso du MujerDOC zinema-jaialdian, eta Kataluniako Impacte! eta Auserd-eko FiSahara zinema-jaialdietan emango dute

Data: 2024(e)ko Martxoak 20

Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental dokumentalak film labur onenaren saria jaso zuen joan den martxoaren 16an MujerDOC generoari buruzko zinema dokumentaleko nazioarteko zinema-jaialdian. Mujeres del Mundo GKEak eta Soriako Udalak antolatzen dute zinema-jaialdi hori, eta gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da azken urteotan, aldarrikapen feministen inguruko zinema dokumentalari buruzko nazioarteko erreferentzia-gune gisa.

Hurrengo asteetan, apirilaren 9tik 28ra, Impacte! Kataluniako zinema eta giza eskubideen jaialdian emango dute. Bartzelonan du egoitza eta, aldi berean, Kataluniako beste hiri batzuetan egiten da. Doako online programazioa du ere bai, eta bozkatzeko aukera dago.

Gainera, Insumisas FiSahara zinema-jaialdiaren hemezortzigarren edizioan egongo da, apirilaren 29tik maiatzaren 5era, Auserd-eko (Tinduf) errefuxiatuen kanpamentuan, «Eustea irabaztea da» goiburuarekin.

Insumisas zinema-jaialdi horietan egoteari esker, 2023an hasitako zirkuitu horretan hedatzen jarraitzen da. Kataluniako Transhumant eta Bilboko Cine Invisible Film Sozialak zinema-jaialdiek, adibidez, aipamen berezi bana egin zioten urrian dokumentalari.

Aipamen horiez gain, hauek ere jaso ditu filmak: irailean, Sucreko (Bolivia) Giza Eskubideen Nazioarteko Jaialdiaren hemeretzigarren edizioan lortutako aipamena, Historias en Kilometros Zinema Komunitarioaren Nazioarteko Jaialdian (Kolonbia), «Bakea, Memoria eta Adiskidetzea» kategorian, jasotako film labur onenaren saria, eta film labur onenaren saria Berlingo (Alemania) Courage Film Festival zinema-jaialdian. Saririk jaso ez bazuen ere, Málagako zinema-jaialdian ere eman zuten martxoaren hasieran, Espainiako zinemaren hitzordu enblematikoenetako batean.

Beste proiekzio batzuk

Aldi berean, Insumisasen proiekzio independenteak egiten jarraitzen dute, hainbat kolektibo eta erakundek antolatuta. Urte hasieraz geroztik, toki hauetan eman dute dokumentala: Katalunian (Bartzelona), Gaztela eta Leonen (Carrión de los Condes), Madrilgo Erkidegoan (Getafe, Madril eta Torrejón de Ardoz) eta Euskadin (Bilbo, Igorre, Ormaiztegi, Tolosa eta Zumaia), baita Seixalen (Portugal) eta, beste behin ere, Berlinen ere.

Apirilaren 24an, asteazkenean, Larrabetzun (Bizkaia) eta Laudion (Araba) proiektatuko da. Horrez gain, Mundubatek eta Cantabria por el Sáharak Kantabriako zenbait udalerritan antolatu dituzten ekitaldien programazioak aurrera jarraitzen du, eta, apirilean, proiekzio bat egingo da Castro Urdialesen. Emanaldi hauek ere programatuta daude jada: apirilean, Tenerifen eta Londresen eta, maiatzean, Castellón, Leitzan (Nafarroa) eta Madrilen. 

Borroka antikolonialerako eta munduko herri okupatu guztietarako garai gogorretan, Insumisasek inspiratu egiten gaitu, eta lotzen gaituzten zapalkuntzen aurka besoz beso borrokatzen jarraitzera bultzatu ere bai.


INFORMAZIO GEHIAGO:

Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental Laura Dauden brasildarrak eta Miguel Ángel Herrera kolonbiarrak elkarrekin egindako dokumentala da. Hegoa Institutuak egin du eta Forward Films etxeak produzitu du, Euskal Fondoa – Tokiko Euskal Lankidetza Erakundeen Elkartearen finantziazioarekin.
Dokumentala Gertatutako guztia argitan jarri (Hegoa, 2022) ikerketa-txostenean oinarritu da. Hala, sahararren giza eskubideen defendatzaileen lana erakusten du,  El Ghalia Djimi, Mina Baali, Soultana Khaya, Jadiyetu El Mohtar eta Omeima Mahmud defendatzaileen eskutik.
Brasilgo Leste estudioak egindako lau animazio-bloke ditu. Horietan Marokok emakumeen aurka erabilitako indarkerien larritasuna eta irismena erakusten dituzte, baita aktibista horiek beren herriaren eskubideen alde borrokatzeko erakusten duten indar etenezina ere.