Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Lege berriak aurrerapenak dakartza erakundeen arteko koordinazioan eta politiken koherentzian

Data: 2024(e)ko Martxoak 18

Otsailaren 29an, 3/2024 Legea argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: 3/2024 Legea, otsailaren 15ekoa, Lankidetzarakoa eta Elkartasunerakoa. EAEko administrazio publikoen lankidetzaren eta elkartasunaren arloko politiken araubide juridikoa ezartzea eta arautzea du xede. EAJren, PSE-EEren, EH Bilduren, Elkarrekin Podemos-IUren eta PPren babes handia izan du.

Legeak garrantzi politiko eta sozial handiagoa ematen die EAEko nazioarteko lankidetzarako ekimenei, eta EAEko GGKEek politika horiek bultzatzeko eragile gisa egin duten ibilbidea eta funtsezko zeregina aitortzen ditu. Era berean, aurreikus daitekeen aurrekontu bat eman nahi die politika horiei, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren % 0,7 garapenerako lankidetzara bideratzeko helbururantz aurrera egiteko beharra islatzen du.

Arauak aurrerapenak dakartza EAEko lankidetza publikoan diharduten erakunde-mailen koordinazioan, besteak beste, eta UPV/EHU lankidetza- eta elkartasun-eragiletzat hartzen du.

Lehentasunezko ikuspegitzat hartzen ditu giza eskubideen ikuspegia, ikuspegi feminista, ikuspegi lokal-globala, ikuspegi ekosoziala, lurralde-oinarriaren ikuspegia eta garapen jasangarrirako politiken koherentziaren ikuspegia. Azken horri, zehazki, bultzada espezifikoa ematen dio, eta aitortzen du garrantzitsua dela beste sail batzuetako politikak koherenteak izatea lankidetza-politikaren printzipioekin eta helburuekin.

Lehentasunezko gai batzuk ez dira behar beste ikusarazi. Gure gizarteetako politiken, egitura ekonomikoen, portaeren eta balioen inpaktuak, halaber, jasanezintasun-ezaren, bidegabekeriaren eta desberdinkerien –tokikoak zein globalak– jatorrian daude. Horregatik, desiragarria zatekeen gizartea eraldatzeko hezkuntzarekin konpromiso esplizituagoa izatea, gure gizarteetan hezteko, sentsibilizatzeko eta balio eta praktika alternatiboak sustatzeko ekintzen garrantzia indartzeko, lankidetzaren eta elkartasunaren helburuak lortze aldera.

Eragile berriei lankidetzaren lanean hasteko aukera emateak ere kezka sortzen du. Lankidetzaren garrantzi soziala areagotzeko beharraren eta lankidetza merkantilizatzeko arriskuaren arteko oreka bilatu behar da. Datozen urteetan ikuspegi kritikoari eutsi beharko zaio, elkartasun desinteresatua oinarri duen EAEko lankidetzaren bereizgarri izan diren printzipio eta ikuspegiak hutsaldu ez daitezen.

Bi urte baino gehiago eman dituzte legea egiteko prozesuan, Eusko Jaurlaritza buru zela, eta GGKEek eta gizarte zibileko beste erakunde batzuek parte hartu ahal izan dute. Hegoa Institutuak parte hartu du, Euskadiko GGKEen Koordinakundearekin, erakunde akademikoekin eta beste eragile batzuekin batera. Prozesua, ordea, ez da legean agortzen. Orain, politika administrazio publikoetan garatzea geratzen da. Partaidetza, beraz, oraindik ere beharrezkoa da EAEko lankidetza-politikei ekarpena egin ahal izateko, baldin eta horiek kalitatezkoak eta egonkorrak izatea eta aurrez aurre ditugun erronka nagusiei –tokikoak zein globalak– erantzun ahal izatea nahi badugu.


INFORMAZIO GEHIAGO: